INFO

Elordik eta Rezustak ikaragarri sufrituta lortu dute play-offetarako txartela

Markagailuan 10-1 aurreratu dira, baina behar zituzten 20 tantoak egitea asko kosta zaie. Lasok eta Arangurenek gertu izan dute partida iraultzeko aukera, baina azken txanpan akats larri batzuk egin dituzte.

Beñat Rezustak maila ona eman du atzean. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Aitor Elordik eta Beñat Rezustak bizirik jarraitzen dute Binakako Txapelketan, gaur Donostiako Atano III.a pilotalekuan Unai Laso eta Aitor Arangurenen kontra sailkatzeko behar zituzten 20 tantoak eskuratu ostean. Partida ere irabazi dute 22-19, baina zaila da hitzez adieraztea txartel hori eskuratzeko sufritu behar izan dutena.

Gauzak ezin hobeto jarri zaizkie Aspekoei partida hasieran, markagailuan 10-1 aurreratu baitira. Lehen tantoa urdinen aldekoa izan den arren, Rezustaren huts bat tarteko, gorriek azkar ireki dute tartea 10 tanto segidan eginez. Bere pilota arinagoarekin agindu egin du atzean bergararrak eta Elordik ongi baliatu ditu bere aukerak tantoa amaitzeko.

Mallabiako aurrelariak sakearekin ere dezente asmatu du, Lasok ez gehiegi errematean, eta horri guztiari Arangurenen huts batzuk gehituta, partziala nabarmena izan da gorrien alde.

Baina Unai Lasok pilota bat txokoan goxo utzita lortu du 10-2koa, eta pilota aldatzearekin batera partidaren nondik norakoa ere erabat aldatu da. Urdinek pilota zeken bat atera dute kantxara, mugitzea asko kostatzen den horietakoa, eta hortxe hasi dira gorrien amesgaiztoak.

Unai Lasoren erakustaldia...

Pilota baxu horrekin Beñat Rezustak ez zuen lortzen Lasori airea kentzea, eta Bizkarretakoaren erakustaldia hasi da. Bere txispa eta amorru guztia aterata, asko arriskatu du aurrelari nafarrak eta baita neurketa bere aldera ekartzen asmatu ere.

Egia da 17-18kora arte urdinek ez dutela markagailuan aurrea hartzea lortu, baina gaurkoan garaipenaz gain beste sari garrantzitsuago bat zegoen jokoan: Lasok eta Arangurenek 22-19 edo alde handiagoarekin irabazi beharra zeukaten lehiaketan bizirik jarraitzeko. Eta horrek sekulako emozioa eman dio norgehiagokari.

Partida ikaragarri gogortu da eta, markagailuko emozioaz gain, tanto ikusgarriak jokatu dituzte lau protagonistek. Elordik 11-8an (gantxoz) eta 12-8an (zabalean) egindakoak, Arangurenek atzean amaitu duen 13-12koa, Lasok 14-13, 17-18 eta 18-19koan egindako orma-bikoak... Donostiako pilotalekura gerturatu diren mila pertsona horiek eskuko minez amaitu dute horrenbeste txalo jota.

...eta bi huts erabakigarri

Eta tarte horretan protagonista nagusia Unai Laso izan bada, tantorik ederrenak bereak izan direlako, azken txanpan ere bera izan da dema erabaki duena, kasu honetan bi huts handi egin dituelako. Lehenik, 17-18koarekin, atsedenalditik bueltan, sakea motzegi atera eta falta egin du. Eta gero, 18-19koarekin, sake-errematean huts nabarmena egin du, aurkariei arnasa emanez.

Arriskatu duen guztia arriskatuta, eta egin dituen erremate guztiak eginda, ezin zaio ezer aurpegiratu Bizkarretakoari, baina hortxe joan dira Binakakoan aurrera egiteko urdinen aukera apurrak. Behin 20. tantoa eginda, gorriak lasaitu egin dira, urdinek amore eman dute, eta garaipena Elordi eta Rezustarentzat izan da.

«Hasiera oso ona egin dugu, abantaila polita hartu dugu, baina gero partida aldatu egin da. Pilota baxuagoak ziren beraienak, laurok aurrean sartuta geunden, eta hor Lasok min handia egin digu. Bagenekien sufritzea tokatzen zitzaigula eta horixe egin dugu. Lanean segi, borrokatzen segi, eta azkenean sufrituta izan bada ere lortu dugu gure helburua», aztertu du Beñat Rezustak partida amaieran.

Beste aldean, Laso haserre zegoen egin duten hasiera kaxkarrarengatik. «Ikusteko partida ona izan da, baina guri ez zaigu zoriondu behar. Ezin da horrelako hasiera bat egin, are gutxiago gaur bezalako partida garrantzitsu batean. Zaila da zer gertatu den jakitea, ustez ongi berotu dugu, baina ez dugu behar bezala jokatu hasiera horretan».

Elordik eta Rezustak ostiral gauean jokatuko dute play-offetako lehen kanporaketa Peña eta Albisuren kontra Zornotzan. Hori irabazten duenak, bigarren kanporaketa bat gainditu beharko du igandean, Bilbon, Altuna-Martija eta Artola-Imazen arteko osteguneko demako galtzailearen aurka.

FITXA

Pilotakadak: 576. Partidaren iraupena: 76 minutu. Markagailua: 0-1, 10-1, 10-8, 13-8, 13-12, 14-12, 14-14, 17-14, 17-18, 18-18, 18-19 eta 22-19. Sakez: 6 Elordik eta falta 1 Lasok. Jokoan egindakoak: 5 Elordik, 3 Rezustak, 12 Lasok eta 1 Arangurenek. Galdutakoak: 4 Elordik, 2 Rezustak, 3 Lasok eta 4 Arangurenek. Gertaerak: 910 ikusle Donostiako Atano III.a pilotalekuan. Lehen sakea, gorri.