INFO

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément vidéo.

«Anbizio nazionala» aldarrikatu du Otxandianok, bere saiakera liburuaren aurkezpenean

Pello Otxandiano EH Bilduko lehendakarigaiak 2040ari begiratu dio bere saiakera liburuan. Egungo egoeraren analisia egiteko baliatu du, eta gaurko politika eredua «agortuta» dagoela iritzita, lehentasunak jarri ditu mahai gainean: Osakidetza, bizitzaren garestitzea eta «anbizioa» berreskuratzea.


Pello Otxandiano EH Bilduko lehendakarigaiak bere lehen entsegu politikoa aurkeztu du ostegun honetan: ‘Begirada. Herriari. Etorkizunera’. Oraindik liburua esku artean ez badute ere, Tabakaleran laburbildu du mamia, 300 lagunez baino gehiagoz inguraturik –ezin hobe esan, aulkiak borobilean eta lehendakarigaia erdian zegoelarik eman baititu azalpenak–.

«Liburu bat idazten saiatu naiz, elkarrekin eraiki dugun pentsamendu kolektibo bat paperean jartzen», adierazi du aurkezpenaren hasieran. Eta kolektiboan pentsatzeari garrantzia eman dio, «pentsamendurik onena herritarrekin batera egiten den gertuko politikagintzan egiten dena baita».

Analisi sakon bat egin eta EH Bilduren ikuspegia aurkezteaz gain, helburu garbi bat du liburuak Otxandianok azaldu duenez: beste alderdiei eztabaidarako deia egitea. «Aberastu dezagun eztabaida politikoa eta topatu gaitezen lehentasunen eta hartu beharreko norabidearen inguruko debatean», eskatu du. Horretarako, beste alderdi politikoetako hautagaiei saiakera helarazieko diela egin du promes: «Herri proiektu baten inguruan eztabaidatu dezagun. Eztabaidatu dezagun momentu historikoaren eta etorkizunaren inguruan».

Anbizioaren beharra

Etorkizunera begiratzeko data bat jarri du Otxandianok mahai gainean: 2040. Ziklo politiko bat amaitu eta berri batean sartu garela adierazi du, baina horretarako datorren ziklo politikoa definitzea garrantzitsua dela iritzi du. Azken hamarkadan «aukera gehiegi» galdu direla kontatu du, eta EAJ-PSE gobernantza eredua «agortuta» dagoela gaineratu.

Euskal Herriari begiratuta geldirik dagoela esan du, «ez atzera, eta ez aurrera; eta politika publikoen zenbait esparrutan atzerakadaren arriskua geroz eta handiagoa da». Eta etorkizuna nolakoa izango den ez badaki ere, erabakiak «gaur» hartu behar direla ohartarazi du.

«Anbizio nazionalaren galera bilatu du PNV-PSE aliantzak eta krisi identitario batean gaude», esan du lehendakarigaiak, baina etsipenik gabe

Egungo politikagintza «zaharkitua» dagoela baieztatu du: «PNV eta PSEren aliantza da politikagintza zahar hori gidatzen duena, epe motzeko interesak dituzte, eta aliantza erreaktibo bat da proaktiboa baino gehiago». Politika egiteko eredu horrek hainbat ondorio utzi dituela nabarmendu du: «Anbizio nazionala galdu da, pultsu politikoa galdu dugu, arima eta pasioa galdu du politikagintzak; anbizio nazionalaren galera bilatu du aliantza horrek eta krisi identitario batean gaude». Jarraian azaldu du anbizio hori berreskuratzea garrantzitsua dela, «eraldaketa prozesu orotan beharrezkoa da identitatea». Bigarrenik «iraungita» dagoen eredu ekonomikoa ekarri duela eredu horrek gaineratu du, eta hirugarren ondorio gisa «klientelismoa» salatu du.


Bi urgentzia, hiru bektore eta tresna bat

«Euskal sistema eragilea» berritu behar da Otxandianoren arabera, eta horrek politika publiko asko birnorabidetzea eskatzen duela azaldu du. Horretarako, lehentasunak argi izan behar dira lehendakarigaiaren ustez, eta urgentziaz lantzeko bi arlo izan ditu aurkezpenean aipagai: osasun sistema eta bizitzaren garestitzea. «Datozen lau urteetan Osakidetza zutik jarri behar da berriro, eta bestetik, bizitzaren garestitzea geratu, etxebizitzaren arazoari eta soldaten prekarizazioari arreta berezia eskainiz», zehaztu du.

Osakidetzari dagokionean, azken hamarkadako euskal politikagintzaren «paradigma» erakusten duela kontatu du: «Kalitatezko zerbitzu publiko bat degradatu da eta kapital humanoa galdu dugu, Osakidetzatik profesionalek alde egin dute, gainbehera doa».

2040. urteari begira hiru bektore «gaurtik martxan» jarri beharrekoak direla azpimarratu du, «ezin dugu denbora gehiago galdu».  Eraldaketarako lehen bektorea politika ekonomiko berria martxan jartzea dela esan du; eta horretarako kontuan  hartu behar direla lehen sektorea, espazio urbanoa berirro naturalizatzeko planak edota sektore teknologikoko enpresa estrategikoak garatu behar direla azaldu du, besteak beste.

Hurrengo urteotan «Estatuarekin bestelako harreman politiko bat eraiki behar dela» nabarmendu du Otxandianok, «berdintasunean eraikitakoa harremana» alegia

Ezagutza sistemaren eraldaketa da bigarren bektorea, «etorkizunaren alde egin daitekeen inbertsiorik onena jakintzan inbertitzea da». Eta hiru helburu aipatu ditu epe motzerako: ikastetxe autoeratuak sortzea, segregazioaren aurkako herri konpromisoa eta euskalduntzean eman beharreko jauzia. Eta hirugarren bektorea, zaintza. Hurrengo lau urtetan sistema publiko komunitario baten oinarriak jarri behar dira Otxandianoren ustez, eta horretarako, gizarte zerbitzuen eraldaketa eman beharko da.

«Tresna bat behar dugu: autogobernu berri bat behar dugu», baieztatu du eta burujabetza politikoan urrats bat emateko garaia dela azpimarratu: «Estatuarekin bestelako harreman politiko bat eraikitzeko momentua da, berdintasunean eraikitako harremana. Baina horretarako Euskal Herrian, euskaldunon artean, ados jarri behar gara».