INFO

Tolosako osteopataren sexu-erasoen harira, elkar-entzute saio bat egingo dute hilaren 16an

Martxoaren 16an, larunbata, Tolosako Andragora Emakumeen Etxeak elkar-entzute saio bat hartuko du, osteopata batek egindako sexu-eraso kasuak direla eta. Berdintasunean aditua den Clara Wolfram Perezek gidatuko du saioa eta ez dago aurrez izena eman beharrik.

Osteopataren aurkako lehen salaketen berri eduki ostean Tolosan egin zuten elkarretaratzea. (Gorka RUBIO | FOKU)

Orain arte, guztira bederatzi salaketa jarri dira Tolosako osteopata batek egindako sexu-erasoak direla-eta. Indarkeria egoera hau jasan duten emakumeei babesa eta laguntza emateko, Tolosako Andragora Emakumeen Etxean elkar-entzute saio bat antolatu da datorren hilaren 16rako.

Udalak antolatutako ekimena da, salaketa jarri edo ez, indarkeria egoera hau jasan dutenentzat eta haien gertukoentzat zuzendutakoa. Clara Wolfram Perezek, indarkeria matxista pairatu duten emakumeekin berdintasun, ahalduntze eta lanean adituak, gidatuko du saioa, 10.00etan hasi eta 13.00ean amaituko dena.

Talde dinamika formatua izango du saioak, Udalak jakinarazi duenez, nahiz eta tailerrean banakako prozesu bat ere errazten den parte hartzaile bakoitzarentzat. Parte hartzeko ez da izen ematerik egin behar, egun horretan bertara azaltzearekin nahikoa da.

Goiuri Ezeiza Berdintasun zinegotziak adierazi duen moduan, «horrelako gertakari baten osteko prozesua malkartsua da oso, horregatik garrantzitsua da birbiktimizazioa ekiditea. Alde horretatik, talde hau lagungarria izan daiteke, saretzeko. Funtsezkoa da indarkeria matxistari izena jartzea eta horretaz jabetzea; izan ere, hori egitean, emakumeek ulertzen dute gertatzen zaiena edo gertatu dena ez dela beren errua, eta, gainera, ez daudela bakarrik, beste emakume batzuek ere pairatzen dutela».