INFO

Navalniren taldeak gorpua berehala entregatzeko exijitu du

Bezperan giltzaperatuta zegoen Artikoko espetxe berezian hilda agertu zen Navalniren gorpua berehala itzultzeko eskatu du bere taldeak. Bere ama bertan da eta ez du doluminik nahi. Protestek eta atxiloketek jarraitzen dute eta ikerketa independientea eskatu dute AIk eta NBEak.

Alexei Navalni «zenduaren» irudia (AFP)

Alexei Navalny oposiziogile errusiarraren taldeak bere gorpua «berehala» emateko eskatu du larunbat honetan, bere amari kartzelan hil dela formalki jakinarazi ostean.

«Koloniako (espetxeko) langile batek esan du Alexei Navalniren gorpua Salejarden zegoela, Errusiako Artikoko hiri batean, hilda agertu zen kartzelatik gertu, eta ikertzaileek eraman zutela ikerketak egiteko», adierazi du Kira Iarmich oposizioko bozeramaileak.

«Putinek hil zuen», salatu du taldeak, erantzunkizuna Errusiako presidenteari egotziz, Navalniren amak heriotza-ziurtagiria jaso ostean.

Liudmila Navalnaya presondegira iritsi da gaur. Moskutik Salejardera hegazkinez joan da eta gero Jarp herrira abiatu da, IK-3 kartzela berezia dagoen lekura.

Doluminik ez duela nahi ohartarazi duen amak joan den astelehenean bisitatu zuen semea, eta «osasuntsu eta bizitzeko gogoarekin» zegoela ziurtatu zuen.

Amnesty International erakundeak eta Nazio Batuen  kontalariek Alexei Navalniren inguruko ikerketa independientea eskatu dute, adituek egitekoa eta Errusiar Estatutik at.

Oposiziogilearen heriotza eta salaketa Municheko Segurtasun Konferentzian gain nagusia bilakatu da. Txinak albo batera egin du, «barne-kontua» dela azaldu du.

15 manifestari atxilotu ditu poliziak Moskuko Saminaren Harresian. Ehundik gora dira Errusiako hainbat hiritan atxilotutakoak.