INFO

EH Baik ez du hautagaitza baten bidez parte hartuko Europako Parlamenturako bozetan

Heldu den ekainaren 9an iraganen diren Europako Parlamenturako «bozetan aktiboki ez parte hartzea» erabaki du Euskal Herria Baik. Barne bozka baten bidez harturiko deliberoaren berri eman du asteazken honetan alderdiak. EH Bildurekin batera kanpaina egiteko asmoa berretsi du.

EH Baiko eta EH Bilduko ordezkariak, batera, lehenengo indarraren kongresuan, Baionan. (Bob EDME)

Ekainaren 9an iraganen diren europear Parlamenturako bozetan «aktiboki ez parte hartzea» deliberatu du Euskal Herria Baik.

Barne bozka baten bidez harturiko erabakiaren berri eman du alderdiak asteazken honetan plazaraturiko prentsa agiri baten bidez.

Hautagaitza batean presente ez bada izango ere, Euskal Herria Bildurekin elkarlanean, hauteskunde horiek nahi ditu baliatu «Euskal Herriaren burujabetzaren aldarrikapena berresteko».

Hauteskunde horietan parte hartuko duen Régions et Peuples Solidaires federazioak harturiko bidea ez badu hartuko ere, koordinadora horren baitan «autodeterminazio eskubidea babestuko lukeen herrien Europaren alde» jarduten duten alderdiekin lanean segituko du Euskal Herria Baik.

Programa xenofoboak eta eskuin-muturrekoak gorakada izaten ari direlako Europa osoan bere arangura ez du ezkutatzen EH Baik.

Testuinguru honetan, ezkertiar eta abertzaleek ezinbestekotzat jotzen dute «ideologia arriskutsu hauen aurka mobilizatu eta eskubide berdintasunaren zein justizia sozialaren baloreak defendatzea».

EAJ-PNBren hautua

Europear Bozetarako kanpaina poliki poliki berotzen ari da Ipar Euskal Herrian.

Hilaren 8an Ile-de-France eskualdeko presidente-ordea eta trantsizio ekologikorako arduradun den Yann Wehrlingek beste hainbat partaiderekin batera osaturiko «Ecologie Positive et territoires» hautagaitzarekin parte hartuko duela iragarri zuen EAJ-PNBk.

«Ekologia Baikorra eta lurraldeak» hautagaitzan beste hainbat alderdi daude, hala nola Herri Batuen Federakuntzaren baitan jarduten duten Okzitania Bastir, Alderdi Bretoia, Lorreineko Alderdia, Okzitania Aberriaren Alderdia, Prouvènço Nacioun eta EAJ-PNBk alderdiek.

Haiekin batera, Ekologia Baikorra, CAP21, Frantzia Ekologia, Hirusta, Unibertsalistak edota %100 Herritarrak bezalako eragileak batu dira egitasmo horretara.

Ipar Euskal Herriko EAJ-PNBren idazkaria, Jean Tellechea izanen da hautagai. Hauteskunde-zerrendaren bederatzigarren postuan agertuko da urruñarra.

Bere erabakiaren berri emateko zabalduriuko oharrean EAJ-PNBk azaldu zuenez, egitasmo horren oinarrizko baloreak partekatzen ditu alderdiak.

Lehenik eta behin, «frantses salbuespen ultrajakobinotik» oso urrun dagoen «estatu oso deserdiratuen Europako eredua» defendatuko duela aipaturiko hautagaitzak nabarmendu du.

Bestalde, Europa indartsua izateko lurraldetatik eraiki behar dela defendatuko du.

Berdin trantsizio ekologikoan zein garapen ekonomiko edo kulturaren sustapenari begira lurraldeek aurrera eramaten dituzten «hurbiltasun politikak» ezinbestekotzat jotzen dituzte jeltzaleek.

Ekologia baikorraren kontzeptuari helduta, EAJ-PNBk azaldu zuenez «gure metodoa da konponbideen eta elgarrizketaren ekologia, solaskideekiko errespetuarekin, denekin, eragile ekonomikoekin, laborantza munduarekin, ezkerreko eta eskuineko partaide politikoekin, aterabideak eraikitzeko gai den ekologia».

Finean, herritarren parte-hartzea bideratuko duen Europako eredua defendatuko dute jeltzaleek europar bozetarako kanpainian. Bizitza publikoan herritar guztien parte-hartzea ahalbideratzea, esaterako, «erreferendumak ohikoak bihurtuz», lagungarria delako «gizarte lasaiago eraikitzeko».