INFO

EHUko ikasleek 300 haritz landatu dituzte Isuskitzamendin

Euskal Herriko Unibertsitateko Itsas Ingurumena eta Baliabideak Erasmus Mundus masterreko ikasleek 300 haritz landatu dituzte larunbat honetan, Bilbon egin zen MER Community Summit topaketak utzi zituen CO2 aztarnak konpentsatzeko. Datozen urteetan ere egitasmoa mantenduko dela jakinarazi du EHUk.

EHUko 45 ikaslek haritzak landatu dituzte mendian. (EHU)

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Itsas Ingurumena eta Baliabideak Erasmus Mundus masterreko 42 ikasleek eta Plentziako Itsas Estazioko 12 irakasle eta ikertzailek 300 haritz landatu dituzte Isuskitzamendi inguruan. Eva Ferreira errektoreak ere parte hartu du ekimenean.

EHUk ohar batean azaldu duenez, ekimen honen helburua 2022an Bilbon egin zen MER Community Summit topaketak utzi zuen CO2 aztarna konpentsatzea da. Ozeano-aldaketa globala eta krisi klimatikoa, itsas kutsadura, biodibertsitatearen kontserbazioa edota kostaldeko eremuen kudeaketa integratua aztertu zituen topaketa horrek.

Mundu osoko 250 pertsona joan ziren MER Community Summit 2022ra. Horrek CO2 aztarna handia utzi zuen, eta, horregatik, MER basoa sortzea pentsatu zen, iraunkortasun-eredu gisa konpentsatzeko.

Horrela, ondorengo urteetan ere, ikasleen hurrengo promozioek haritz belaunaldi berri bat landatuko dute, masterreko ikasketetan zehar munduan zehar egiten dituzten bidaien arrastoa murrizteko.

Horrela, ikasleek basoa zaintzen eta handitzen lan egingo dute hurrengo urteetan, ingurumen-kontzientzia eta iraunkortasunaren pedagogia sustatzeko, EHUk azaldu duenez.