INFO

Iñaki Viñaspre gailendu da Laudioko saioan

Laudion jokatu da Arabako Bertsolari Txapelketako azken final laurdena eta, horrenbestez, erabakita geratu da ze bertsolari pasako diren hurrengo fasera. Laudioko saioan, Iñaki Viñasprek bildu du puntu gehien.

Viñasprek eskuratu du puntu gehien Laudion. (ARABAKO BERTSOZALE ELKARTEA)

Arabako Bertsolari Txapelketako finalerdietarako zuzeneko txartela eskuratu du igande honetan Iñaki Viñasprek. Laudioko Kasinoan jokatu da hirugarren eta azken final laurdena eta orotara 263 puntu batu ditu Abetxukuarrak. Atzetik izan ditu Asier Otamendi Alkorta (251.5 puntu), Unai Anda Delika (251 puntu), Izar Mendiguren Cosgaya (241.5 puntu), Martin Abarrategi Sarrionandia (233.5 puntu) eta Felipe Zelaieta Txurruka (214.5 puntu).

Oier Azkarraga Grajales izan da Laudioko aurkezlea eta epaimahaia Ekaitz Elorriaga Anduaga, Aitor Jimenez Tolosana eta Egoitz Iradier Martinez de Albenizek osatu dute. Endika Jimenez Enbeita aritu da, aldiz, idazkari lanetan.

Finalerdiak ate joka

Laudioko saioarekin amaitu da final laurdenetako fasea eta, horrenbestez, erabakita geratu da ze bertsolari igaroko diren finalerdietara.

Txapelketak bi saio izango ditu finalerdietan. Lehena otsailaren 24ean jokatu da Aramaioko Kultur Etxean (17.30) eta Ekaitz Samaniego Curiel. Eli Zaldua Barquin, Iñaki Viñaspre Simon, Manex Agirre Arriolabengoa, Peru Abarrategi Sarrionandia eta Unai Anda Delika izango dira bertan parte hartuko duten bertsolariak.

Bigarren eta azken finalerdia, berriz, Dulantziko Kultur Etxeak (17.30) hartuko du martxoaren 2an, eta bertan neurtuko diren bertsolariak Aitor Ugarte Eriz, Aroa Arrizubieta Barredo, Asier Otamendi Alkorta, Izan Mendiguren Cosgaya, Paula Amilburu Izargarai eta Xabi Igoa Eriz izango dira.

Finala, martxoaren 16an Gasteizen

Finala, jakina denez, martxoaren 16an jokatuko de Gasteizko Printzipal antzokian (17.30). Finalerako sarrerak otsailaren 6tik daude eskuragarri eta Arabako Bertsozale Elkartetik zenbait ohartarazpen egin dituzte. Batetik, sarrerak zenbakituak izango direla eta, beraz, erosi aurretik lagunekin non eseri adosteko gomendioa egin dute.

Bestetik, finalerako sarrerak Printzipal antzokiak ematen dituen bideetatik soilik erosi ahalko direla jakinarazi dute. Hau da, antzokiko leihatilan asteartetik ostiralera 17.30etatik 19.30etara bitartean eta larunbatetan 11.30etatik 13.30etara. Egunean bertan ere eskuratu ahalko dira, saioa hasi baino bi ordu lehenago. Telefonoz ere eskuratu daitezke (945161045) eta baita Printzipal antzokiaren webgunearen bidez ere.