Gasteizko Tuvisako bigarren greba egunak ere, %100eko jarraipena
Greba mugagabearen bigarren eguna izan dute gaur Gasteizko hiri autobusak kudeatzen dituen Tuvisako langileek. Gaur ere, %100ekoa izan da jarraipena eta gutxieneko zerbitzuak baino ez dira funtzionatzen ari.
Larunbatean hasitako Gasteizko hiri autobusen greba mugagabeak erabateko jarraipena izan du bigarren eguna zuen honetan. Gutxieneko zerbitzuak emateko deituta zeuden gidariak baino ez dira agertu lanera, Tuvisako enpresa batzordearen arabera. Grebaren eragina nabarmena izan zen atzo, inauteriak baitziren eta, horrez gain, Mendizorrotzan Alavesen futbol partida zegoen.
Enpresa batzordeak jakitera eman duenez, grebaren jarraipena %100ekoa izaten ari da bi egunetan, hots, gutxieneko zerbitzuetan ari diren autobusak baino ez dira funtzionatzen ari. Halaber, azaldu dute langileeek Tuvisa enpresari bilera eskatu ziotela joan den ostiralean eta ordutik ez dutela inolako harremanik izan. Hori dela eta, adierazi dute Udalak noiz deituko zain daudela «gatazka hau konpondu ahal izateko».
Bihar ere greba eguna dute eta aurreikusita dago eragin handiagoa izango duela, hiri autobusa milaka pertsonak erabiltzen baitute egunero lantokietara edo hezkuntza zentroetara joateko.
Lakuako Gobernuak %30eko gutxieneko zerbitzuak dauzka ezarrita autobus zerbitzuetan eta lehentasuna ematen die garraio alternatiborik ez duten edo osasun zentroetara doazen lineei. Horrez gain, bereziki bete beharko dituzte lantokietara zein ikastetxeetara sartu eta irteteko ordutegiak.