INFO

Neskatilak, lehorreko lemazain

Bermeoko neskatilek itsasoari lotuta egiten dute lan, baina lehorretik. Baxurako barkuek ekarritako arraina kudeatzeaz gain, etxea ere beraiek zuzentzen dute, baita herria bera ere. Horrela, gizartearen sostengu eta ardatz izan dira, lehorreko herrietan pentsaezina izan den zerbait.

Ezkerretik eskuinera, Josefina Suarez, Juana Maceira eta Ana Rosa Ispizua, sareak konpontzen. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Baporearen behar guztiekin lagundu, arraina ateratzen lagundu, jangaiak prestatu, izapide guztiak egin…». Hori dena, eta gehiago, da neskatilek egiten duten lana, ordutegi finkorik gabe, itsasoak egun bakoitzean ekartzen dien lanaren arabera. Ana Rosa Ispizua Bilbao, Mª Angeles Martin, Juana Maceira eta Josefina Suarez Bermeon geratzen diren neskatiletako batzuk dira. Desagertzen ari den lanbidea da eta Bizkaiko kostaldeko herri honetan baino ez da neskatilarik geratzen gaur egun.

Neskatilen eginkizun nagusia baxurako ontzi bakoitzak beharko duen kaxa kopurua erabakitzea da eta, garai batean, zerbitzua eman behar zioten baporea iristeko ordua baino lehen kaira zihoazen besteekin batera kaxa horiek prestatzea. Itxarotea izaten zen, hain zuzen ere, lanaren zatirik gogorrenetako bat, eguraldiaren menpe eta ordu nahikotxoz egoten baitziren zain. Orain, ordea, mugikorraren bidez abisatzen diete, zain egon beharrik gabe.

Neskatila gisa duten zeregina gutxi ez, eta gaur egun gida lanetan ere murgilduta dabiltza lau emakumeak. Haien ogibidea ezagutzera emateko bisita gidatuak antolatzen dituzte kofradian. Ez dago inor haiek baino hoberik egiten duten lana azaltzeko eta haur zein heldu taldeak hartzen dituzte lantokian.

Jakina da kostaldeko herri askotan emakumeak jaun eta jabe izan direla historikoki, eta beste edozein tokitan gizonek bahituta zeukaten erabakitzeko ahalmena izan dutela, etxe barruan zein kanpoan. Horrela, andreek erabaki politikoak hartu dituzte, familiako buruak izan dira eta etxeko ekonomiaren inguruan ebatzi izan dute, baita lehorreko tokietan horrelakorik imajinatze hutsa pentsaezina zen garaietan ere.

Neskatilek baxurako ontziekin egiten dute lan eta ogibidea etxetik jaso dute gehienek, amarengandik ikasita edo senarra arrantzan hasi eta horretarako aukera sortutakoan. Beraz, arrantzaleen emazte, arreba edo alabak dira neskatila lanean ibiltzen direnak.

Hori bai, norbaiten ezer baino askoz ere gehiago izan dira neskatilak. Izan ere, kostaldeko herri askotan gizon gehienak itsasoan egoteak aukera eman izan die emakumeei beste eremu batzuetan ezinezkoa zen bitartean haien kabuz erabakiak hartzeko. Horren errotuta dago, non kulturala dela ere esan daitekeen.

Lau neskatilei xelebrea iruditzen zaie lehorrekoei bitxia iruditzea haiek erabat barneratuta duten funtzionamendua. Izan ere, ez dute pisu guztia bizkarrean eramatea beste aukerarik izan, Ispizuak ezin argiago azaldu duenez: «Gizona itsasoan dagoen artean ere bai, jan egin behar dugu».

Ukaezina da ez dagoenak ezin duela bere gain ardurarik hartu, ez da posible, are gutxiago garai batean, komunikatzeko modurik ez zeukatenean. Horrela, umea gaixo jarriz gero, adibidez, haiek bakarrik egin behar zioten aurre egoera horri, «ezin zara etorri arte zain egon».

