«Jarrera murriztaile eta inmobilistaren aurrean» sindikatuek bi greba egunei eutsiko diete EHUn
EHUko errektoretza-taldea eta Lakuaren «jarrera murriztaile eta inmobilistaren aurrean» LAB, Steilas eta ELA sindikatuek martxoaren 6an eta 12an deitutako greba egunei eutsiko diete, «irakasle eta ikertzaileok lan-baldintza egokien eta kalitatezko unibertsitate publikoaren defentsan».
LAB, Steilas eta ELA sindikatuek elkarretaratze bateratua egin dute astearte honetan Bilbon EHUko irakasle eta ikertzaileen egoera salatzeko. Duela bi aste bi greba egun deitu zituzten, martxoaren 6an eta 12an, lan-baldintza egokien eta kalitatezko unibertsitate publikoaren defentsan. Eta, erakundeen «jarrera murriztaile eta inmobilistaren aurrean», mobilizazioei eutsiko diete.
Ohar batean azaldu dutenez, «ikasturte honetako lehen lauhilekoan EHUn greba egitera eta mobilizatzera bultzatu gintuzten arazo gehienek beren horretan diraute bigarren lauhilekoaren hasiera honetan».
«Lehen lauhileko mobilizazio eta grebetan sindikatuok salatu genuen, alde batetik, unibertsitatean arazo estrukturalak ditugula, eta bestetik, EHUko langile kolektibo batzuen lan-baldintzen prekarizazioa geroz eta larriagoa dela, guzti horien erroko arazoa finantzaketa falta izanik. Zehazki, aldarrikatu genuen langile guztion erosahalmenaren berreskuratzea, irakaskuntza eta lan zamaren jaitsiera, irakasle ordezkoen prekarizazioarekin amaitzea, eta, oro har, unibertsitate publikoaren finantzaketa handitzea», gogoratu dute.
«Finantzaketa-arazoaren konponbidea Eusko Jaurlaritza eta EHU-ko errektoretzaren esku daudenez», eskaeren inguruan hitz egiteko bilera bana erregistratu zuten sindikatuek haiei zuzenduta. «Lehenengoak ez digu oraindik erantzunik helarazi. Irakasle eta ikertzaileen errektoreordearekin egindako bileretan, sindikatuek aurkeztutako proposamenei erabat itxita agertu da».
Sindikatuek diotenez, erakundeek «ez dute hitz egin nahi ordezko irakasle prekarioen miseriazko soldatei buruz, haiek, EHUn bertan negoziatu baidaitezke USLOk jasotzen duen moduan. Ez dute ezer jakin nahi EHUko langileon erosahalmenaren berreskurapenari buruz. Ez dute ezer jakin nahi EHUko irakasle-ikertzaileok 2006tik hona izoztuta ditugun osagarri gehigarrien eguneratzeari buruz, izan ere % 30etik gorako balioaren galera izan dugu».
«Horrez gain, osagarrien deialdiak erregularizatu eta publikazio-datak bete beharrei buruz ez dute ezer jakin nahi. Ez dute ezer jakin nahi ordezko irakaslerik ez izateak eta dedikazio akademikoko programa berriaren aplikazioak dakarten lan-karga handitzeari buruz. Ez dute ezer jakin nahi azken boladan langileen alde egon diren epaiak betetzeari buruz Ez dute ezer jakin nahi erretiroen inguruko murrizketen aurkako sententziari buruz. Unibertsitateak errekurritu egin du eta aurreikusten da aurreko akordioarekiko murrizketak egongo direla», gaineratu dute.
Ikertzaileen egoera «mingarria»
Beraien esanetan, «bereziki mingarria da, ordezko irakasleen egoera. Irakasle horiei klase eta tutoretza orduak baino ez zaizkie ordaintzen, eta klaseak prestatzeko, formaziorako, irakaskuntzaren kudeaketarako lanerako edota irakaskuntzari lotutako ikerketarako orduak ez zaizkie aitortzen».
«Klaseak emateko lan-esku merke moduan erabiltzen dituzte ordezkoak. Gainera ordu horien ordutegia dela eta ezinezkoa egiten zaie osatzea halako kontratua beste lan batekoarekin. Hala, plaza horiek hutsik geratzen dira, logikoa denez, eta ordezkoen kredituak sailetako gainerako irakasleengan banatu behar dira. Horren ondorioa, irakaskuntza-karga handitzea eta irakaskuntza zatikatuta gera dadin izango da. Hori guztia irakaskuntzaren kalitatearen, ikerkuntzaren eta kudeaketaren kaltetan», azaldu dute.
Eta «prekarizazioa eten eta pertsonen ordezkapenak modu duinean betetzeko» proposamenak aurkeztu zituztela ohartarazi dute. Baina «errektoretzaren erantzuna argia izan zen: ez da negoziaziorik egongo ordezkoen inguruan eta, egoera horri irtenbidea emateko, laguntzaile doktore plazak eskaintzeko proposamena aurkeztu zuen, lan hitzarmenaren moldaketa baten bidez, baldin eta honako baldintza hauek betetzen badira: aurrekontu erabilgarritasuna, Sailaren dedikazio/gaitasun ratioa % 90 baino gutxiago ez izatea, aurreikusitako erretiroak eta 30 plazako muga 2024/25 ikasturtean».
«Baldintza horiek ez dizkiote arazoaren muinari erantzuten, hortaz, sindikatuek ezezko irmoa eman genuen», adierazi dute, «arazo guzti hauen erroa» finantzaketaren kontua dela errepikatuz. «Gaur egun BPGaren %0,4 inguruan dago eta USLOren arabera 2030erako esleitu behar da BPGaren %1a. Bitartean, ezin dugu utzi EHUren finantzaketa ez nahikoa langileon lan eta bizi baldintzen kontura. Errektoretzak presio handiagoa egin behar dio Eusko Jaurlaritzari, lan-baldintza duinetarako behar den diru-hornidura eman dezan».