Gazteen larrialdi egoera aztertu eta honi aurre egiteko proposamenak mahaigaineratu ditu Ernaik
Gazteen egoeraren azterketa eta honi aterabidea emateko proposamenak biltzen dituen liburuxka aurkeztu du Ernai antolakundeak. Aldarrikapen eremu ezberdinak landu ditu eta haiei buruzko eztabaidak mahaigaineratzeko konpromisoa hartu du: «Gazteok gara aldaketak bultzatzeko giltza».
Osasun mentala, hezkuntza, bizi ereduak, etxebizitza, enplegua, zaintza, trantsizio ekosoziala eta eskubide zibil eta politikoak. Horiek dira Ernaik astearte honetan Bilbon aurkeztu duen liburuxkan jopuntuan jarri dituen aldarrikapen esparruak. Gazteen egoeraren azterketa eta honi aterabidea emateko proposamenak biltzen ditu ‘Gazteontzat bizitza duinak Euskal Herrian’ dokumentuak.
Gazte antolakundeak «zibilizazio krisi» gisa izendatu duen egungo egoeraren «larritasunaz» ohartarazi du: «Azken hamarkadetan mendebaldeko gizartea gidatu duen sistema neoliberalaren agorpena ematen ari da. Kapitalak etekin metaketari eusteko, krisi egoera betikotzen duen berregokitzea burutzen ari da eta, horren bitartean, geroz eta bortitzagoa bihurtzen ari da bizitza eta kapitalaren arteko talka».
Gainera, gazteak krisi hau «modu berezituan» bizitzen ari direla nabarmendu du Ernaik, «kapitalak gazteon lan indarra ahalik eta gain balio handiena eskuratzeko baliatu duelako, eta gazteontzako bideratu duelako lan eskaintza prekario eta debaluatuena». Testuinguru horretan, gazteek gero eta zailagoa dute bizi-proiektu duin bat sortzea, eta baldintza material txarretatik haratago, gazteek gero eta gehiago pairatzen dituzte gaixotasun psikosozialak.
Baina egoera iraultzeko eta Euskal Herrian gazteen bizi baldintza duinak bermatzeko momentua ere badela aldarrikatu du. Horretarako, «lehentasunezkotzat» kokatu dituen aldarrikapen eremu bakoitzaren inguruko analisia eta egoera gainditzeko aldarrikapen zehatzak egin ditu. Dokumentuak, Euskal Herriko gazteentzako «helduleku» izan nahi du, «borrokarako tresna bat, baita alternatiba errealitate bihurtu daitekeela ikusaraziko duen baliabidea ere».
Osasun mentalaren kasuan, esparru erabat pribatizatua dela salatu du, «non eskaintza publikoa gainezka aurkitzen den eta 100.000 pertsonako 6 psikologo besterik ez dauden». ‘Gazteria, osasuna eta ongizatea’ barometroaren arabera, gazteen %37.8ak arrazoi ekonomikoen ondorioz ezin izan du laguntzarik eskatu. Izan ere, psikologo pribatu baten sesioen ordu bateko kontsulta baten batez besteko kostua 60€koa da. Horren aurrean, terapia psikologiko publikoa eta duina aldarrikatu du Ernaik, baita gaixotasun psikosozialen eta suizidioaren prebentzioa bermatzeko politikak ere.
Egungo hezkuntzak «sistema zisheteropatriarkalaren interesetan jokatzen duen paper erabakigarria» ere salatu du gazte antolakundeak, eta horren aurrean «ikasketa prozesu duina, sarbide eta prozesu doako eta unibertsala, eta hezkuntza eredu feminista, euskaldun eta burujabea aldarrikatu ditu.
Etxebizitzaren auziari dagokionez, «sakoneko krisi baten aurrean» gaudela azpimarratzen da dokumentuan. Arazoaren erroan, «etxebizitza merkantzia gisa erabili izana eta honen gestioa merkatuaren logikaren baitan gauzatzea» kokatu du Ernaik, eta egoera iraultzeko hurrengo proposamenak egiten ditu: parke publikoa handituz alokairu soziala indartu; etxebizitza eredu komunitarioak eta belaunaldi artekoak bultzatu; gehienez diru-sarreren 15%a bideratzea alokairurako; eta okupazioa despenalizatzea.
Enpleguaren alorrean, duela urte batzuk langabeziaren auziak erroa hartzen zuen elementua bazen ere, egun, hori baino, enplegua beraren kalitatea da oinarrian kokatu beharreko aldagaia Ernairen arabera. Besteak beste, Gazteen Euskal Behatokiaren arabera EAEn %46an eta Espainiako Estatistika Institutuaren arabera Nafarroa Garaian %45,67a kokatzen da enpleguaren behin-behinekotasun tasa. Horri aurre egiteko, «iruzurrekin era zabor kontratuekin amaitzea; gazteentzako lan-poltsa publikoa sortzea; eta Euskal Herrirako lan-harremanetarako eta babes sozialerako esparru propioa» aldarrikatu ditu.
Zaintzaren eremuan, «egungo sistema irauli eta pertsona ororen beharrak aintzat hartuko dituen sistema baterantz trantsizioa abiarazteko unea» dela aldarrikatu du gazte antolakundeak, eta horretarako zaintza sistema publiko eta komunitariorantz aurrera urratsak eman behar direla azpimarratu du.
Klima aldaketaren afera kontu isolatu bat ez dela nabarmendu du, eta «kapitalismoaren izaera estrukturalaren ondorio» dela baieztatu du Ernaik. Krisi ekologikoari aurre egiteko tresnak izateko Euskal Herriak burujabetza behar duela aldarrikatu du eta, besteak beste, proposamen hauek egin ditu: Erregai fosilen erabilerarekin amaitu; enpresa energetikoen publifikazioa; agroekologiaren bidez elikadura burujabetza sustatzea; eta garraio publiko duina eta doakoa bermatzea.
Hemen ikus daiteke dokumentu osoa.
«Gazteok orain arte bezala burujabetza eta eraldaketa sozialaren alde motore izaten jarraituko dugu»
Euskal Herriko gazteen bizi baldintza duinak bermatu arte bultzatzeko konpromisoa agertu du Ernaik, eta, honetarako, «kaleak hartzera, antolatzera eta kolektiboan borrokatzera» deitu du.
«Baikorrak izateko zantzuak ditugu. Izan ere, Euskal Herria martxan da, herri perspektibatik erronka global zein propioei aurre egiten. Hau, azken hilabeteetan ezin hobeto ikusi ahal izan dugu. Bide horretan, gazteok orain arte bezala burujabetza eta eraldaketa sozialaren alde motore izaten jarraituko dugu, abagunea baliatuz eta anbizio osoz hitza hartuz. Bizitza duinen aldeko gazte udaberria heldu da eta ekin behar dugu, gure esku baitago aldaketa gauzatzea, aldaketa gure neurrira egitea», adierazi du Ane Alava bozeramaileak.