INFO

Aske irten dira Baionako komisaldegian zituzten bost gazteak

Frantziar Poliziak atzo agindu zuen operazioaren baitan sei herritar atzeman zituzten, besteak beste, U14 kolektiboak antolaturiko ekintzekin lotura zutelakoan. Asteazkenean bat aske gelditu zen. Beste bostak askatu berri dituzte ostegun honetan, ekainean eginen dieten auziaren zain.

Baionako komisaldegiaren aurrean polizi-operazioa salatuz atzo ezarritako banderolak. (Patxi BELTZAIZ)

Zenbait manifestazioari loturiko ekintzak egotzita, sei herritar atzeman zituen, asteazken goizean, frantses Poliziak Lapurdin. Gazte horietatik bat aske irten zen, atzo arratsaldean, Baionako komisaldegitik, baina beste bosti atxiloaldia osteguna arte luzatu zieten.

Bost gazte horiek libre gelditu dira gaur arratsaldean. Izan ere, Baionako Auzitegi Korrekzionalean auzipetuko dituzte, heldu den ekainaren 11n.

«Aurpegia estalirik eginiko kalteengatik», «agintzaritza publikoaren aurkako indarkeriagatik» eta «Poliziak DNA laginak hartzeko eskaera errefusatzeagatik» auzipetuak izan dira, Jerome Bourrier prokuradoreak jakitera eman zuenez.

Besteak beste, besta nazional frantsesa «jai egun arrotza eta inposatua dela» salatzeko U14 kolektiboak antolaturiko ekimenekin lotuko lituztekete gazteak.

Lau ekintza aipagai izan ditu fiskalak

Zehazki, 2022 eta 2023an Donibane Lohizunen U14 kolektiboak antolaturiko mobilizazioetan izandako kalteak egotzi dizkietela baieztatu du prokuradoreak.

Hala nola hildakoen aldeko oroigarrian, Ziburun, bandera frantsesak kendu zituzten.

Izan ere, Hendaian eta Baioinan izandako ekintzak ere egotziko liekete baitaere, beti ere polizi-iturriek zabaldutako albisteen arabera.

2023ko uztailaren 14aren bezperetan, Hendaiako tren ttipian izan zen erasoa (turismoa salatzeko pintaketak egin zituzten) aipagai izan du prokuradoreak, baita erretreten erreformaren kontrako mobilizazio batean, Baionan, manifestarien eta polizien arteko liskarrak ere.

Laugarren ikerketa bat mahaigaineratu du, ordea, fiskalak, bost gazte horiek hainbat higiezin-bulegoetan eragindako kalteak egotzita.

Atxiloketak Urruñan, Hendaian, Baionan eta Kanbon egin zituzten poliziek. Lehen herrian bi mutil gazte atzeman zituzten. Gurasoen etxetik gertu partekatzen duten etxebizitzan atxilotu zituzten bi anaiak. Hendaian bikotea osatzen duten bertze bi herritar atzeman zituen Poliziak. Finean, Kanbon eta Baionan herritar bana atzeman zituzten.

Sei gazteak Baionan Polizia frantsesak duen komisariara eraman zituzten. Iluntzean baieztatu zen bost gazteei atxiloaldia, bederen gaur arte, luzatzeko erabakia. Seigarrena, erran bezala, libre irten zen.

Atxiloketak salatzeko lehen elkarretaratzea egin zuten, atzo, eguerdian komisariaren aurrean.

Gazte gehienak gatibu jarraituko zutela baieztatu zenean, manifestazio bat egin zuten, berriz, asteazken iluntzean.