INFO

Gala Knoören artelana jasoko du Monzon-Ganuza sari gisa Jose Mari Esparzak

‘He was adventurer’ artelana jasoko du Jose Mari Esparzak Monzon-Ganuza Euskal Utopikoei saritzat. Gala Knoör gasteiztarraren lana da, hiru mihisez osatutako obra, Robert Laxait idazle euskal-iparramerikarraren eleberrian oinarritutakoa.

Knoörren artelana, Monzon-Ganuza sarietarako aurkeztutakoa. (Olaso Dorrea Fundazioa)

Olaso Dorrea Fundazioak eta Bergarako Udalak ematen duten Monzon-Ganuza Euskal utopikoei aurtengo saria Jose Mari Esparzak jasoko du. Gala Knoör artistaren ‘He was adventurer’ artelana jasoko du Esparzak saritzat, urtero egin gisara, laugarren edizio honetan ere artistek aurkeztu dituzte beren lanak Knoörena hautatu du epaimahaiak.

«Sinbolikoa» izan ohi da saria antolatzaileen arabera, «generazio arteko lotura egitea ere badu helburu, artista gazteen lana sustatzearekin batera». Aurtengo edizioan 2023. urte amaierarako jaso zituzten antolatzaileek lanak, eta epaimahaikideen esanetan «kalitate handikoak» izan ziren denak.

Gala Knoör (Gasteiz, 1984) artista eta ikertzailearen lana hautatu zuen epaimahaiak: «Gizateriari interesatzen zaion guztia arteari interesatzen zaio. Arduratzen gaituzten gaiak, ziurgabetasunaren horizontea, jada ziurrak ez diren ziurtasunak, gure patua, zalantzak, gure nahiak eta mundua ikusteko eta ulertzeko modu jakin bat osatzen duen guztia».

Aipaturiko «eszenatokian mugitzen da» artista epaileen esanetan, eta kultura globalak, eroritako heroiaren kontakizun eta istorioek, kolonialismo kulturala gainditzen eta bidaiatzen duten irudien inguruan lan egiten dutela nabarmendu dute, «desberdintasunak berdintzen dituen globalizazioaren alde». Eta bere lanetan egin ohi dituen uztarketak azpimarratu ditu: «Ikonografia figuratibo pertsonal batetik, ironia handiz zalantzan jartzen du irudimen kolektiboa, azpikultura periferiko eta baztertuen inguruan, itxuraz inozoa den faktura eta prozeduran nolabaiteko baldarra maneiatzen ditu, artista bikainaren aura humanizatuz eta hura laburbilduz. Herrikoia, mass media estrategiak, marketina, zinema, ikus-entzunezko kultura edo sare sozialak berrasmatutakoak».

‘He was the adventurer’ lanari dagokionean, tinta eta laka batzen ditu mihise gainean, 50x150cm-ko hori panel bisagra bidez lotuz. Antolatzaileek azaldu dutenez Knoör ia hiru urtez aritu zen euskal diasporaren «ikusmen potentziala» ikertzen eta lantzen, Robert Laxalt idazle euskal-iparramerikarraren eleberrian oinarrituta. «Proiektu horretako lan bat aukeratu du, berarentzat giza mailan lan egin zuen politenetako bat izan zelako, eta gure historiari buruzko mundu bati ateak ireki zizkiolako».