INFO

Euskara gehiago eskatzen diote herritarrek Estatu espainiarreko Administrazioari

Gobernu espainiarreko ordezkaritzak egindako inkesta baten arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrek euskaraz arreta jasotzeko aukera gehiago eskatzen diote Administrazioari. Oro har, ongi baloratzen dute bulegoetan ematen den zerbitzuaren kalitatea.

Denis Itxaso espainiar Gobernuko EAEko ordezkaria, Isabel Rodriguez ministroarekin, otsail hasieran Gasteizen. (Iñaki BERASALUCE | EUROPA PRESS)

Espainiar Gobernuko ordezkaritzak Administrazioaren inguruan egindako inkesta baten emaitzak aurkeztu ditu. Bulegoetara joan diren pertsonei egin dizkiete galderak, eta dituzten erantzunen artean azpimarratzekoa da arreta euskaraz jasotzeko eskaria. Euskara gehiago nahi dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrek.

Orokorrean, gustura daude erabiltzaileak bulegoetako arretarekin: 5 puntutik 4,81ko nota eman diote, atentzioa, irekiera ordutegiak eta gestioak egiteko itxaron beharreko denbora kontuan hartuta.

Inkestaren emaitzak eskuetan, Denis Itxaso Gobernu espainiarreko ordezkariak adierazi du pozik daudela eta datu on horiek ematen duen zerbitzuaren kalitatea eusteko eta handitzeko bultzada direla Estatuko Administrazioarentzat. Formazio prozesuekin segitu eta hobetu egingo dituztela agindu du.

Langileen erdia baino gehiago, euskara ikasteko prest

Itxasok azaldu duenez, Administrazioaren asmoa langileak jendartearen beharrei hobeki erantzuteko prestatzea da. Hain zuzen, inkestari erantzun dioten herritarren arabera, hobetzeko alderdietako bat euskarazko arreta egokia bermatzea da, Administrazioarekin EAEn ofiziala den hizkuntza honetan ere harremandu ahal izateko.

Puntu horri buruz, Gobernuaren ordezkaritzak jakinarazi du egin duten barne inkesta baten arabera Estatuko Administrazioko EAEko langileen erdiak baino gehiagok (%55,2) euskara ikasteko eta hobetzeko gogoa adierazi dutela, zerbitzuen erabiltzaileak hobeki artatu ahal izateko.

Itxasok azpimarratu duenez, helburua da «langile publikoak modu boluntarioan euskara ikas dezaten bultzatzea, hala euskarazko zerbitzuak hobetzeko eta zabaltzeko eta Estatuko Administrazioaren lana oraingo balorazio altuarekin edo are altuagoarekin aitortzeko».