INFO

Patronalek prebentzio legea ez betetzea salatu dute: «Inpunitatea gobernuen eskutik dator»

LAB, ESK, Steilas, EHNE-Etxalde eta Hiru sindikatuak Bilbon mobilizatu dira eta Kale Nagusia zeharkatu dute Lakuaren egoitzatik Confebask patronalaren egoitzara, ‘Patronalek eta erakundeek gaixotu eta hil egiten gaituzte’ leloaren atzetik.

LAB, ESK, Steilas, Ehne-etxalde eta HIRUren mobilizazioa, lan heriotzak salatzeko. (Oskar Matxin Edesa | FOKU)

Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile nagusiak asteazken honetan salatu duenez, patronalak «ez du betetzen» lan arriskuen prebentzioaren arloko legedia, eta deitoratu du «zigorrik gabe» geratzen dela, «arduragabekeria horrek langileentzako heriotza eta gaixotasuna sortzen baditu ere».

LAB, ESK, Steilas, EHNE-Etxalde eta Hiru sindikatuak Bilbon mobilizatu dira eta Kale Nagusia zeharkatu dute Lakuaren egoitzatik Confebask patronalaren egoitzara, ‘Patronalek eta erakundeek gaixotu eta hil egiten gaituzte’ leloaren atzetik.

Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile nagusiak mobilizazioan parte hartu du, eta lan osasunaren arloan patronalak «legedia urratzen duela eta ez dela ezer gertatzen, zigorrik gabe geratzen dela eta arduragabekeria horrek langileen heriotza eta gaixotasunak eragiten dituela» salatu du.

Hori erakundeen konplizitatearekin gertatzen dela adierazi du: «Patronalaren zigorgabetasuna gobernuen eskutik dator», esan du. «Patronalaren interesak ez kaltetzeko, erakundeak langileen aurkako indarkeria onartzen ari dira, lanean hil eta gaixotu daitezen», adierazi du.

Patronalak etekinak lehenesten dituela ere nabarmendu du, langileen bizitzak eta osasunak bost axola diela gaineratuz. «Odol isurketa honen aurrean, patronalak batere lotsagorritu gabe, absentismoaren gaia ateratzen du behin eta berriz. Langileen bajak sortzen diote kezka, ikuspegi guztiz produktibista berriro ere. Iritzi publikoarekin batera mutualitateak baliatzen dituzten, langileak osatu gabe lanera itzularazteko», nabarmendu du.

Eredu produktiboaren aldaketa ere izan du hizpide. Horrela, gogoratu du zerbitzuetan geroz eta langile gehiagok lan egiten duela eta geroz eta langile gutxiagok istripu gehien pilatzen diren sektoreetan, baina istripu kopurua ez dela murrizten.

Lan osasuna artatzerakoan, «genero aldagaia ez dela kontuan hartzen» nabarmendu du. «Laneko gaixotasunak ezkutatzeko estrategia argia dago», defendatu du, eta gogoratu Munduko Osasun Erakundearen arabera «minbizien %30-%40 artean lanak eragindakoak» direla. «Enpleguaren prekarizazioak, lan erritmo altuek, genero arrakalek, soldata baxuek etab. eragin edo areagoturiko arrisku psikosozialak ez dira kontuan hartzen», gaineratu du Aranburuk.

«Osasun galera hauek ekidin daitezkeela gauza frogatua da. Horretarako prekarietateari muga jarri eta formakuntza hobetu behar da. Baina lan osasunari dagokionez, arreta berezia jarri behar da prebentzio neurrietan», azpimarratu du.

Bestalde, Durangon elkarretaratzea egin dute lantokiaren kanpokaldean langileek. LAB eta CCOOk deituriko elkarretaratzea izan da, ‘Prekarietatea hiltzailea’ zioen pankartaren atzekaldean elkartu dira hamarnaka lagun.

Fumbarriko langileek egindako elkarretaratzea

 

Steilas: «Erakundeek aldaketa eman behar dute»

Bestalde, Nagore Landak, Steilaseko Lan Osasuneko arduradunak, neurriak hartzeko eskatu die Jaurlaritzari eta patronalei, «lanpostuetan hainbeste lan istripu egotea ezinezkoa delako».

Lan istripuen harira mutuekin gertatzen ari den «iruzurra» ere salatu du Landak, eta «zigorgabetasuna» kritikatu du. Ildo horretan, prekarietatea kritikatu ondoren, lan egin ahal izateko «baldintza onak» bermatzea eskatu du. Bere ustez, patronalak eta erakundeek «aldaketa eman behar dute eta ezin da atzo Durangon gertatu zena gertatu».

Steilaseko ordezkariak adierazi du beraiek hartu behar dituztela neurriak langileak «gaixotzen» ari direlako. «Gu hiltzen ari dira eta hau ezin da izan», gaineratu du.