INFO

A Guardako arantza kentzeko, Malaga liderra jasotzea «erronka polita» da Bera Berarentzat

Granollerseko berdinketa eta A Guardako porrotaz ahazteko, mailarik onenean dagoen Malagaren aurka jokatzea «erronka polita» dela onartu du Bera Berako entrenatzaile Imanol Alvarezek. Larunbatean lehiatuko dira, Gascan, 19.00etatik aurrera. Donostiarrek andaluziarrek baina 2 puntu gutxiago daukate.

Emma Boada, Malagaren aurkako norgehiagokan, iazko denboraldian. (Jon URBE | FOKU)

«Emaitza txar bat jasotzetik, formarik onenean dagoen taldearen aurka lehiatzeko» unea iritsi zaio Bera Berari. Ligako zailtasunaz jakitun, azken bi jardunaldietan kamuts aritu dira donostiarrak. Gabon festen aurretik, Granollersen etxean berdindu egin zuten eta duela bi aste, urte berriko estreinako partidan, porrota ekarri zuten A Guardatik. Tartean, Elda Prestigioren aurka garaipen erraza batu zuten.

Imanol Alvarezen ustez, inoizko minuturik eskasenak jokatu zituzten Galizian eta onartu du, jokalariak gogoz daudela sentsazio horiek iraultzeko, «gure jendearen aurrean». «Erronka polita» dela adierazi du, mailarik onenean dagoen Malaga jasotzeak motibazio gehigarri bat ematen duelako, presioa baino gehiago.

«Ondo ari gara entrenatzen eta gai izango gara 60 minutuan lehiatzeko», ziurtatu du. Modu horretan, indarra jarri partida hasierako minutuetan eta aldageletatik bueltako lehen txanpa horretan. Iritzi du, Granollers eta A Guardan une horietan hasi zirela partida galtzen eta gero, korrontearen kontra arraun egitea egokitu zitzaiela, etxetik kanpo, horrek dakarren zailtasunarekin.

Eskubaloian klasikorik baldin badago, Malagaren aurkako norgehiagokek kutsu hori hartzen dute, bi taldeen maila altuagatik bai eta bien artean dagoen lehiakortasunarengatik ere. Superkopako finalean, penalti jaurtiketetan, eraman zuen garaipena Bera Berak eta aste batzuk beranduago, ligako jardunaldian, andaluziarrek mendekua hartu zuten (26-21).

«Azken urteetako partidarik gogorrenak» izaten dira Malagaren aurkakoak, esan du Imanolek Alvarezek. «Guretzako garrantzitsua izango da gure jendearen aurrean maila ematea, jendeari erakusteko taldea nola dagoen».

Bere ikuspegitik, «ondo» dago taldea. Gehienbat, defentsako lanetan konfiantza irabaztea falta zaiola iruditzen zaio. Hor egin behar dute indarra, defentsako lana hobetzean, alegia. «Erasoan taldea ondo ikusten dut, baloi gutxi galtzen ditugu, oso fidagarriak gara», azaldu du.

Malaga ligako sailkapeneko liderra da, 24 punturekin, donostiarrek baino bi gehiago. Bera Bera legez, bi partida soilik galdu ditu baina gainontzeko guztietan garaipen batu du –gipuzkoarrek, beste bi partida berdin dute–. Horrez gain, EHF European Leagueko multzoen fasean daude malagarrak eta jokatu dituzten hiru partidetatik bi irabazi dute, azkena aurreko asteburuan –29-26, Motherson Mosonmagyarovari-ren aurka–. «Beraiek gehiago lehiatu dira, gainera beste maila bateko partidetan, eginago daude, ez dakit horrek zerikusirik izango duen», aztertu du Alvarezek.

Marie Louis izan ezik –larriki lesionatu zen lehen itzulian–, gainontzeko guztiak jokatzeko moduan daudela adierazi du. «Elke [Karsten] eta June [Loidi] hasi dira entrenatzen eta partidan egongo dira», gaineratu du.