INFO

Hizkuntza eskakizunen aurkako epaia salatzeko protesta egin dute Bizkaiko Diputazioko langileek

Euskara eskakizunen aurkako azken epai judizialak salatzeko elkarretaratzea egin dute Bizkaiko Foru Aldundiko langileek, ELA eta LAB sindikatuek eta Euskalgintzaren Kontseiluak deituta. Izan ere, Bilboko epaitegiek Diputazioko 227 administrazio lanposturen egonkortzea eten zuten joan den astean.

Elkarretaratzea egin dute Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean Kontseiluak, ELAk eta LABek deituta. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Euskara eskakizunen aurkako azken epai judizialak salatzeko elkarretaratzea egin dute Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean bertako langileek, ELA eta LAB sindikatuek eta Euskalgintzaren Kontseiluak deituta. Adierazi dute ez dutela onartzen «ehunka lanpostu publiko arriskuan jartzea, hizkuntza eskakizunak eskatzea diskriminatzailea dela aitzakiatzat hartuta». Azpimarratu dute gaztelera jakitea derrigorrezkoa dela lanpostu guztietan, eta euskara jakitea, aldiz, batzuetan soilik.

Bilboko epaitegiek Bizkaiko Foru Aldundiko 227 administrazio lanposturen egonkortzea eten zuten joan den astean, euskara eskakizunak «proportzioz kanpokoak» direla argudiatuta. Epaia irmoa ez bada ere, euskararen aurkako oldarraldi judizialaren beste adibide bat gehiago dela salatu zuen orduan Kontseiluak.

Gaurko elkarretaratzean salatu dute euskararen ezagutza faktore diskriminatzaile moduan hartzen dela, «beste edozein ezagutza edo baldintzarekin gertatzen ez den bezala». Gaztelaniaren erabateko hegemonia inposatu nahi duten sektore judizial, politiko eta sindikalak daude, eta azken aldian ikusten dugun bezala, etengabe ari dira euskararen kontra egiten.

Era berean, Bizkaiko Foru Aldundiak epai hauei errekurtsoa jartzeko hartutako erabakia txalotu dute, eta prozesu judizialei aurre egiteko behar diren bitarteko guztiak jartzeko eskatu dute. Euskalgintzaren Kontseiluak, ELAk eta LABek 15 urteko epean Administrazioa euskalduntzea helburu bezala ezarri dute: «Lanpostu guztietan euskarazko gutxieneko ezagutzak bermatzea nahi dugu, horrela bakarrik bermatuko baita euskaldunek euskarazko zerbitzua jaso ahal izatea, gaztelaniadunek bezalaxe. Eta, era berean, horrela bakarrik bermatuko da langile euskaldunek euskaraz lan egin ahal izatea».

Halaber, inoren aurka egiteko asmorik ez dutela agerian utziz, prozesu guztian egun administrazioetan lanean ari diren eta euskarazko ezagutzarik ez duten langile publikoentzat euskararen ezagutza jasotzeko bide eta baliabideak galdegin dituzte.

Horrez gain, euskararen lege berri bat eta Administrazioa euskalduntzeko hizkuntza politika
berri bat galdegin diete indar politikoei. Ildo horretan, salatu dute Lakuako Gobernuak EAEko sektore publikoan euskararen erabilera normalizatzeko onartu duen dekretuak ez duela aldaketarik ekarriko eta, beraz, «aukera galdutzat» jo dute.