INFO

Egun osoko jaia prestatu dute Irunen, 23. Korrikari hasiera emateko

Ostegun honetan, martxoak 14, Irunen hitzordu garrantzitsua du Euskal Herriak, bertatik abiatuko baita, ‘Harro Herri’ leloarekin, 23. Korrika, 16.00etan. Goiz-goizetik hainbat ekimen eta giro ezin hobea izango da hirian.

Korrikaren hasieraren aurkezpena. Xabier Artola Malangre Gipuzkoako Korrikako arduraduna, Beñat Alzaga Olazabal Bidasoako AEK-ko zuzendaria eta Maddi Sanz Sanchez, lehen eguneko ekitaldien arduraduna ageri dira irudian. (Gotzon ARANBURU | FOKU)

Egun osoko jaia prestatu dute irundarrek 23. Korrikari hasiera emateko. Egitaraua 11.00etan hasiko da, Gazte Korrikarekin. Goizean, muxikoak izango dira Almudena Grandes plazan, baita bertso triki poteoa eta artisau azoka ere, besteak beste.

Bazkalondoren, 15.30 aldera, 23. Korrikaren hasiera ekitaldia izango da, San Juan plazan jarriko den oholtzan. Bertan, AEK-ko kideek hastapena emango diote lasterketa erraldoiari, Maddi Sanz arpa-joleak eta Koldo eta Xabi Sorzabalbere txalapartariek lagundurik.

Lehen kilometroa, Bidasoko AEK-ko irakasleek

Behin mezua lekukoan sartuta, 16.00etan abiatuko da Korrika. Lehen kilometroa Bidasoko AEK euskaltegiko 11 irakaslek egingo dute. Euskaltegiko zuzendari Beñat Alzagaren esanetan, «lehen kilometro horrek islatuko du, alde batetik, euskaraz bizitzeko kemena; bestetik, Korrikak hauspo izan nahi duela Irunen euskalduntze lanak tinko egiteko».

Korrikak Lapurdin barrena segituko du, eta jai betean utziko du Irun, kontzertu eta ekitaldi anitzekin, denak Mosku plazaren inguruan: Burrunba elektrotxaranga tabernetatik, eta Esne Beltzaren zein Bad Sound-en kontzertuak agertokian. Horrez gain, bi txosna ere egongo dira edariz horniturik, eta beste bat jatekoz, Moskun bertan, 12.30etik gauerdira arte.

Irun euskalduna ezagutzeko gonbidapena

Irun izango da, beraz, ostegun honetako protagonista nagusia, bertako AEK euskaltegiak eta herriko eragileek egindako lanari esker. Hilabeteetako ahalegina izan da, auzolan erraldoia, eta martxoaren 14rako hiria prest izango da etorriko den herritar andanari behar bezalako harrera egiteko.

Maddi Sanz hasiera jaiaren koordinatzaileak adierazi duenez, Korrikak aukera eman die herriko euskaldun eta euskaltzale guztiak topatzeko. «Euskaraz bizi nahi dugula aldarrikatu nahi dugu. Irun euskaldun eta horregatik harroa ezagutzera gonbidatu nahi dugu Euskal Herri osoa».

Korrikaren hasiera telebistaz (baita Interneten ere) nahiz irratiz jarraitu ahal izango da zuzenean, hainbat hedabideren saioei esker.

Hasiera eguneko informazio guztia, eta gehiago, korrika.eus-en.