INFO

Trump faborito Astearte Handian

Martxoko lehen asteartea Super Tuesday edo Astearte Handia da AEBetan, alderdiek hauteskunde primario gehien egiten dituzten eguna baita. 16 estatutan bozkatuko dute gaur, azaroan Alderdi Demokratako zein Errepublikanoko presidentegaia zein izango den hautatzeko.

Donald Trump astelehenean, Floridako Palm Beach-en hitzaldia ematen. (Alon SKUY | AFP)

Orain arteko ibilbidea ikusita, 2020ko hautagaiak errepikatuko diren zantzu guztiak daude, estatubatuarren artean ilusio gutxien pizten duen lehia izan arren. Alderdi Errepublikanoko kideek argi utzi dute, estatuz estatu, Donald Trump dutela gaur egun alderdiko erreferente nagusi AEBetako eskuineko sektore gehienetan, kristau ebanjelikoetatik hasi eta unibertsitate-ikasketarik gabeko gizonezko zurienganaino.

Urtarrilean Iowan hasitako ibilbidean Donald Trump izan da nagusi estatuz estatu. Dozena erdi estatuk eta bi lurraldek egin dituzte hauteskundeak edo ak; presidente ohiak 244 ordezkari ditu jada, eta 43, Haleyk. Azken horien ia erdiak, 19, Washington hiriburuko primarioetan lortu ditu Haleyk asteburuan. Lehen aldiz gailendu zaio NBEko enbaxadore ohia Trumpi -eta, haren kanpainak esan duenez, lehen aldiz nagusitu da emakume bat historian primario errepublikanoetan-. Garaipena sinbolikoa da nagusiki, Washington guztiz demokrata den hiria baita. «Padura» bat; hala gutxietsi ohi dute Trumpek eta errepublikanoek oro har hiriburua eta boteregunea. Alde horretatik, Haleyk ere ez du garaipena lortu duen lekuaren aldarrikapen handirik egin.

Astearte Handian errepublikanoen ordezkarien herenak baino gehiago daude jokoan. Espero dena bete eta Trump nagusitzen bada, presidente ohiak ez ditu oraindik matematikoki izendatzeko behar dituen ordezkari guztiak izango, baina hurbil egongo da. Beste astebete edo bi aski izan litezke. Oraingoz, Haleyk ez du erretiratzeko zantzurik egin; hauteslekuetan irabazterik ez badu ere, epaitegiek Trump kaleratuz gero lehian dagoen hautagai bakarra izan nahi luke.

Demokraten artean ez dago lehia nabarmenik presidentegaia hautatzeko, Bidenen adinak kezka handia piztu arren (“New York Times”-ek joan den asteburuan argitaratutako inkesta batek herritarren mesfidantza ere handia dela utzi du agerian). Gazako egoerarekin haserre, demokraten artean antolatzen ari den ildo kritikoak 100.000 boto izan zituen Michiganen joan den astean, eta bihar ere Minnesotan eta komunitate musulman garrantzitsuak dauden beste estatu batzuetan haserre hori boto bidez adieraztera deitu du demokraten sektore ezkertiarrenak.