INFO

Atheko «basati» beltza «deabru» bihurtuko du Belgikak arrazakeriagatik kritikak jaso ondoren

Balgikako Valonia eskualdean Erdi Aroko prozesio folklorikoa da Ath; urteetan bertako «basatia» pertsonaiari kritika arrazista egin zaio, eta hau deabruarengatik aldatzea erabaki dute.

Atheko inauterietako orain arteko ‘basatia’. (Daniel Leclercq | WIKIMEDIA COMMONS)

Belgikak «deabru» bihurtuko du Atheko inauterietako «basati» beltzaren pertsonaia, Erdi Aroko tradizio horrek azken urteetan arrazakeriagatik jasotako kritiken aurrean. Badira urte batzuk kritika hori mahai gainean zegoela, eta 2022an Unescoren Gizateriaren Kultur Ondare Immaterialaren izaera galdu zuen. Zenbait aldaketa jasan zituen pertsonaiak 2022an, kritika berarengatik: kateak kendu zizkioten.

«Ahal izan dugun guztia egin dugu denok ezagutzen dugun pertsonaia osatzen duten elementu nagusiei eusteko baina deabruaren irudiak mezu argia eta zalantzarik gabekoa bidal dezan elementuak gehituz», adierazi dio RTBF irrati-telebista publikoari pertsonaia eboluzionatzeaz arduratzen den folkloreko herritarren batzordeak.

‘La Ducasse de Ath’ Belgikako Valonia eskualdeko Erdi Aroko prozesio folkloriko bat da, urtero abuztuaren amaieran 30.00 biztanle inguruko herri horretan egiten dena.

Ibilbide luzeko pertsonaia

1873tik, gutxienez, arrantzale napolitarren itsasontziko konpartsan hartzen du parte «basatia» bezala ezagutzen den pertsonaiak. Tradizionalki aurpegia beltzez margotutako gizon zuri batek irudikatu ohi du, kateak lepoan, eta uztaiak sudurrean zein belarrietan dituelarik.

Bere eginkizuna haurrak beldurtzeko garrasi egitea eta oldarkor jokatzea da, Europako beste herri batzuetako erraldoi eta buruhandien antzeko tradizioan. Azken urteetan areagotu egin dira kolonialismoan eta esklabismoan ainguratutako klixetzat hartzen dutenen kritikak.

Panteras Bruselas elkartea Estatu Batuetako Pantera Beltzen arrazismoaren aurkako mugimenduan inspiratzen da, eta behin baino gehiagotan kritikatu zuen karakterizazio hori, «legez kanpokoa izan beharko lukeen praktika deshumanizatzailea» dela uste baitu. 2019an kexa helarazi zion Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeari (Unesco).

NBEren agentziak, erantzunean, ez zuen festari etiketa kentzeko mehatxurik egin, baina azpimarratu zuen «giza eskubideei buruzko nazioarteko tresnak» osatzen dituzten jardunbideak soilik har daitezkeela gizateriaren ondaretzat. Eta komunitate, talde eta gizabanakoen arteko errespetua exijitu zituen.

Hurrengo edizioa, 2020koa, bertan behera geratu zen pandemiaren eraginez; eta 2021ekoa oso formatu txikian egin zen.

Elkarteak jaialdiaren aurka egin zuen berriro 2022rako neurririk hartu ez zela ikusita, eta Unescori berriro eskatu zion «isiltasunean betikotzen ari den tradizio kultural arrazistaren» aurka egiteko. Udalak «basatiari» kateak eta sudurreko uztaia kenduko zizkiola iragarri zuen, «eboluzio-prozesuarekin» jarraitzeko denbora ematen zen bitartean. Aldi berean, Unescok, Ath tradizioa kendu zuen gizateriaren ondare immaterialaren zerrendatik.

Adostutako irtenbidea

Azkenik, Aukera Berdintasunerako Zentroak baliozkotu duen irtenbidea aurkitu dute Napoliko arrantzaleen konpartsak, itsasontzi formako karrozan basatia erakusten duenak eta hirurogei herritar parte hartzen duten folklore batzordeak.

«Deabru» berriak kateak galduko ditu eta bi urrezko adar jarriko zaizkio bekokian, aurpegia gorriz margotuko du orain arte bezala, beltzez margotutakoa izan beharrean. Gainera, sudurrean eta belarrietan zituen uztaiak erronbo bihurtuko dira, kate esklabistetatik diseinuzko bitxietara igaro asmoz.

Historia ere moldatu egingo dute ebaluazioaren bidean, deabruaren pertsonaiaren jatorria Napoliko arrantzaleek uharte huts batean aurkitu zutela izango da, eta beraiekin Atheraino eramatea erabaki zutela.