INFO

Trans Legearen erreforma adostasun zabalarekin onartuko da Gasteizko Legebiltzarrean

Akordio batera heldu eta gero, EH Bilduk Gasteizko Parlamentuan Trans Legearen alde bozkatuko duela eman du jakitera. EAJ eta PSErekin adostea lortu du koalizioak, Elkarrekin Podemos-IUk ere bultzatu duen lege hau aurrera ateratzeko.

Giza Eskubide, Berdintasun eta Justizia Batzordea bildu da astearte honetan. (Gasteizko Legebiltzarra)

EAEko Trans Legearen erreforma Gasteizko Legebiltzarrean onartuko dute, adostasun zabalarekin. Izan ere, astearte honetan berretsi dute irizpena, Gobernua babesten duten bi taldeen (EAJ eta PSE), eta EH Bilduren eta Elkarrekin Podemos-IUren babesarekin.

EH Bilduk Trans Legearen aldeko botoa emango du Gasteizko Parlamentuan, jatorrizko testuan hainbat hobekuntza txertatzea adostu baitu EAJ eta PSErekin. «Akordio honekin trans pertsonen eskubideak hobeto defendatu eta bermatuko dira», adierazi du Ikoitz Arresek.

Hori izango da 2012ko legearen bigarren aldaketa. 2019an aldaketa garrantzitsu bat egin zen, eta, horri esker, transexualek gaixo gisa tratatzeari utzi zioten, eta beren sexu-identitatea egiazta dezakete, hori frogatzen duten txosten psikiatrikoak aurkeztu behar izan gabe, hori adierazte hutsarekin.

Legeak izango duen babes parlamentario zabala ere azpimarratu du Arresek. «Oso garrantzitsua da Legebiltzarrean adostasuna hain handia izatea eta jendarteari mezu argi bat bidaltzea, LGBT+fobiak eta transfobiak oso presente jarraitzen dutelako oraindik eta eskuin muturretik LGBT+ eta trans pertsonen kontrako gorroto diskurtsoak elikatzen eta areagotzen ari direlako».

Legea

Orain planteatutako erreforman jasotzen denez, Osakidetzak transexualitatearen arretarako gutxienez hiru zerbitzu izango ditu, bat lurralde bakoitzeko, lehen mailako arretaren barruan, eta legez bermatzen da osasun-prestazioen zorro bat, transen aldetik arreta integrala eta egokia jasotzeko eskubidea ziurtatzeko.

Gainera, adingabe transexualen kasuistika azpimarratzen da, eta jasotzen da eskubidea dutela entzunak izateko eta erabakiak hartzeko, beren sexu-identitateari dagokionez aplikatzen zaizkien neurri guztiei dagokienez.

Transexualitateak hezkuntza-sisteman duen tratamenduari buruzko kapitulu bat eskaintzen du legeak; izan ere, transexualak dauden ikastetxeetan hezkuntza-komunitate osoari prestakuntza eta aholkularitza egokia emateko betebeharra ezartzen du. Administrazio-dokumentazio guztia adingabearen sexu-identitatera ere egokituko da, eta uniformea janzteko betebeharra badago, nortasun horren arabera eramateko eskubidea aitortuko da.

Hobekuntzak

EH Bilduko legebiltzarkideak koalizioak legean txertatutako hobekuntzak nabarmendu ditu. Lehenik eta behin, «legeak trans pertsonei buruz hitz egingo du, definizio inklusibo bat eginez, transexual eta transgenero bezalako kontzeptuak gainditzen dituena». Halaber, «legeak trans pertsonen eta mugimenduaren memoria berreskuratzeko eta zabaltzeko egun bat izendatzea jasoko du, bai eta aitortza eta oroimen espazioak sortzea ere».

EH Bilduk egindako ekarpenen artean, Arresek azpimarratu du legeak «lan hitzarmenetan klausulak txertatzea» ere bultzatuko duela, «enplegu arloan, pribatuan zein publikoan, trans pertsonen diskriminazioa saihesteko».

Gainera, «gizarte-zerbitzuen hasierako esku-hartzea aurreikusiko du, familietan gatazka edota sufrimendu egoerak gertatuz gero, adin txikiko trans pertsonen aitortza dela eta». Azkenik, «legeak pertsona intersexualen errealitatea ere jasoko du, eta mutilazioa eta genitalen aldaketa debekatu ditu, bai eta intersexualentzat kaltegarriak diren beste prozedura mediku batzuk ere».

Haur eta Nerabeen Legea

Bestalde, Haur eta Nerabeen Legeak Plenoan bozkatu aurreko azken tramitea gainditu du gaur Gasteizko Parlamentuan, batzordean EAJ, PSE, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos-IU taldeen sostengua jaso baitu. PPk abstentziora jo du.

Bozketa hau EAJk eta PSEk EH Bildurekin eta Elkarrekin Podemos-IUrekin akordio banara heldu ziren legea aurrera ateratzeko.

Orain arte, PPk ez zuen lege honen gainean izango zuen jarrerari buruz ezer esan. Gaur, abstsentziora jo duela jakin da. Alderdi honen arabera, badira gauza positiboak (lege desberdinetan dauden arauak bildu izana, adibidez) baina baita negatiboak ere (nahasmena), Laura Garridok azaldu duenez.

EAJko Eva Juez eta PSEko Gloria Sanchezek, berriz, lege honen garrantzia nabarmendu dute «oinarri zabala» duelako. Dena den, berandu xamar heldu dela onartu dute.

EH Bilduko Eraitz Saez de Egilazentzat legeak adingabekoen interesak bermatzen ditu eta eskubideen jabetzat jotzen ditu.

Elkarrekin Podemos-IUko Isa Gonzalezentzat legea «estrategikoa» da, nahiz eta gai zenbaiti heldu ez dion.

Lankidetza eta Elkartasunerako Lege proiektua

Modu berean, Lankidetza eta Elkartasunerako Lege proiektua onartu da, EH Bilduren eta Elkarrekin Podemos-IUren babesarekin. Izan ere, EAJren eta PSEren Gobernuak talde horiekin adostu zuen testua, eta PPk ere aldeko botoa eman du.

Giza Eskubide, Berdintasun eta Justizia Batzordeak gaur bozkatu du lege horren irizpena, eta, horrenbestez, testuak gainditu egin du Legebiltzarraren azken izapidea, osoko bilkuran onartu aurretik, ia aho batez babestuta (Vox eta Cs taldeak osatutako talde mistoa ez da bileran izan).

Ezkerreko bi koalizioek aldeko botoa emango zutela iragarri zuten, ennienda asko sartu edo aldatu ostean, eta babes horrekin bat egin du astearte honetan PPk. Carmelo Barriok defendatu du beharrezkoa dela 2007tik indarrean dagoen legea eguneratzea, eta lan ona egin dela uste du.