INFO

Aroa Arrizubieta nagusitu da Oiongo saioan

Aroa Arrizubieta nagusitu da igandean Oionen jokatu den Arabako Bertsolari Txapelketako bigarren final laurdenean eta, beraz, bertsolari gasteiztarrak lortu du Dulantzin jokatuko den finalaurrekorako txartela. Hurrengo saioa otsailaren 11n jokatuko da, Laudion.

Oiongo saioko irudia. (ARABAKO BERTSOZALE ELKARTEA)

Aroa Arrizubietan bertsolari gasteiztarra nagusitu da igande honetan Arabako Bertsolari Txapelketako bigarren final laurdenean. Saioa Oionen jokatu da eta 261,5 puntu eskuratu ditu Arrizubietak. Sailkapenean segidan izan ditu, hurrenez hurren, Xabi Igoa Eriz (259,5 puntu), Manex Agirre Arriolabengoa (259,5 puntu), Maddi Agirre Epelde (241,5 puntu), Rikardo Gonzalez de Durana Alzola (234,5 puntu) eta Orlando Arreitunandia Arinas (226 puntu).

Saioko aurkezle lanetan Eli Pagola aritu da eta epaimahaia, aldiz, Ekaitz Elorriaga Anduaga, Aitor Jimenez Tolosana eta Egoitz Iradier Martinez de Albenizek osartu dute. Endika Jimenez Enbeita aritu da idazkari lanetan.

Arabako Bertsozale elkartetik azaldu dutenez, giro ederrean jokatu da Oiongo saioa eta saioko 13 bertso puntuagarriak amaituta erabaki da Arrizubietak irabazi duela saioa. Beraz, bertsolari gasteiztarra da hurrengo faserako zuzeneko txartela eskuratu duena. Hurrengo saioa Dulantzin jokatuko du Arrizubietak. Finalerdietako gainerako partaideak final laurdenetako puntuazioen arabera erabakiko dira.

Txapelketako hurrengo saioa otsailaren 11an izango da Laudioko Kasinoan, 17.30ean. Bertan parte hartuko duten bertsolariak Asier Otamendi Alkorta, Felipe Zelaieta Txurruka, Izar Mendiguren Cosgaya, Iñaki Viñaspre Simon, Martin Abarrategi Sarrionandia eta Unai Anda Delika dira. Aurkezle lanetan, aldiz, Oier Azkarraga Grajales ariko da.

Arabako Bertsolari Txapelketaren gaineko informazio gehiago eta egitarau osoa, Arabako Bertsozale Elkartearen webgunean.