‘Energiaren puntua’ sortu du D2030 ekimenak, energia komunitateak sustatzeko bulegoa
Elgetan aurkeztu du Debagoiena 2030 ekimenak ‘Energiaren puntua’ bulegoa, energia komunitateak sustatzeko helburuarekin. Jada sortuta dauden energia komunitateei laguntzeko eta berriak sortzeko anbizioa du proiektu berri honek.
Energia komunitateen sustapenerako informazioa eta bidelaguntza eskaintzeko ‘Energiaren puntua’ sortu du Debagoiena 2030 ekimenak. Lau lan ildotan banatuko dute beren jarduna: online bulegoa, laborategia, ernamuina eta dibulgazioa zein ahalduntzea sustatzeko ekimenak.
Energia eredua aldatzea erronka handia da ekimenaren arabera, izan ere, Elena Herrarte D2030eko koordinatzaileak azaldu duenez, larrialdi klimatikoa eragiten duten faktoreen artean energia ereduarena da lehen mailako erronka: «Erregai fosiletatik dator kontsumitzen dugun energiaren zatirik handiena eta datozen urteetan kontsumitzen dugun energia murriztea eta erabiliko duguna berriztagarria izatea da helburua. Erronka horri erantzuteko tokiko energia komunitateek funtzio zentrala bete dezaketela sinistuta gaude».
Aurkezpenean adierazi dutenez, energiaren alorrean herri eta auzoen garapena eta herritarren parte-hartzea bultzatzeak izan behar du helburu, eta horretarako energia komunitateak dira bidea.
Lau lan ildo
‘Energiaren puntua’ izeneko bulegoak lau lan ildo nagusi izango ditu. Batetik, online bulegoa, interesa duten herritarrei galderak erantzuten laguntzeko balioko duena, eta energia komunitate berriei osaketa prozesuan lagunduko diena; dagoeneko martxan dago.
Bigarrenari ‘Laborategia’ jarri diote izena, eta energia komunitateen inguruan lanean dabiltzan eragileei bideratua dago; informazioa partekatzeko gunea izango da.
Energia komunitateen ordezkariek osatuko dute ‘Ernamuina’ izeneko gunea, eta beharrak identifikatu, konponbideak irudikatu eta elkarrekin erantzunak emateko espazioa izango da. Elgeta, Bergara, Leintz Bailarako Ekiola, Otxandio, Elorrio eta Errenteriako komunitate energetikoek osatzen dute, baita Eskoriatzan Energia Komunitatea lantzen dabilen taldeko kideek ere. Goiener, Mondragon Unibertsitatea eta D2030eko kideak ere badira ‘Ernamuinaren’ parte.
Eta laugarren ildoa dibulgazioarena eta ahalduntzearena da; sentsibilizaziora eta herritarren ahalduntzera bideratutako ekintza ezberdinak egingo direla lan ildo honen baitan aurreratu dute.
Debagoiena martxan
Bulegoaren aurkezpenean azaldu dute Debagoienan duela hiru urte hasi zirela energia komunitateen inguruan lanean. Elgetako Ixotzen, Bergarako Berener eta Leintz Bailara osoa hartzen duen Ekiola proiektuekin, hain zuzen ere. Eta horretaz gain, beste hiruzpalau energia komunitate berri sortze bidean daudela zehaztu zuten.
Bidean zailtasunak topatu dituzte, ordea. Lehen zailtasuna bideragarritasun ekonomikoarena izan ohi dela esan dute: «Komunitate txikiak izango dira gehienak, proiektu berriak garatzeko ahalmen gutxi izango dutenak. Ez badira elkartzen eta eskalako ekonomia lantzen hasten kosta egingo da». Eta bulegoa, besteak beste, horrelako arazoei konponbideak aurkitu eta laguntzeko sortu dutela gaineratu dute.