INFO

Hitanoaren egoera ez da ona, baina bada biziberritzeko mugimendua

Badihardugu euskara elkarteak hitanoari buruz egin duen inkestak arrakasta izan du: 4.215 erantzun jaso dituzte, Euskal Herriko zazpi probintzietako 287 herritatik. Gehienek beren herrian hitanoaren egoera eskasa dela diote, baina bada biziberritzeko nahia eta horretarako hamaika ekimen daude abian.

Itziar Sapsootham eta Idoia Etxeberria Badihardugu elkarteko kideak, inkestaren emaitzak aurkezten, Eibarko Markeskua Jauregian. (BADIHARDUGU)

Badihardugu Deba ibarreko euskara elkarteak inkesta bat egin du, hitanoa bizirik dagoen herrietan zer egoeratan dagoen jakiteko asmoz. Hikagin egitasmoaren barneko lana izan da, hots, Lakuako Gobernuaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin abiatu zen proiektua. Hitanoa biziberritzea du xede, hikaginak edo hika bultzatzaileak saretuz. Horretarako abiapuntua egoeraren diagnostikoa egitea da.

Itziar Sapsootham eta Idoia Etxeberria Badiharduguko kideek emaitza orokorrak plazaratu dituzte. Nabarmentzeko lehendabiziko puntua inkestaren beraren arrakasta da, bultzatzaileek uste zutena baino interes handiagoa piztu baitu: 4.215 erantzun jaso dituzte, Euskal Herri osoko 287 herritakoak.

«3.000 erantzun baino gehiago Gipuzkoatik iritsi ziren. 88 herritatik, Bizkaiaren pare. Horrek esan nahi du Gipuzkoako herri batzuetan jende askok hartu zuela parte: Oñatin, Eibarren, Azkoitian, Azpeitian, Hernanin...», zehaztu dio Etxeberriak NAIZi.

Herri ttikiez harago

Udalerri euskaldunetatik jaso dituzte erantzun gehienak. Erabilera ere horietan dago indartsuen. «Baina espero ez genuen herrietako jendeak ere erantzun du. Lehen asmoa zen arnasguneetan, hitanoa bizirik dagoen tokietan egoera zer nolakoa den jakitea, baina Gasteiztik, Oiondik edota Irundik ere idatzi dute. 80 erantzun heldu zaizkigu Bilbotik, 48 Iruñetik. Ikusten da beste toki batzuetan ere badela interesa eta mugimendua. Ikastaroak antolatu dituzte. Ez da bakarrik herri txikietako kontua. Hori bai izan da ezustea».

Erran beharra dago hitanoaren inguruko pertzepzioaren ingurukoa dela galdeketa. Ez dira datu objektiboak, baizik eta egoera neurtzeko termometro moduko bat. 28 galdera egin dituzte, bi zatitan banatuta: lehenbizikoan, bere herrian hitanoak duen egoeraz galdetu diote jendeari; bigarrenean, hitanoaren inguruko bere esperientzia pertsonalaz. Bigarren atal hori 2.674 pertsonak bete dute.

Hilabetez zabaldu zuten inkesta 2023an, sare sozialen bidez. Erantzunak anonimoak ziren. 

Ongi ikusia dago, baina eskolan oro har ez da erakusten

Inkesta bete dutenen gehiengoak bere herrian hitanoaren egoera eskasa dela dio (%55,6). Baina, bada biziberritzeko grina: hamarretik lauk diote beren herrian badabiltzala ekimenak egiten.

Hitanoaren egoera ona dela diotenak %11 dira; eta egoera erdipurdikoa dela, eta batez ere gizonen artean erabiltzen dela diotenak, aldiz, %33,4.

 

Hitanoaren egoera udalerri euskaldunetan. (BADIHARDUGU)

Bertze ondorio bat da garai batean hitanoak izan zezakeen ospe txarra (ez zela errespetuzkoa, edota baserritarren gauza zela, baserritar izatea txarra balitz bezala) ez dela sumatzen jada. Hamarretik zazpik ez dute deus txarrik entzun hitanoaren inguruan, eta erdiak baino gehiagok (%57,8k) diote bere herrian ongi ikusia dagoela.

Halere, orokorrean, transmisioa etxean eta bereziki lagunartean egiten da, eskolan ia ezer ez. Are gehiago, ikastetxe batzuetan aditz tauletatik ere kentzen dute forma hori.

Eskoletako datu honek arreta eman digu, eta horri buruz galdetu diogu Etxeberriari. «Orokorrean, eskoletan proiektu gutxi daude hitanoa lantzeko. Halere ez da egoera bera Hego eta Ipar Euskal Herrian. Azken honetan badauzkate egitasmoak ikastola batzuetan; Oztibarren, adibidez, umetatik hika eta xuka hitz egiteko ohitura dute. Hegoaldean, ordea, salbuespena dira halako proiektuak».

Hitanoa hezkuntzan txertatzea gakoa da bere ustez. Oñatiarra da bera eta bertan badabiltza. Kontatu duenez, «oso harrera ona izaten ari da, irakasleak eta ikasleak gustura daude. Astero 15 minutuz hika praktikatzen dute ahoz. Liburuxka bat atera genuen, bideo bat ere bai testigantzekin. Mudantza gertatzen den adin horretan landuz gero, toka bakarrik ez noka ere badagoela erakutsiz gero, tresnak emanez gero, gure esperantza da poliki-poliki joango dela aldatzen hitanoaren eta, bereziki, nokaren egoera».

