INFO

Unicajaren aurka baino, Bilbao Basketek bere buruaren aurka egin beharko du Malagan

Ia berdin dio Martin Carpenan bilbotarrek 2010etik ezin irabazi izanak edo aurreneko itzulian andaluziarren aurka 43 puntutan geratzeak. Jaume Ponsarnauren helburua taldeak bere «tonua» berreskuratzea izan da eta hain aurkari «fisikoaren» kontra lehiakor izateko ez dakusa beste biderik Tarregakoak.

Unicajaren ahal fisikoak ito egin zuen Bilbao Basket Miribillan. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Surne Bilbao Basketek larunbatean 18.00etatik aurrera Ibon Navarroren Unicajaren aurka Malagan berrekingo dio ACB Ligako bideari. Hain zuzen, 2010eko martxotik ez daki talde bilbotarrak Martin Carpena Kirol Jauregian irabaztea zer den. Ondorioz, erruki Jaume Ponsarnau eta bere beltzezko gizonak, ACB Ligako bigarren sailkatuak, are gehiago etxean jokatu zuten Kopan final-laurdenetan lehiaketatik at geratu ostean, ez duelako bolada hori etetetik ametituko.

«Barça, Real Madril eta Murtziarekin batera, ACB Ligako talderik fisikoena da Unicaja. Goitik beherako taldea da eta ez da alperrik txapelketa honetako onenetako bat», onartu du Jaume Ponsarnau entrenatzaileak neurketa bezperan... Nolanahi, aurkariaren maila eta Malagan garaipenik lortu ezina baino, «norbere tonua berreskuratzea» izan omen da.

«Gure jokoaren oinarrizko balioak indartzeko lan egin genuen Kopa jokatu zen astean, beren selekzioekin artean inor ere ez zelako joan. ‘FIBA Lehioen’ etenaren ondotik, atseden egun bat gehiago eman diegu hauei karga larregizkorik izan ez dezaten eta handik aurrera, gure jokoaren tonua berreskuratzea izan da lanaren alderdi funtsezkoena. Alegia, erritmoa berreskuratzea; gure nortasunaren jabe egitea; oldarkortasuna, defentsa gogorra burutzea... Hori guztia da ‘tonua’ eta bestela izango lukeena baino askoz garrantzia handiagoa hartzen du horrek Unicaja bezalako talde fisiko baten kontra», azpimarratu du entrenatzaile katalanak.

Izan ere, gogoan izan behar da aurreneko itzulian sekulako jipoia jasan zuela Bilbao Basketek Unicajaren aurka. Orotara 43-67 galdu zuten beltzezko gizonek, ACB Ligan daudenetik inoiz sartu duten puntu kopururik eskasena lortuta. «Defentsan duin eutsi genion partidari, baina erasoan tamalgarri aritu ginen. Kontua halako partida negargarritik ikastea da. Aurrera egiten jakin behar da eta une txarren bat iristen denean, buruari beltaka hasi baino, gure lanabesei heltzea. Hau da, egokien jokatzen dugun sistema, gure jokoarengan konfiantzarik ez galtzeko; defentsako lana eta errebotea zaintzen jarraitzea; baloirik ez oparitzea eta erasora beldurrik gabe ekitea. Egia, bestalde, duela gutxi Murtziaren aurka beste antzeko azterketa fisiko bat izan genuela eta emaitza ez zela ona izan, baina hortik ere ikasi behar dugu», azpimarratu du Ponsarnauk.

Ondorioz, sekula baino gehiago, «aurkariaren inguruko scouting lana bigarren maila batean geratu da. Garrantzitsuagoa izan da taldea berriz ere elkartzea. zentzu horretan, garrantzitsua izan da ‘FIBA Lehioetatik’ denak sano itzultzea, baina baita Bilbon geratu direnek egin duten lana ere. Eta are eta garrantzitsuagoa deritzot beren selekzioekin jokatzetik etorri diren horiek erakutsi duten ilusioa berriz hona zetozelako. Zer-nolako gogoa erakutsi duten entrenamenduetan eta beren taldekideekin berriz ere lanari ekiteko orduan. Dena beharko dugu Unicajari aurre egiteko, eta momentu txarren bat iristen zaigunean burua galdu beharrean lanean jarraitzeko, baina honetan zentratuta bakarrik izango gara lehiakorrak», amaitu du Ponsarnauk.

Kanaria Handiaren aurkakoa

Bestalde, Bilbao Basketek konfirmatu duenez, apirilaren 6an Kanaria Handiaren aurka Bilbao Arenan jokatu beharreko norgehiagoka 17.00etan jokatuko da azkenean. Ordua aurreratzea erabaki dute saskibaloiko dema eta gauean Athletic eta Mallorcaren arteko futboleko Kopako finalarekin bat ez egiteko.