INFO

Migrazio Legean eztabaida handia piztu duten neurriak baztertu ditu Kontseilu Konstituzionalak

Frantziako Kontseilu Konstituzionalak, partzialki bada ere, Migrazio eta Asilo Legea zentsuratu du. Hala, lege egitasmoak jasotzen dituen 86 neurrietatik 35 atzera bota ditu. Eskuinaren bultzadapean Gobernuak onartu zituen hainbat kapitulu legetik kanpo utzi ditu goi erakundeak.

Kontseilu Konstituzionalak Migrazio Legeari buruzko deliberoa plazaratu du gaur, urtarrilaren 25an. (Ian LANGSDON | AFP)

Joan zen abenduan frantziar Senatuak, lehenik, eta ondoren Asanblea Nazionalak onartu zuten Migrazio eta Asiloari buruzko legearen gainean bere iritzia plazaratu du, gaur arratsaldean, Parisen, Kontseilu Konstituzionalak.

Goi erakundearen arabera lege egitasmo horrek jasotzen dituen hainbat neurri -32 orotara- ez datoz bat jatorrizko testuarekin.

Era berean, beste hiru neurrik Konstituzioarekin talka egiten dutela ondorioztatu du.

Horrendako, kasu gehien-gehienetan prozedura akatsa aldarrikatu ondoren, bertan behera utzi ditu Kontseilu Konstituzionalak eztabaida gehien piztu duten lege horren kapitulu gehienak.

Irizpide horrek bere garrantzia du, Kontseilu Konstituzionalak ez duelako adierazi legeak hala nola lurralde eskubidea murrizteko edo frantziar nazionalitatea duten herritarrei lehentasuna aitortzeko jasotzen dituen neurriek sarbiderik ez dutela Konstituzioan.

Hala, atzera bota ditu jatorrizko lege egitasmoak adierazitako helburuekin bat ez datozelako.

Horrek esan nahi du, teoria soilean, posible litzatekeela beste lege bat bultzatzea proposamen eztabaidagarri horiek aurrera eramateko.

Ciottiren ahulezia eta Darmaninen harrotasuna

Hain zuzen, aukera horri heldu dio, Kontseilu Konstituzionalaren ebazpena plazaratu eta berehala, neurri horien defendatzaile sutsua izan den Errepublikanoak (LR) alderdiko buru Eric Ciottik.

Era horretan, Kontseilu Konstituzionalak emandako ebazpenak bere alderdiaren posizioari eginiko kaltea saihestu nahi izan du Ciottik.

Edonola ere, ezkutaezina da legearen zati handi bat –86 neurrietatik 35– zentsuratu dituela goi erakundeak. Eta kasu gehienetan eskuinak testuari eginiko ekarpenak ere alboratu dituela.

Neurri horiek Barne ministroa den Gerald Darmaninek idatzitako testuan txertatzerik ez dagoela argudiatu du Kontseilu Konstituzionalak.

Horrendako, erabakia ezagutu eta berehala Gerald Darmaninek txalotu egin du Kontseilu Konstituzionalak «Gobernuak sustaturiko testua bere osotasunean aintzat hartu izana».

«Nehoiz testu batek ez du jaso hainbeste baliabide delitugileak kanporatzeko eta hainbeste exijentzia atzerritarrak integrarazteko» idatzi du Darmaninek X sare sozialean Kontseilu Konstituzionalak harturiko erabakiaren berri izan bezain pronto.

Era berean, jatorrizko lege egitasmoari eskuinak ezarritako hainbat kapituluk Kontseilu Konstituzionalaren aldetik jaso duten zentsura «aintzat hartuko duela» gaineratu du Darmaninek.

Legearen legitimitate eza salatu du ezkerrak

Oso bestelako iritzia azaldu du Manuel Bompardek. Frantzia Intsumituaren koordinatzailearen arabera, Kontseilu Konstituzionalak «legearen herena» zentsuratu ondoren egitasmoak «legitimitate osoa» galdu du eta, horren ondorioz, Gobernuak legea alboratu behar luke.

X sare sozialean Bompardek idatzi duenez, «legea guztiz kimatuta dago, ez du inolako legitimitatetik eta baztertua izan behar da».

Oposizioko ordezkariak gehitu duenez, bere ebazpen horretan «Macron ete Lepenen ameskeria arrazistak gure oinarri errepublikanoen kontra doazela» iradoki du Kontseilu Konstituzionalak.

Oroitu behar da legea Asanblea Nazionalean onartua izan zedin Errepublikanoak (LR) alderdiak gehitutako hainbat proposamen eztabaidagarri ontzat eman zituela Macronen aldeko gehiengoak.

Horri esker, azken unean eskuin muturraren babesa ere jasota, legea aurrera atera zen.

Are, Marine Le Penek bere alderdiaren garaipen bat bezala hartu zuen «paperik gabe» dauden herritarrak kanporatzeko prozedura azkartzea aurreikusten duen legea.

Era berean, eskuinak hala eskatuta, frantziar Estatuan bizi eta lan egiteko baldintzak zorroztera jo zuen Gobernuak, hala nola egitasmoak aurreikusten zituen kuoten sistema alboratuz.

Zer esan handia eman zuen, bestalde, «frantziar nazionalitatea» duten herritarrei «lehentasuna» emateko erabakiak, gizarte laguntzak jasotzeko orduan.

Edota frantses Estatuan bizi de atzerritar batekin elkartzeko familiako kide horri frantsesaren ezagutza exijitzeko asmoak. Baita frantses Estatura ikastera joaten diten ikasleek diru fidantza bat jartzeko erabakiak ere.

Horiek eta beste kapituluak kontuan harturik, azken berrogei urteetako legerik hertsiena onartu zuela Legebiltzarrak salatu zuten giza eskubideen defentsan jarduten duten elkarteek.

Hexoagono osoan zehar manifestazioak antolatu zituzten legea bertan behera utz zezatela eskatzeko.

Hala, joan zen igandean ehunka lagun bildu ziren Baionako karrikak zeharkatu zituen martxan.