INFO

Aldaketa klimatikorako legea «fartsa bat» dela salatu du EH Bizirik plataformak

EH Bizirik taldeak elkarretaratzea egin du Gasteizko Legebiltzarraren kanpoaldean ostegun goiz honetan onartu duten Aldaketa Klimatikorako legeak «ezkutatutakoa» ikusarazteko. «EAJ, PSE eta EH Bilduk hazkunde ekonomikoa lehenetsi dute klima larrialdiaren aurrean».

EH Bizirik taldearen protesta Gasteizko legebiltzarrean. (EH Bizirik)

Asteazken honetan onartu da Gasteizko Legebiltzarrean Trantsizio energetikorako eta klima neutraltasunerako legea. Eztabaidatzen ari ziren bitartean elkarretaratzea egin du EH Bizirik mugimenduak Legebiltzarraren eta kanpoaldean aipaturiko legea «fartsa» bat dela salatu dute: «EAJ, PSE eta EH Bilduk hazkunde ekonomikoa lehenetsi dute klima larrialdiaren aurrean».

Legeak «ezkutatzen» duena eraman nahi izan dute argitara: «Energia berriztagarrien industriaren hedapen ahalik eta masiboena ematea, modu honetan hazkuntza ekonomikoari bultzada handi bat emateko». Azpimarratu dute «enpresari handiak» izango direla legearen «onuradun nagusiak», eta herritarrei iritsiko zaien bakarra «berriztagarrien zabalpen masiboak eragingo duen kaltea» izango dela.

Gogoratu dute Europako beste hainbat lurraldetan horrelako legeak badaudela, baita Nafarroan ere: «Datuek argi diote azken urteetan energia kontsumoak eta emisioak gora egin dute Nafarroa Garaian; nahiz eta bertan eman den berriztagarrien zabalpena oso handia izan, horrek ez du lurraldearen deskarbonizazioa ekarri, kontrara, berriztagarrien zabalpen industrialak emisioak igotzea eragin du».

Horrez gain, elikadura burujabetzarako bidean Euskal Herriak dituen gabeziak gero eta nabarmenagoak direla adierazi dute, eta arazo horiei konponbidea aurkitzen saiatu ordez, «Europak horren beharrezkoa duen hazkuntza ekonomikoan parte aktibo izatea» lehenetsi dutela Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako alderdi politiko nagusiek.