INFO

Ibon Arrizabalaga de Mingo da Bai Euskarari Elkartearen zuzendari berria

Bai Euskarari proiektua utzi du orain arte zuzendari izan den Rober Gutierrezek eta haren lekua hartu du Ibon Arrizabalaga de Mingok (Orio, 1973). Arte Ederretan lizentziatua, azken 20 urteetan hezkidetza, sexu hezkuntza eta tratu onen kultura ardatz dituen Arremanitz kooperatibako kide izan da.

Ibon Arrizabalaga de Mingo da Bai Euskarari Elkartearen zuzendari berria. (BAI EUSKARARI ELKARTEA)

Bai Euskarari Elkartea zuzentzeko erronka «pozik eta arduraz» hartu du Ibon Arrizabalaga de Mingo oriotarrak. Arte Ederretan lizentziatu, eta gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren ildoa jorratzea erabaki zuen, batez ere gizonak aktibatzeko eta gizon taldeak sortzeko asmoarekin. Berdintasun masterra egin zuen eta 20 urtez aritu da horretan, hasieran autonomo bezala eta 2010etik aurrera Arremanitz kooperatiba sortuta Edurne Mendizabal eta Asier Bagliettorekin batera. Hezkidetza, sexu hezkuntza eta tratu onen kultura uztartuta hainbat proiektu garatu dituzte.

Eragitea da lanera eraman duten zioetako bat eta Bai Euskarari Elkartean horretarako aukera izango du. «Euskara hasieratik egon da nire interes eta pasioen artean. Elkartearen beste balio bat ausardia da eta iruditzen zait horixe ez zaidala falta izan nire ibilbidean. Elkarlanean eta gertu aritzea ere Arremanitzen gure egunerokoaren parte izan dira», adierazi du.

«Lan eta bizi euskaraz» leloa bere egiten du

Esparruz aldatu du, baina oso giro gertukoa sentitzen du: «Hau da nik nahi dudana. ‘Lan eta bizi euskaraz’ da elkartearen leloa eta nire leloa ere horixe da. Ez dut lan egin nahi euskaraz ez den modu batean eta, gainera, euskaraz bizi nahi badugu, ezinbestekoa izango da lan mundua euskalduntzea».

Emozioz betetako egunak izan dira kargua hartu ondokoak. Orain arteko zuzendariak, Rober Gutierrezek, eta lantalde osoak harrera «ezin hobea» egin diote. «Batez ere esker ona eta ardura sentitzen ditut. Sekulako lana egin da orain arte, eta topatzen dudan etxea txukun dago. Ez da sekulako eraldaketa egin behar. Jarraipena ematea behar du, ondo dabilena ez ukitu eta ahal dela, denborarekin, pixka bat hobetu aspektu batzuetan. Esker ona besterik ez daukat. Eta ardura».

«Gure asmoa baldin bada lan munduan euskararen erabilera areagotzea, kontuan hartu behar da abiapuntua ez dela batere aldekoa. Gainera, oldarraldia ere bete-betean ari da esparru guztietan eta euskalgintzatik, erakunde eta gizarte guztiarekin batera, batasuna egituratu beharko dugu. Hor badago zer egina eta saiatuko naiz gure alea jartzen. Zubi-lana egin dezakegu eragile ezberdinen artea», azaldu du.

Lurraldetasuna

Beste erronka bat lurraldetasuna da. Bai Euskarari Elkarteak Euskal Herri osoan eragiten du, baina nahiko desorekatua dago bere irismena. «Ahalegin berezia egin nahi dugu Ipar Euskal Herrian, Euskal Erakunde Publikoarekin lehenengoz sinatu dugun hitzarmena ere baliatuz. Bizkaian ere ez da guk nahi dugun mailan ageri elkartearen lana eta hor jarraitu beharko dugu zer bide jorratu ikusten».

Nafarroan errealitatea are konplexuagoa da eta hor urratsak emateko intentzio osoa jarri beharko diote. «Zorionez, Euskarabidearekin sintonia onean gaude eta baliteke elkarlan emankor baten abiapuntua izatea».
 
Gutierrez gasteiztarra izanda, Arabak badu elkartearen lanean, ibilbidean eta mapan presentzia esanguratsua. «Hemendik aurrera, Rober egongo ez denez, bereziki zaindu beharko dugu». 

Gipuzkoa egoera txukunagoan ageri da oro har, baina badira bestelako erronkak. «Badaude entitate batzuk Bai Euskarari Ziurtagiriaren maila gorenean daudenak, lana eta zerbitzua euskaraz eskaintzen dutenak, eta uste dutenak egin dutela egin behar zuten guztia. Agian batzuk trenetik jaitsi nahiko dute. Zer dugu horiei eskaintzeko?».

Ez du ahaztu nahi, zuzendari denez, lantaldea zaintzea dela erronkarik behinena.

Rober Gutierrez, «harro»

Rober Gutierrezek (Gasteiz, 1970) 25 urte egin ditu Bai Euskarari proiektuan. Kontseiluan lehenengo eta Bai Euskarari Elkarteko zuzendari elkartea sortu zenetik, 18 urtez. Etapa berri bati ekingo dio orain.

 

Rober Gutierrezek 25 urte eman ditu Bai Euskarari proiektuan. (BAI EUSKARARI ELKARTEA)

 

«Harro nago ibilbidearekin eta bidean eraikitako proiektu, lankidetza eta harreman guztiekin», esan du. «Urte hauetako lorpenekin oso pozik utziko dut Bai Euskarari Elkartea, baina noski, beste gauza asko daude egiteko, eta lortzeko. Kontsumitzaile garen aldetik euskaldunoi dagozkigun eskubideen arloan aurrerapauso gehiago lortzea da horietako bat».

Iruditzen zaio ordenatu beharra dagoela lan arloko lana. «Bai Euskarari Elkarteak bere lana egiten du, aholkularitzak ere izugarrizko ekarpena egiten ari dira, administrazioak sustapenerako dirulaguntza lerroak zabaltzen ditu, enpresa batzuk ari dira lanean erabaki dutelako urratsak ematea, sindikatu batzuen agendan agertzen da euskararen gaia... Baina egin behar duguna da hori guztia lurreratu eta sistematizatu. Pieza guztiak norabide berean ondo kokatu behar dira eta ondo zehaztu behar da bakoitzak zer funtzio duen eta zer egin behar duen. Epe luzera begirako ikuspegia behar da», aldarrikatu du.

Lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragitea da Bai Euskarari Elkartearen helburua. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi zuen ibilbidea eta lan munduan euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari da eskura jartzen. Proiektu propioak sortu ditu; Ziurtagiria, Enpresarean, Lansarean lan-ataria, Euskaragileak eta ‘Elkarrengandik Ikasiz’ solasaldiak, esate baterako. Elkarlanean aritzen da beste askotan. Horren adibide dira Lazarraga Sariak, Euspot Lehiaketa eta Beterri-Saretuz.

Horretaz gain, hainbat erakunderi zerbitzua eskaintzen hasia da; Arabako Enpresen Foroari eta Euskara Langairi, besteren artean.