INFO

‘Gazteon eskutik’, Ernairen udaberriko ekimena, martxoaren 29tik 31ra egingo da Lezon

‘Gazteon eskutik’ ekimena aurkeztu du Ernaik asteazken goiz honetan Lezon. Bi eguneko egitarau politiko, aisialdi eskaintza eta musika jaialdia uztartu dituzte, eta egun pil-pilean dauden gaien inguruan hausnartzeko tartea hartu nahi dute: «Gazteok egina, gazteontzat».

Ernaik 2024ko udaberriko ekimena aurkeztu du Lezon. (Gorka Rubio)

Ernai Gazte Antolakundeak ‘Gazteon Eskutik’ ekimena antolatu du martxoaren 29tik 31ra Lezon. Herrian bertan egin dute asteazken honetan aurkezpena, eta egitarauaren berri eman dute. Horrekin batera, «martxoan udaberria gazteen eskutik loratuko» dela iragarri dute, eta dei egin diote euskal gazteriari parte hartzeko.

Adierazi dute hilabeteak direla Euskal Herria «martxan» dela, eta orain gazteak «lehen lerroa hartzera» doazela; «gazte udaberria» datorrela jakinarazi dute. «Gazteon egoera azalduko dugu, baina ez hori bakarrik, aurre egiteko proposamen konkretuak eta alternatibak loratuko dira hurrengo hilabeteetan».

«Urteroko gazte independentisten topalekua» izango da Lezokoa Ernaiko kideen arabera. «Lokatzetan sartuko gara, eztabaidatuko dugu, lan egingo dugu, zikinduko gara eta denon artean gure neurrira egingo den herria errealitate bihurtuko dugu Lezon», azaldu dute, eta gazteen bizi baldintzen inguruko eztabaida zabaldu zein egoerari alternatibak loratzeko «borroka ziklo oso bat irekitzeko anbizioa eta indarra» dutela gaineratu.

«Gazteok izango gara protagonistak, historia kontatu eta egingo dugunak», ohartarazi dute eta horretarako «egitarau zabala» antolatu dutela nabarmendu. Egitarau politikoa, asialdia eta musika jaialdia uztartuko dituzte bi egunez. «Gatazka eta eraikuntza feministak, bizitza duinen aldeko udaberria, Palestina, etorkizuna, gazte eszena musikala zein pornoa izango ditugu mintzagai».

‘Negu Hurbilak’ filmaren proiekzioa, marianito pintxada, ‘Tiro al fatxa’, Zunba, Tatto txokoa, bakarrizketak, escape rooma... ere izango dira.

Gazteon Eskutik Ernairen ekimenaren egitaraua.

Gaueko eta eguneko egitaraua

Hitzaldi eta mahai-inguruen artean, ‘Italiaren itzalpetik herrien askatasunera’, ‘Guk utipikook... zer utopia?’, ‘Oholtzatik iraultzara?’, ‘Herrialde katalanetako ikasle greba aztergai’ edota Pello Otxandianoren ‘Begirada’ saiakera izango dira.

«Herri bat dantzan» jartzeko helburua ere badute, eta horretarako, azaldu dute «belaunaldi berri bati» esakaini diotela oholtza: Hofe, Belako, Ganibet, Mafalda, Eire, Azken Sustraiak, Ithaka, Zilibito Rekords, Amooma, Xiberoots… izango dira beste hainbaten artean.

Bestalde, eguneko argiaz gozatzeko egitaraua ere prest dute jada, besteak beste, Drag showak, gazte bazkaria, bertso saioa, Porrotxen ikuskizuna edota sortzaileen azoka azpimarratu dituzte.

Sarrerak jada eskuragarri daudela gogoratu dute bibe.eus atarian, eta hurrengo egunetan salmenta puntu fisikoetan ere egongo direla baieztatu dute; sare sozialen bidez emango dute hurrengo egunetan leku zehatzen berri.