INFO

Zelai erdia osatzeko zalantzak ditu Athleticek Bartzelonari aurre egiteko Kopan

Vesga deialditik kanpo geratu zen Valentzian eta Galarretak minarekin jokatu zuela onartu zuen Valverdek. Prados eta Herrera hamaikakoan sartu dira azken bi partidetan, eta Unai Gomezek maila ona eman du aulkitik atera denean.

Prados eta Herrera hamaikakoan sartu dira joan den asteko bi partidetan. (@AthleticClub)

Athleticek bolada onari amaiera eman zion Valentzian. Talde zuri-gorriak ez zuen bere maila eman, ez baitzen batere fin aritu erasoan. Asteazkenean porrota ahazteko aukera bikaina izango dute Kopan. Bartzelona hartuko dute San Mamesen final-laurdenetako kanporaketan.

Oroitzapen gazi-gozoak ekartzen ditu gogora talde kataluniarrak. 2020an zuri-gorriek aurrera egin zuten Iñaki Williamsek luzapenean egindako gol bati esker (1-0). 2022an ere irabazi egin zuen Athleticek, partida gogoangarri batekin (3-2). Kopako titulu gehien dituzten bi taldeak dira, eta azken urteetan Bartzelonak erraz gainditu ditu zuri-gorriak finaletan. Garaile atera ziren 2021ean, 2015ean, 2012an eta 2009an. Messi argentinararrarekin garaitezinak izan dira. Zuri-gorriak Kopatik at geratu ziren baita 2011an, 2016an eta 2017an talde kataluniarraren aurka. Kanporaketak bi partidatara jokatu ziren urte horietan.

Argi dagoena da ez dutela aurkari samurra izango. Iazko Ligako txapeldunak dira, eta hirugarren postuan sailkatuta helduko dira Bilbora. Real Madrilen kontra Superkopa galdu arren, ezin daiteke ukatu Bartzelonak oso talde ona daukala. Horren adibide, Betis gainditu dutela azken jardunaldian etxetik kanpo (2-4). Ferran Torresek hiru gol egin zituen.

Galarretak min hartuta jokatu zuen Valentzian. (@AthleticClub)
Galarretak min hartuta jokatu zuen Valentzian. (@AthleticClub)

Garaipenak indarra emango die kataluniarrei, eta Athleticek aurre egiten asmatu beharko du. Partida borobila egin beharko du, Atletico Madril San Mamesen gainditu zutenean bezala. Beñat Prados eta Ander Herrera zelairatu zituen Ernesto Valverdek norgehiagoka horretan. Maila bikaina eman zuten, eta azken bi partidetan -Alavesen kontra Kopan eta Valentziaren aurka, hain zuzen ere- hamaikakoan sartu dira. Ez dira gaizki aritu, baina taldeak igarri egin du azken hilabeteetan egindako ahalegina. Hamalau partida galdu gabe egon dira zuri-gorriak.

Jokatzeko moduan egon direnean, Vesga eta Galarreta hautatu izan ditu Valverdek. Erdilari gasteiztarra deialditik kanpo geratu zen Valentzian azken orduan. Entrenatzaileak azaldu zuenez, berak hartu zuen erabakia. Galarreta, aldiz, bigarren zatian zelairatu zuen, nahiz eta arazo fisikoekin egon. Vesgak eta Galarretak ez dute taldekideekin batera entrenatu gaur Lezaman, ezta De Marcosek ere.

Bartzelonaren aurka jokatzeko moduan ez badaude, Unai Gomez izan daiteke zelai erdia osatzeko beste aukera bat. Bermeoko gazteak beste erritmo bat ematen dio taldeari aulkitik ateratzen denean, eta bere kuraia oso baliagarria izan daiteke kataluniarrei aurre egiteko orduan.

Williams anaien zain eta Oyono

Nicok ez zuen partida on bat egin Valentzian. Lehen zatian Athleticen gol aukera argienak sortu arren, bigarrenean arazoak izan zituen Foulquierri gainditzeko. Gainera, min hartu zuen belaunean, eta Valverdek aldatu egin zuen. Nicok zelaian jarraitu zuen jasotako kolpearen ostean, eta badirudi jokatzeko prest egongo dela. Lezaman egindako goizeko entrenamenduan korrika egiten egon da.

Bestalde, Iñaki Williamsek Afrikako Kopako multzoen faseko azken norgehiagoka jokatuko du gaur. Ghanak garaipena behar du aurrera egiteko. Bestela, etxera itzuliko litzateke aurrelaria eta igandean, Cadizen, Ligako partida jokatzeko egon daiteke.

Azkenik, Onda Vasca irratiak ziurtatu duenez, Athleticek Igor Oyono aurrelari gaztea fitxatzeko saiakera egin du. Barakaldon jaioa 2008an, Vila-real taldearen harrobian ari da jokatzen. Esandakoaren arabera, sei urtetako kontratua eskaini dio talde zuri-gorriak. Barakaldon jokatzen hasi ondoren, Oyono 12 urterekin joan zen Vila-realera.

Nico Williamsek arazoak izan zituen Valentzian Foulquierri aurre egiteko. (@AthleticClub)
Nico Williamsek arazoak izan zituen Valentzian Foulquierri aurre egiteko. (@AthleticClub)