INFO

Artola eta Imazen sendotasunak Baikoren asteburu perfektua biribildu du (22-11)

Alegiarrak eta oiartzuarrak beste partida bikain bat osatu dute eta bete-betean dira bigarren posturako lehian, Ezkurdia eta Tolosa ia aukerarik gabe utzi ostean

Iñaki Artolak beste partida borobil bat jokatu du Tolosan. (Jon URBE/FOKU)

Asteburu honetan bete dira bost urte Baikok Asegarce izateari utzi eta izen berria hartu zuela eta hori ospatzeko edo, denbora tarte honetan sekula lortu ez duten pleno bat biribildu dute Artola-Imazek Ezkurdia-Tolosari nagusitasunez gailenduta. Estatistikak eta sailkapenak apurtzeko omen daude, baina zenbakiek gutxitan esaten dute gezurrik eta gaur Beotibarren txapelketako bikoterik sasoikoenak eta euren antipodetan den batek egin dute talka eta emaitza agerikoa izan da. Partida borobila jokatuta, alegiarrak eta oiartzuarrak zazpi partidetan euren seigarren partida irabazi dute, azken bostak jarraian eta jokoz, bigarren postua lehiatzeko moduan daudela berretsi dute.

Aurrean bezala atzean, Baikokoak Aspekoak baino askoz hobeak izan dira, baina zenbakiez ari garenez, Artolak eta Ezkurdiak inork baino hobeto adierazten dute bikote bakoitzaren momentua. Alegiarra bere aspaldiko unerik onenean da, binaka ere tantoak amaitzeko zuloak erraz ikusten ditu eta eraginkortasuna ere oso altua du, nahiz eta gaur akatsen bat ere batu, batez ere hasiera partean. Joseba Ezkurdia txanpon berearen beste aldea da gaur egun, saiatuagatik, tantoa amaitu ezinik jarraitzen, abiadura eta presa maiz nahasten ditu eta aspaldian etsia hartuta bezala ikusten dugu kantxan, batez ere gauzak okertzen direnean. Maiz esan dugu ezker gantxoa dela arbizuarraren termometrorik fidagarriena eta gaueko estatistikak ere argiak dira; tanto bakarra ere ez du sakandarrak airez asmatu, Iñaki Artolak 9 bildu dituen bitartean.

Eta hori partida hasiera itxaropentsua izan dela Aspekoentzat. Ezkurdia oso entxufatuta irten da eta boleaz min eginez, Artolari ezkerrez pilota gozatzea kosta zaion bitartean. 4-1 ere aurreratu dira beharrik handiena zuten pilotariak, baina ispilatze bat baino ez da izan eta berehala eman diote buelta Artola eta Imazek, oiartzuarrak egindako dejada eder batekin eta, batez ere, alegiarrak txokoan topatu duen zuloarekin.

Laineza hartuta

Laineza hartuta dabil Baikoko aurrelaria azkenaldian eta erraz ari da tantoa amaitzen, baina gaurkoan, pilotari efektua emanda, min ikaragarria egin dio goitik behera egin duen Joseba Ezkurdiari. Atzean ere pixkanaka-pixkanaka Ander Imaz Xabi Tolosari bizkarra erakusten hasi zaie, arbizuarrari jokoan sartzeko aukerak ere asko murriztuz eta gogoko pilota batekin –nahiz eta aukeraketan Aspekoek apartatutakoa izan– 10-0eko partzial batekin partida euren aldera ekarri dute nabarmen (5-12).

Alegiarrak intentzio osoz zabalera jotako sotamano batek txapa jota eten da urdinen bolada eta pilota biziago batekin, Ezkurdiak egin du modua markagailuan gerturatzeko (10-13), baina kantxan nabaria izan da Aspekoek askoz gehiago behar zutela tantoa amaitzeko.

Eta hori erabat nabarmendu da partidaren azken txanpan, non Baikoko bikote gipuzkoarra, konfiantzaz lepo, nahieran ibili den larriak hartuta egon diren Ezkurdia-Tolosaren aurka. Aurrean zein atzean, urdinak euren parekoa baino askoz gehiago izan dira eta ikusgarria izan da alegiarrak tantoak amaitzerakoan erakutsitako eraginkortasuna.Are gehiago Ezkurdiak erakutsitako ezinaren aurrean.

FITXA TEKNIKOA:

Ezkurdia-Tolosa:11
Artola-Imaz: 22

Pilotakadak: 516. Iraupena: 61,49 minutu. Markagailua: 2-0, 2-1, 4-1, 4-2, 5-2, 5-12, 8-12, 8-13, 10-13, 10-20, 11-20, 11-22. Sakeak: 0 Ezkurdiak eta 3 Artolak. Egindakoak: 3 Ezkurdiak, 1 Tolosak, 10 Artolak eta 3 Imazek. Galdutakoak: 5 Ezkurdiak, 1 Tolosak, 6 Artolak eta 1 Imazek. Gorabeherak: Sarrera bikaina baina betekadarik ez Tolosako Beotibar pilotalekuan. Lehen sakea gorri.