Noka, galzorian

Hamarretik zazpik baino gehiagok diote hitanoa gizonezkoek gehiago erabiltzen dutela eta %11k, berriz, euren herriko emakumezkoek ez dutela erabiltzen. Bitxia da, hortaz, emakumezko gehiagok bete izana inkesta gizonezkoek baino (%58,8). Badaude, hala ere, euren herrian erabilera nahiko parekoa dela diotenak ere (%14).

Nokaren eta tokaren egoeraren ikuspegia hagitz ezberdina da: %5ek bakarrik uste dute nokaren egoera ona dela bere herrian; toka, berriz, %24k ikusten dute egoera onean. Noka galzorian edo galduta dagoela kontsideratzen dutenak %54,3 dira; tokaren kasuan, gutxiago: %23.

Ahalduntzetik ere antolatzen dira noka ikastaroak, genero arrazoiekin lotuta joan baita galtzen noka: emakumeak fina izan behar zuen, eta basatia izatearekin lotu izan da hitanoa. Horregatik, sarri, gurasoek semeari hika egiten zioten eta alabari ez. Sozializatzeko eremu gehiago ere izan dituzte gizonek, eta hika egiteko aukera gehiago ere bai, beraz. Feminismotik badago horri buelta emateko asmo bat.

Sozializatzeko moduak aldatu dira, baina Idoia Etxeberriak azaldu duenez, oraindik gazte ugarik hitanoa mutilen hizkera dela uste du, tokarekin identifikatzen du, nahiz eta ez den horrela izan duela gutxira arte. Kosta egiten da behin noka egiteko ohitura galduta ideia horiek aldatzea. Baina poliki-poliki lortzea espero dute.

 

Hitanoaren erabilera udalerri euskaldunetan. (BADIHARDUGU)

Inkestan parte hartu duten gehienak 40 eta 50 urte bitarteko lagunak dira, bigarren talde handiena 50 eta 60 urte artekoena da. Hortik aitzinera jaisten doa: 30-40 urte, 20-30, eta 20 urtetik beherakoak gero. 70 urtetik gorako gutxik erantzun dute, baina kontuan izan behar da galdetegia sare sozialen bidez zabaldu zela.

Arnasguneak

Egoera onena euskararen arnasguneetan du hitanoak. UEMA osatzen duten udalerri gehienetatik jaso dute erantzunen bat, 90 herritatik baino gehiagotatik, hain zuzen ere. UEMAk euskaldun bezala sailkatutako 164 udalerrietako 138tik heldu zaizkie datuak: erantzunen %61,5 udalerri euskaldunetakoak dira.

Etxeberriak argitu duenez, «horrek ez du esan nahi udalerri euskaldunetan soilik egin behar direnik gauzak, baina bai errazagoa izango dela horietan hiztunak aktibatzea. Beste leku batzuetan beste modu batera eragin beharko da. Adibidez, hitano ikastaroak antolatuz gero jendea anima daiteke ikasi eta gero talde txikietan erabiltzera.

Inkestaren ikuspegi orokorra landu dute orain arte. «Orain, fokua udalerri euskaldunetan jarrita, beste ondorio batzuk ateratzen ari gara. Adibidez, %11 dira hitanoaren egoera ona dela diotenak Euskal Herri osoan, baina udalerri euskaldunetan %17ra igotzen da zenbakia».

Euskalkia eta hitanoa estu lotuta daude udalerri euskaldunetan. Erantzun dutenen erdiak diote baserrian hobeki mantendu dela kale giroan baino. Eta hitano erabiltzaileek ezagutza maila ona dutela erran dute orokorrean beren buruaz. 

Lehen Hika Topaketa

Inkestan datu pila bat jaso dituzte eta horiekin ondorio gehiago atera daitezke, herriz herri begiratuz adibidez. Badihardugu elkartearen webgunean kontsulta daiteke inkesta.

Hikaginen hitanoa bultzatzeko katalogoa egina dute Gipuzkoan, herri bakoitzean zer egin den jasotzen duena, eta orain Euskal Herrikoa osatu nahi dute.

‘Appa hi!’ aplikazioa sortu zuten Oñatirako, eta gero euskara batuko bertsioa atera zuten. Azken urtean Arrasate, Eibar, Eskoriatza, Aretxabaleta eta Leintz Gatzagarako egin dira eta orain Azkoitiko bertsioa prestatuko dute, bertzeak bertze. Bost astean hika ikasteko aukera ematen duen aplikazioa da.

Joan den azaroan, lehendabiziko Hika Topaketa egin zuten Oñatin. «Euskal Herri osoko eragileak elkartu ginen, hika bultzatzen ari garen 80 bat lagun, esperientziak partekatzeko, nola saretu ikusteko eta aurrera begira elkarlanean indartzeko. Oso polita izan zen; jendea oso pozik zegoen, denek zioten beharrezkoa zela, bestela bakoitza bere aldetik ibiltzen garelako eta ematen duelako gutxi garela, baina elkartuta gehiago gara. Espero dezagun jarraipena izango duela», kontatu du Idoia Etxeberriak.

Horretaz gain, herriz herriko proiektuak dituzte. Oñatin, errate baterako, Hika Eguna egiteko asmoa dute aurten. Hikaginak dioen bezala, arnasa luzeko lasterketa bat da hau, hizkuntza ohiturak aldatzea ez delako erraza.