«Nazioa garela aldarrikatzeko» Aberri Eguneko egitarau oparoa aurkeztu du EH Bilduk
Martxoaren 31n Iruñean ospatuko duen Aberri Egunaren egitaraua aurkeztu du EH Bilduk Iruñean, «ditugun eskubide nazionalak» eta «nazioa garela» aldarrikatzeko xedearekin. Manifestazioaz gain, hainbat ekimen kultural izango dira egun osoan zehar.
EH Bilduk martxoaren 31n Iruñean antolatuko duen Aberri Egunari begirako egitaraua aurkeztu du astearte goiz honetan Iruñeko Gaztelu Plazan eginiko agerraldian. Bertan, Pernando Barrena Europako Parlamenturako bozetarako hautagaiak eta Oihana Etxebarrieta EAEko hauteskunde kanpainako batzordearen bozeramaileak hartu dute hitza egunaren nondik norakoak azaltzeko.
Barrenaren esanetan, Euskal Herria nazio bat da, «ezabapen eskaera guztien gainetik» herri gisa bizirik mantentzeko gai izan dena. Ildo horretan, gogoratu du herriko frontoian dagoen Euskal Herriko armarria kentzera behartu duela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak Atarrabiako Udala. «Ez da gauza berria, historikoki egoera zailak gainditu izan ditu Euskal Herriak, eta herri gisa gure kultura, hizkuntza eta herria bizirik mantentzeko gai izan gara eta izanen gara», narmendu du.
Hortaz, «mehatxu eta oztopoen aurrean burujabetza eta demokraziaren bidean aurrera egiteko beharra» azpimarratu du, «eta horretarako beharrezkoa dugu euskal nazio kontzientzia bizirik mantentzea». Hala, martxoaren 31n «ditugun eskubide nazionalak» aldarrikatuko dituztela adierazi du Barrenak.
«Espainiako epaitegietatik euskararen aurkako erasoak heldu dira eta Espainia eta Frantziako estatuek ere gure izaera ukatzen duten hainbat ekinbide egin dituzte. Horregatik da beharrezkoa gaur bertatik hasita Euskal Herriaren etorkizuna eraikitzeko lanean jartzea», gehitu du.
Zentzu horretan, «gure proiektu politikoaren ardatza» Euskal Herria dela esan du, «eta hori ezingo dute ezabatu». «Epaitegiek esan dezakete Euskal Herria ez dela zazpi herrialdez osatutako herria, Espainiako eta Frantziako estatuek ukatu ahal digute gure izaera nazionala, baina ezkerreko independentistok argi daukagu gurea herria dela, nazioa garela eta gure etorkizuna erabaki ahal dugula. Anbizioa daukagu hori erakusteko eta sinetsita gaude lehenago edo beranduago estatua izango garela», azpimarratu du.
Egitarau oparoa
Mota guztietako jarduerak biltzen dituen egitaraua prestatu du EH Bilduk egun horretarako. Etxebarrietak azaldu duenez, ekitaldi nagusia 12.00etan Golemetik abiatu eta Antoniuttin bukatuko den manifestazioa izango da.
Baina egitaraua ez da manifestazio eta ekitaldi politikora mugatuko. 13.15etik aurrera Basotxotik «kale animazioz giroturik» joko dute Alde Zaharrera, trikitilariak, Djak, gaiteroak, buruhandiak eta txarangekin. Burgoen plazan umeen gunea izango da 16.00etatik aurrera, Ekain pailazoa eta jolasekin.
Arratsaldean, Gaztelu Plazan egingo da eskaintza musikala. 17:00etan hasiko dira kontzertuak, eta bertan izanen dira Perlata, Xiberoots eta Trikidantz taldeak.
«Berdinen eta pertsona askeen errepublika eraikitzeko energia guztia bildu eta askatzeko eguna izango da. Hitzordu garrantzitsua izango da abertzale, independentista, subiranista sentitzen garenontzat. Euskal Herria Iruñera begira jarriko dugu, nazioa garela erakusteko», adierazi du Etxebarrietak.