BI ALDEKO TXANPONA

Beraz, Bermeon zein Euskal Herriko kostaldeko beste herri askotan, emakumeek zuzendu dute, ez etxea bakarrik, baita herria bera ere. Bi alde dauzkan txanpona da, ordea. Izan ere, erabakitzeko gaitasuna bai, baina ardura den-denak ere haien gain izan dituzte, eta dauzkate, andreek.

Orain egoera bestelakoa dela azaldu dute, badaukatelako modua itsasoan dagoenarekin azkar komunikatzeko. Hala ere, funtzionatzeko modua antzekoa dela aitortu dute eta emakumeak arduratzen dira eguneroko erabaki txiki zein handiez.

EUSKAL HERRIKO AZKENAK

Neskatilak desagertzen ari dira, bi arrazoi nagusirengatik. Gero eta lan gutxiago dago, geroz eta itsasontzi gutxiago dagoelako Bermeoko portuan. Ispizuak oroitzen du 300 bapore egotera ere heldu direla, baina orain hogei bat inguru geratzen dira.

Horrez gain, lan gogorra da, baita fisikoki ere. Martinek berak argi dauka alabarentzako ez duela bizimodu hori nahi eta semea itsasoan lanean ari bada ere, alabak ez du amaren bidea jarraituko. Suarezek alabak dauzka eta horiek ere ikasketak beste alor batzuetara bideratu dituzte.

Neskatilen soldata ez da lan egiten duten denboraren araberakoa, saregileen kasuan gertatzen den moduan, baizik eta arrantzaleek harrapatzen duten arrain kopuruaren araberakoa, eta autonomo gisa dabiltza lanean.

Horrez gain, kontsumo ohiturak zeharo ari dira aldatzen eta tokiko ekoizleei geroz eta gehiago kostatzen zaie egiten duten lanarentzako behar bezalako ordaina lortzea. Arrantzale eta neskatilen kasua ez da salbuespena. «15 zentimora ordaindu digute antxoa, arraindegian ia sei eurora saltzen zuten bitartean», jarri du adibide gisa Martinek.

Halaber, Martinek gaineratu du egun Euskal Herrian jaten den arraina aireportutik sartutakoa dela, ez euskal portuetara heldutakoa. Hori horrela, lau neskatilek argi daukate azkenekoetarikoak izango direla: «Gurekin bukatuko da hau».



Duela gutxira arte, aurretiko erretiroa hartzeko aukerarik ez

Neskatilen lana gogorra bada ere, oroitzapen onak ere badituzte. Josefina Suarezek are gogorragoa zenean ere gustuko izan duen ogibidea dela dio, bulego batean lan egiteak eragingo liokeen estresetik urruti.

Ana Rosa Ispizuak azaldu du garai batean buru gainean eramaten zutela arraina neskatilek eta kamioietara bota behar izaten zituzten kutxak -egurrezkoak izaki- 30 kilo ingurukoak zirela. Egun, ordea, beste era batera egiten dute lan, teknologia eta tresneria berriak lagun.

Gorputzari astindu ederra ematen dion lana izanagatik ere, duela oso gutxira arte ez dute aurretiko erretiroa hartzeko aukerarik izan, ez zietelako koefiziente erregulatzailea aplikatzen. 2023az geroztik, ordea, aukera dute erretiro-adin arrunta baino lehen lana uzteko.

Urte askoko borrokaren emaitza da lorpena eta harro gogoratzen du Ispizuak martxoaren 8 batez onartu zutela araudi berria, paparrean daraman Itsasoko Emakume Langileen Euskadiko Federazioaren ikurra agerian utziz.

Bizimoduak ondu dituen emakumeak dira, lortutakoaz jakitun direnak. Haien errealitatea lehorrean batere ohikoa izan ez dela ere badakite; hala ere, eredu direlaren berri izango ez balute bezala ematen dituzte azalpenak, umiltasunez, baina irmo, gauza guztietara aplikatzen duten egiteko moduarekin.