INFO

Emakume baten aurkako beste eraso matxista bat Lezon, hirugarrena hiru astean

Gizon batek emakume bati eraso egin dio asteburu honetan Lezon. Hiru astean herrian salatu duten hirugarren eraso matxista da eta Lezoko Udalak, Piztu Lezok, Gaxuxak eta Iruntzen Lezoko emakume taldeak elkarretaratzea deitu dute asteartean, 19.30ean Gurutze Santuaren plazan.

Eraso matxista baten aurkako elkarretaratze baten artxiboko irudia. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Emakume baten aurkako beste sexu eraso baten berri eman dute Lezoko Udalak, Piztu Lezok, Gaxuxak eta Iruntzen Lezoko emakume taldeak batera zabaldutako oharrean. Herrian jazotako hirugarren erasoa da hiru astean. Elkarretaratzea deitu dute astearte honetarako, 19.30ean Gurutze Santuaren plazan.

‘Oarsoaldeko Hitza’-k jakitera eman duenez, larunbat goizaldean gizon batek emakume bati eraso egin zion. Halaber, betiere atari horren arabera, atxilotu egin zuten gizona.

Oharrean azaldu dute Lezoko Udalak, Piztu Lezok, Gaxuxak eta Iruntzen Lezoko emakume taldeak berriak agerian uzten duela «oraindik ere lan handia egin behar dela emakumeek libre eta indarkeriarik gabe bizitzeko duten eskubidea bermatzeko».

Era berean, hilabete baino gutxiagoan hirugarren erasoa izaki, ez dute kasu isolatu gisa tratatu nahi izan: «Indarkeria matxista jendartean nagusi den genero ezberdintasunaren adierazpen mespretxugarriena da». Horren aurrean, Udalak «konpromisoa» agertu du.

Ardurak nork bere gain hartzera deitu dute oharrean, «ezinbestekotzat» jo baitute «konplize jarrerak bazter uztea, eta bizi garen antolaketa sozial sexista deseraikitzeko berdintasun politika sendoen alde apustu egitea».

Erasotuei elkartasuna adierazi nahi izan diete, baita haien gertukoei ere. Ildo horretan, indarkeria matxistaren aurkako jarrera irmoa agertzeko elkarretaratzea egingo dute astearte honetan.