INFO

Bertan behera inauterietako Iruneko eta Donostiako desfileak, haize-boladengatik

Haize boladengatik iragarritako abisu horia dela eta, bertan behera geratu dira Irungo eta Donostiako desfileak. Irungo Udalak jakinarazi du hurrengo larunbatera atzeratuko dutela desfilea, eta oraingoz, biharkoari eutsiko diote. Donostian, bihar egingo da desfilea ohiko moduan, karrozekin.

Haize bolada indartsuak iragarri dituzte astebururako. (Gorka Rubio)

Irungo Udalak eta konpartsek larunbat honetako inauterietako desfilea bertan behera uztea erabaki dute, haize-bolada bortitzen abisuagatik; Donostian, hasiera batean, karrozarik gabe ekitaldian mantenduko zirela esan badute ere, konpartsekin hitz egin ostean, desfileak ere bertan behera uztea erabaki dute, eta biharko eguraldi ona iragarria dagoenez, bihar egitea.

Irungo Udalak ohar baten bidez jakinarazi duenez, konpartsekin arratsaldeko desfilea bertan behera uztea eta datorren larunbatera arte atzeratzea adostu dute; oraingoz, ordea, biharkoari eutsiko diote.

Udalak azaldu duenez, Lakuako Segurtasun sailak haizeagatik emandako abisu horiak karrozen segurtasun-neurri gehigarriak hartzera behartzen du. Udaleko teknikariek inauterietako karrozak gainbegiratu dituzte, eta horiek egokitzea «ezinezkoa» dela eta ateratzeko segurtasun-baldintzarik ez dutela baieztatu dute.

Donostian desfilea ere bertan behera gelditu da. Izan ere, babes neurriengatik udalak desfilea karrozarik gabe egitea proposatu die konpartsei; hauek ordea, nahiago izan dute guztia bertan behera utzi eta biharko iragarpen ona dagoenez, igandez egin ohiko desfilea karroza eta guzti.

Lakuako Segurtasun Saileko abisu horiak 100 km/h-ko abiadura gainditu dezaketen haize-boladak aurreikusten ditu gaur arratsalderako kostaldean. Era berean, astelehen goizera arte luzatu du asteburu honetarako aurreikusitako marea biziek Euskal Herriko kostaldean izango duten eraginaren aurreikuspena. Erasanik handiena igandeko lehen orduetan izango da, alerta laranja ezarri baita.