INFO

Dozenaka erakundek Basterretxearen ondarearen sakontasuna gogoraraziko dute bere mendeurrenean

Nestor Basterretxeak 2024an ehun urte beteko lituzkeela aitzaki, 2025era arte hainbat jarduera eta erakusketa antolatu dituzte 20 erakunde baino gehiagok bere «ondarearen zabaltasuna eta sakontasuna gogorarazteko». Bere bizitza eta obrari buruzko informazioa bilduko duen webgunea irekiko dute.

20 erakunde baino gehiago elkartu dira Nestor Basterretxearen mendeurrenerako. (Endika PORTILLO | FOKU)

Erakusketekin, ikus-entzunezko programekin eta kultura- eta argitalpen-jarduerekin ospatuko dute, 20 erakunde baino gehiagoren elkarlanarekin, Nestor Basterretxea artista bermeotarraren mendeurrena. Datorren otsailaren 28an abiatuko da jarduera multzoa, Arte Ederren Bilboko Museoan ikusgai egongo den erakusketa batekin.

Sustatzailea Lakuako Gobernua da, koordinatzailea Artium Museoa eta kolaboratzaileak honako hauek dira: Gasteizko Parlamentua, Arabako Foru Aldundia, Arte Ederren Bilboko Museoa, Punto de Vista Zinemaldia, Jorge Oteiza Fundazio eta Museoa, Irungo Udala, Etxepare Euskal Institutua, Bermeoko Udala, Montehermoso Kulturunea, Gasteizko Udala, Makina Erreminta Museoa, Elias Querejeta Zine Eskola, Gipuzkoako Foru Aldundia, Euskadiko Filmategia, Donostia Zinemaldia, Tabakalera, Durangoko Arte eta Historia Museoa, Gerediaga Elkartea, Museum Cemento Rezola, San Telmo Museoa, Hondarribiako Udala eta Asparrengo Udala.

Arte Ederren Bilboko Museoaren ‘Nestor Basterretxea. Diseinua eta Arkitektura’ erakusketaren irekierarekin batera, Basterretxearen bizitzari eta obrari buruzko informazioa eta baliabideak bilduko dituen webgune bat jarriko dute abian. Bertatik, gainera, familiak Artium Museoari dohaintzan emandako artxibo baliotsuan sartu ahal izango da.

«Aniztasuna, konpromisoa eta gertutasuna»

Gorka Basterretxea artistaren semeak gertutik kolaboratu du mendeurrena atontzeko. Ostiral honetan Gasteizko Artium Museoan eskainitako prentsaurrekoan azaldu duenez, 2022ko amaieran jaso zuen sendiak Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren proposamena. Artiumek abiatutako lantaldearekin, prestatutako egitarauak «Basterretxea artista eta pertsona gisa definitzen dituzten hiru hitzak bildu ditu, aniztasuna, konpromisoa eta gertutasuna», semearen hitzetan.

Aurkezpenean, gainera, Basterretxea Irurzun seme-alabek aitaren bizitza laburbildu duen testu hunkigarria irakurri dute. Erakundeen ordezkarien artean Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua, Ramiro Gonzalez, Artium Fundazioaren patronatuko presidente gisa, eta Bakartxo Tejeria Gasteizko Legebiltzarreko presidentea izan dira.

Artista polifazetikoa izan zen Basterretxea eta altzariak diseinatu zituen ere. (Basterretxea Irurzun familia)

2025era arte

Egitaraua otsailaren 28an hasiko da Bilboko Arte Ederren Museoan, ‘Nestor Basterretxea. Diseinua eta arkitektura’ erakusketaren inaugurazioarekin, 1950eko hamarkadatik XXI. mendeko lehen hamarkadara esparru horretan egindako lanak ezagutarazteko.

Apirilean, Irungo Menchu Gal aretoak ‘Basterretxea Irunen (1957-1975)’ erakusketa aurkeztuko du, artistaren ekoizpen artistiko esperimentalean oinarrituta.

Maiatzaren 10etik aurrera, Gasteizen dagoen Artium Museoak ‘Basterretxea artxiboan’ erakusketarekin artistaren ekoizpen zinematografikoan sakonduko du ikuspegi dokumental batetik. Montehermoso Kulturunean ‘Euskal serie kosmogonikoa’ egongo da ikusgai ekainaren 27tik aurrera.

Azaroan, Durangoko Arte eta Historia Museoak ‘Nestor Basterretxea, diseinatzaile grafikoa eta ilustratzailea’ erakusketa eskainiko du eta Donostiako San Telmo Museoak ‘Bilduma baten loturak: Nestor Basterretxea eta San Telmo Museoa’ erakusketa.

Euskadiko Filmategiak, Elias Querejeta Zine-Eskolak eta Donostiako Zinemaldiak udazkenean Basterretxearen zeregin zinematografikoari buruzko lan monografiko bat argitaratuko dute.

Iruñeako Punto de Vista Jaialdiak eta Jorge Oteiza Museoak elkarlanean prestatuko dute ‘Nestor Basterretxea eta irudia’ ikus-entzunezko programa, martxoaren 16an museoan proiektatuko dena, eta Tabakalerak, Donostian, artistaren filmografia osoa proiektatuko du udazkenean garatuko den zinema ziklo batean.

Gasteizko Parlamentuak 2024an zehar ‘Haritz enblematiko bi mendeurren baterako: ‘Izaro’ eta ‘Gernikako arbolari omenaldia’’ izeneko jarduera-programa eskainiko du.

Etxepare Institutuak ekimenak garatuko ditu udazkenean Argentinako Amale Artetxe eta AEBetako Renoko Unibertsitateko Jon Bilbao katedretan.

Udazkenean, Elgoibarko Makina-Erremintaren Museoak ‘Makinari begira gu eta makinaren begitik gu’ izeneko sorkuntza lantegiak sustatuko ditu, eta ‘Operación H (1963). Industria artea Basterretxearen begiradan’ proiekzio eta solasaldia.

Era berean, Bermeo, Hondarribia eta Asparrenako udalek artistaren ibilbideari buruzko kultur aste bat eskainiko dute, agenda zabal batekin eta ‘Nestor lagunartean’ programarekin.