INFO

Gipuzkoa eta Bizkaia arteko lotura hobetu eta Kanpazar saihestu asmoz, tunel bat eraikiko dute

Arrasate eta Elorrio artean, 830 metroko tunel baten bidez, «bihurguneak kendu eta Kanpazar gaina gainditzea» du jomuga asteazken honetan aurkeztu duten proiektuak. Eraikuntza proiektuaren idazketa aurten bertan hasiko da, 42 hilabeteko egikaritze epearekin.

Proiektua Maria Ubarretxena, Gipuzkoako Bide Azpiegituretako diputatuak, eta Imanol Pradalesek, Bizkaiko ahaldun nagusiak, aurkeztu dute. (Gipuzkoako Aldundia)

Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek Arrasate eta Elorrio arteko ibilbide berria iragarri dute, N-636 errepidea erabat eraldatzeko. 830 metroko tunel baten bidez, «bihurguneak kendu eta Kanpazar gaina gainditzea» du jomuga proiektuak.

Maria Ubarretxenak, Gipuzkoako Bide Azpiegituretako diputatuak, eta Imanol Pradalesek, Bizkaiko foru diputatu eta EAJko lehendakarigaiak, azpiegitura hori jorratzeko bi erakundeek aukeratu duten irtenbidearen berri eman dute asteazken honetan, prentsaurreko batean, Donostian.

Hauen hitzetan, proiektuak «mugarri» bat ezarriko du «Beasain-Durango korridorearen eraldaketa integrala egiteko». Gipuzkoako Debagoiena eta Goierri eskualdeak eta Bizkaiko Durangaldea lotuko ditu, «gaitasun handiaren bidez eta modu seguruagoan ibilbide osoan», nabarmendu dute.

Kanpazar gaina gaindituz, «egungoa baino aukera zuzenagoa, azkarragoa eta seguruagoa eskaintzeko hodi bakarreko tunel bat» proposatzen duen trazadura aukeratu da.

Pradalesek ziurtatu du tarte hori hobetzea «herri proiektu» baten amaiera dela, «Beasain-Durango korridorearen modernizazioa amaitzeko funtsezko pieza» baita. Aurreratu duenez, eraikuntza proiektuaren idazketa aurten bertan hasiko da, 42 hilabeteko egikaritze epearekin.

Maria Ubarretxena diputatu gipuzkoarrak, bere aldetik, «ilusionagarritzat» jo du «datozen hamarkadetara begira lurralde eta herrialde mailan ekimenak planteatzeko bidea irekiko duen proiektua».

Zehaztu duenez, trazadura berriak Bilbora edo Loiuko aireportura iristeko aukera emango die arrasatearrei, «gehienez 40 minutuan, bide zuzen, eroso eta seguru batetik», eta Urola Garaian eta Goierrin «aukera berriak» irekiko ditu, «mugikortasuna, loturak eta garraioa» eraldatuko baititu.

Pradalesek nabarmendu du gaur egun «zirkulazio dentsitate handia» duela errepide horrek, «egunero 7.700 ibilgailu ibiltzen baitira, eta horietatik % 16 astunak dira».

Trazadura berria aukeratuta, bi aldundiak proiektua idazteko eta behin betiko onartzeko faserantz doaz. Ondoren, obrak lizitatu, esleitu eta hasi ahal izango dira.