INFO

Erakundeak bat eginda, eta begirada feminista aitzindariengandik ikasleenganaino

Nafarroako erakundeak batera agertu dira «ahots antifeministen» aurka. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udalek, aldiz, emakume helduen ikusgarritasuna bultzatu dute. Erizainek diskriminazioa bukatzea galdegin dute, kooperatibistak omendu dituzte, eta ikasleek klaseak hustu eta kaleak bete dituzte.

Emakume kooperatibistak omendu dituzte Gasteizen. (Kooperatiben Kontseilua)

Nafarroako Gobernuak deituta, elkarretaratzean bildu dira parlamentariak eta Gobernu espainiarrak herrialdean dituen ordezkariak. Legebiltzarrak berak ere kontzentrazioa antolatu nahi zuen, baina adierazpen instituzionalek denen adostasuna eskatzen dute eta Voxek eragotzi du aurrera egitea.

Maria Chivite lehendakariak eta Ana Ollo lehendakariordeak irakurri duten adierazpenean «feminismoak lortutako aurrerapenak aldarrikatu» dituzte, eta «ikuspegi feminista aplikatzen jarraitzeko beharra» azpimarratu dute, «egiturazko desberdinkeria amaitzeko, emakumeengan, hau da, biztanleriaren erdiarengan eragin negatiboa baitu».

Erantsi dutenez, «ahots antifeministak eta negazionistak aditzen ditugu gaur egun, emakumeen eskubideetan eman diren aurrerapausoei legitimitatea kendu nahian; ez da ezer berria, halako diskurtsoek indarra hartu dute historiaren hainbat unetan».

Horien aurrean, berdintasunaren printzipioa gauzatu dadin inplikatzen diren pertsona guztiak eskertu dituzte.

Lehendakariak Berdinna saria eman dio ‘Acción Contra la Trata’ elkarteari, sexu esplotazioaren biktima diren emakumeen duintasuna berreskuratzeagatik eta berdintasuna sustatzeagatik.

Emakume helduei aitortza eta ikusgarritasuna

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udalek emakume helduen ikusgarritasuna eta aitortza bultzatzeko konpromisoa hartu dute, estereotipoei eta adinkeriari aurre egiteko. Tokian tokiko memoria historikotik emakumeak berreskuratzeko proiektuak iragarri dituzte.

Gasteiz, Bilbo eta Donostiako udalek bere egin dute Eudelen adierazpena. Bertan, emakume helduen ekarpena txalotzen da, garrantzitsua delako gazteen ahalduntzean.

Adierazpen horren bidez, udalek mugimendu feministak aitortu nahi dituzte, eta topatzeko espazioak eta belaunaldi arteko elkarrizketak bultzatu. Era berean, errentarik baxuenak dituzten emakume helduen ahalduntze ekonomikoa bermatzeko diru sarrerak handitzeko eskaera babestu dute.

Erizainak, diskriminazioaren kontra

Satse sindikatuak antolatuta, erizainek elkarretaratzeak egin dituzte Txagorritxu Ospitalean, Donostia Ospitalean eta Portugaleteko Repelega auzoko osasun zentroan. Azaldu dutenez, administrazio publikoei ez zaie bizi duten egoera interesatzen eta horrekin «nazkatuta» daude, «motibazioa eta ilusioa galduta».

Irakurri duten manifestuan «osasunari funtsezko ekarpena» egiten diotela nabarmendu dute, eta beren lana gehiago ez «mespretxatzeko» eskatu dute.

Araban, dantza garaikidearen bidez adierazi dute erizainen eta fisioterapeuten kolektiboak jasaten duen diskriminazioa. Esplikatu dutenez, sailkapen profesionalean A2 azpitaldean sartzen dituzte. Sailkapen hori ez dator bat gaur egungo unibertsitate titulu eta lan esperientziarekin, eta genero arrakala dakar lanean eta soldatan. Gainera, hazkuntza profesionala mugatzen du eta aurreiritzi eta estereotipoei bide ematen die. Sailkapen profesional «justu» bat eskatu dute, beren «prestakuntza, gaitasunak eta gaur egungo ardurak» islatuko dituena.

Ikasleak, «sistema hau bukatzeko» antolatuta

Milaka ikaslek egin dituzte manifestazioak Donostia, Bilbo eta Gasteizen, Ikasle Sindikatuak deituta, «feminismo borrokalariak ez duela etsitzen» argi uzteko. Alderdi politikoen eta eliza katolikoaren «hipokrisia» eta «itxurakeria» gaitzetsi dute.

«Feministak, internazionalistak, antifaxistak eta antikapitalistak gara, arazoa sistema hau delako eta berau bukatzeko antolatu behar dugulako», adierazi du Laura Luengo Ikasle Sindikatuko kideak.

Bilboko martxa Arriagatik abiatu da, ‘Gu hiltzen eta bortxatzen jarraitzen dute. Aski da’ leloarekin, herri palestinarra gogoan.

Emakume kooperatibistei omenaldia

Kooperatiben Kontseiluak eta Konfekoopek, bitartean, emakume kooperatibistak omendu dituzte, «berdintasunerako bidean aitzindari baitira». «Elkarrekin ahalduntzen, historia
sortzen: kooperatiba gehiago, berdintasun gehiago» leloa izan du Gasteizko Goiuri jauregian egindako ekitaldi hunkigarriak.

«Berdintasuna kooperatibismoaren DNAn dago, eta enpresa eredu demokratiko, solidario eta ekitatibo bat eraikitzeko oinarritzat hartzen dugun balioetako bat da», azpimarratu du Belen Balerdi Kooperatiben Kontseiluko idazkari nagusi teknikoak.

Gaur egun, kooperatiben munduan emakumeak nagusi dira sektore batzuetan, eta, oro har, bazkideen eta langileen %53 dira. «Hamar kooperatibatik lauk emakume bat dute lehendakari; gainera, urtetik urtera gehiago dira euskal kooperatibetan ezartzen ari diren berdintasun planak, balio handiko tresna diren heinean».

XX. mende hasieratik gaur arte ehunka emakume izan dira euskal kooperatibismoaren parte. Horien ordezkari gisa, hamarkada bakoitzeko aitzindariei aitortza egin diete. Erakundeetako ordezkaritza zabala egon da, Idoia Mendia lehendakariordea eta Nerea Melgosa Berdintasun sailburua tartean.