INFO

Deskargako autobidearen ordainketaren erreklamazio sistema zalantzan jarri du Arartekoak

Arartekoak gomendio bat bidali dio Bidegi foru erakundeari. Bertan, Deskargako autobidea, A-636, erabiltzen duten gidariek ordaindu gabe utzitako bidesariak borondatez ordaintzeko sistema gaitzetsi du, informatikan abila ez den 77 urteko erabiltzaile baten kexa aintzat hartuta.

Beasain eta Bergara arteko autobidea, Deskargako tunelen inguruan. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Arartekoak Deskargako autobideko ordainketen erreklamazio sistema moldatzea aholkatu dio Bidegiri. Izan ere, 77 urteko erabiltzaile batek erreklamazioa jarri du, ez delako informatikarekin moldatzen. Autobide hau erabiltzeagatik ordaindu behar da; ez dago horretarako kabinarik, ordea. Atari bat du eta bertan Abiatu (TAG) gailuarekin ordain daiteke. Beste aukera matrikula eta kreditu txartel bat Bidegiren webgunean erregistratzea da.

Markinan bizi den gidari hau zenbait aldiz pasatu zen autobide honetatik 2023ko apirilaren 5 eta 30 bitartean, Abiatu dispositiborik gabe eta Bidegiren webgunean erregistratu gabe. Hortaz, maiatzaren 12an Gipuzkoako foru erakundeak ordainketa egiteko eskatu zion.

Gidariak Bidegiri eskatu zion zor zuena elektronikoa ez zen bideren batetik ordaintzea, baina autobideak kudeatzen dituen erakundeak bi aukera soilik zeudela erantzun zion: web orriaren bidez egitea edo Usurbilgo Aritzetan dagoen bulegora joatea.

Herritarrak zorraren zati bat ordaintzea lortu zuen sistema honekin, baina 6,22 euro gelditu zitzaizkion kitatu gabe borondatezko ordainketa egiteko bi hilabeteko epea amaitu zelako.

Arartekoak nabarmendu duenez, erreklamazioa jarri duen gidariak «ordaintzeko adostasuna agertu zuen», baina 77 urte ditu eta «ez du ezagutza informatikorik administrazioak zorra kitatzeko emandako argibideak erraz jarraitzeko».

«Diskriminatzailea»

«Ez dirudi egokia administrazioarekin duen zor baten ordainketa bide elektronikoetatik soilik egitera behartzeak, eskaera gutunean agertzen zen bezala. Gainera, traba bat da erreklamazioa jarri duen erabiltzailearentzat informatikan duen ezagutza faltagatik», dio Arartekoak ebazpenean.

Ez hori bakarrik: Bidegiren bulegoetatik 50 kilometrora bizi da. Beraz, bertara joateko aukera ez da egokia herritarrak babesten dituen figurarentzat, kontuan hartuta zor duena baino gastu handiagoa egingo lukeela bidean. «Administrazioarekin erlazionatzeko aurrez aurreko bidea aukeratzea diskriminatzailea izango litzateke erreklamazioa jarri duen pertsonarentzat, baita zama neurrigabe bat ere».

Erantsi duenez, bi aukera horietako bakar bat ere ez da agertzen A-636 autobideko sariari buruzko foru arauan. Horrenbestez, herritarrek ez dakite zer egin behar duten ordaindu gabe gelditutako dirua emateko.

Arrazoi horiengatik guztiengatik, herriaren defendatzaileak Bidegiri eskatu dio zorra borondatez ordaintzeko epean ordainketa hori egiteko eskatzeko prozedura arautzeko eta herritarrei argi azaltzeko zeintzuk diren epeak eta zein ondorio juridiko dituen borondatezko epetik kanpo ordaintzeak.

Era berean, aurrez aurre zein distantziatik ordaintzeko bide berriak martxan jartzeko galdegin dio, aukera zabalak eta hurbilak emanez eta zama neurrigabeak ekidinez.