INFO

Sunbildar guztiak ados daude: gaur da egunik onena

Bizi osoko ohitura da jende aunitzentzat Sunbillako inauterietako desfilera joatea. Autoa herriaren kanpoaldean aparkatu, errepide bazterretik paseo bat emanez iritsi, eta 11 ezkilek bat egin dute altxaferoarekin. Ongi etorri ederra egin digute, jan-edana eskainiz eta, bereziki, bestan sarraraziz.


Sunbillako inauterietako orga desfilean lehendabiziko lana zerbait ikusteko zirrikitua topatzea izaten da, edo edozein altuera, jendetza pilatzen baita. Aurreneko karrozak Ulibeltzak elkartearen tortilla beroa dakar inauterizaleen artean banatzeko, bigarrenak etxeko hezur salda (haurtzarora eramaten gaituena, arraultze egosi puskekin, lehenagoko neguan ederki sartzen zena, baina oraingo beroarekin ere gustura edan duguna) eta hirugarrenak taloa gaztarekin, gaztainak eta ardoa. Nola ez dugu hartuko Malerreka alde honetara etortzeko ohitura!

Flamenkoa dantzatzen ari dira ‘Aupa Roxio’ izeneko hurrengo organ, eta hurrengoan erritu bat egiten tearen inguruan. Karrozarik ikusgarrienetakoa ‘Equipo A’ telesail zaharrarena da. 1972an Ameriketako Estatu Batuetan gertatutako istorio bat du oinarri. Itxura batean deusen errurik gabe atxilotu zituzten soldadu batzuk. Eskapo egin zuten kartzelatik, eta mertzenario gisa biziraun zuten.

Bada, ez dakit nola, barrote artean bukatu dugu guk ere. «Sartu paperean», gonbidatu gaituzte, eta ezin ezetz erran. Espetxean egin ditugu, hortaz, galderak, zerbeza botila multzo baten ondoko komuntxo baten gainean.

Hiru ordu intentso

Jon Iriarte sarjentuak kontatu digu 19 lagun direla eta bi kuadrilla juntatu direla ideia berezi hau aitzinera ateratzeko. Alde batetik istorioaren lau protagonista famatuak daude, bertzetik soldaduak, tartean kinto baldarra. Tankea eta autoa ere eraiki dituzte espetxeaz gain. Dena hiru asteburutan.

Karroza handia dute eta lanaz gain, dirua ere jarri dute. Desfileak irauten dituen hiru orduak intentsoak izaten dira haientzat eta ez dute zalantzarik balio duela esfortzuak. Parajea bera da ederra, berdea eta urdina, eta zentzumen guziekin dastatzeko modukoa da ibilbidea. Mendaur mendiaren babesean, harrizko zubi zahar batek batzen ditu Bidasoa ibaiaren bi aldeetako auzoak.

«Urteko egunik onena da, eta denek bizi beharko lukete halako egun bat», adierazi digu Fenix istorioko guapo eta txuloak, espetxera bisita egin digunean. Garai batean frontoian egiten zen ikuskizuna oroitu dugu. Itzela. «Zaila da mantentzea. Baina bada segida. Gure kasuan, gazte batzuk sartu dira gurekin».

Beraiek erre egiten dute karroza urtero inauteriak pasa eta gero, eta berritik hasten dira hurrengo urtean, oinarria bakarrik salbatzen dute, gurdia.

Sorginkerietan

Bertze gurdi txundigarri bat 20 sorginena da. Loreak maskararen gibeletik azaldu digunez, haiek ere lehenago erosi egiten zuten materiala baina gero birziklatzea erabaki zuten eta hala moldatzen dira orain. Bistan da emaitza ederrak lortzen dituztela. Sorgin erraldoi bat eraiki dute, burua aldez alde mugitzen duena. Haur ttikienek beldurra eta ilusioa aldi berean erakusten dituzten begiekin begiratzen diote.

Umeak kuadrillaren parte dira karroza honetan. Loreak baieztatu duenez, ederki egokitzen dira. Goxokiak banatzen dizkiete eta koreografia ttiki bat ere dantzatzen dute. Bilera bat egin zuten azaro bukaeran gaia erabakitzeko eta ilbeltzeko bi asteburutan gauzatu dute ideia.

Ali Baba eta 48 lapurren kobazuloa

Familien bertze orga bat Ali Babarena da. Kobazulotik ateratzen diren jeinuek zakutxoak banatzen dizkiete ttikiei. Txokolatezko txanponak eta bertzelako ezusteak dituzte barnean.

48 lagun, 48 lapur dira denera, eta hori baja aunitz egon direla katarroengatik. Maitek bertze mota bateko gurdia bultzatzen du, haur kotxea. Denek diote egunik onena gaur dela baina Maiterentzat ez; berak ortzirala du maiteago. «Gazteak eskean ateratzen dira eta emakumeon afaria egiten dugu. Ia 30 urte dira egiten dela. 16 urtetik gora, adin guztietakoak biltzen gara. Aurten 78 juntatu gara. Besta ederra egin dugu: bingoa, sorpresa eta dantzaldia».

Gustuko du inauteriak baino hilabete lehenago herrian sumatzen den giroa ere. Garajeetan jendea gurdiak prestatzen aritzen da, eta sentitzen den gogo hori berezia da.

Errandakoa, Maiterentzat ortzirala baina oro har sunbildarrentzat egunik onena gaur da. Gozatu!