INFO

‘Mundu zitalaren kontra’, Igartza bekarekin Lizar Begoñak ondu duen eleberria

Beka jaso eta eleberria idazteko urte bete pasa denean, asteazken honetan aurkeztu du Lizar Begoñak bere lehen eleberria, ‘Mundu zitalaren kontra’. Benidormen kokatu ditu bi belaunaldi ezberdinetako bi emakume, bertakoa bata eta bizkaitarra bestea; bataren eta bestearen egunerokotasuna azaltzen du.

Lizar Begoñak asteazken honetan aurkeztu du bere lehen eleberria. (Jon Urbe | FOKU)

Benidorm hautatu zuen bere eleberriaren kokalekutzat Lizar Begoñak eta bi belaunaldi ezberdinetako emakumeak dira protagonista. Eszenatoki horretan gertatzen da ‘Mundu zitalaren kontra’ (Elkar) eleberria. 25. Igartza beka eskuratu zuen Begoñak, eta asteazken goiz honetan aurkeztu du Donostiako Elkarren.

Xabier Mendiguren editoreak eleberri «berezia» dela aipatu du hasieran, kontatzen duenarengatik bezainbat kontatzeko moduarengatik, «bi pertsonaien kontrasteak hartzen du indarra». Begoñak hiru ardatz azpimarratu ditu aurkezpenean: pertsonaiak, kokaleakua eta kioskoa.

Bi belaunaldi ezberdinetako bi emakume dira protagonistak; «bi lekukotasun ekarri nahi nituen» esan du, eta horregatik sortu zituela bi pertsonaia horiek. Lehena Pilar da, XX. mende erditsuan kioskoa ireki zuen arrantzalearen alaba, ahizpa zahar elbarriarekin bizi dena; «paperaren salmentak eta ahizparen zaintzak kezkatzen du batik bat», zehaztu du Begoñak. Bigarren pertsonaia neska gazte bizkaitar bat da, ez du izenik, eta udako lan bila joan da Benidormera; «digitalizazioaren garaian jaiotakoa da». Biek egiten dute lan, eta bertatik ateratzerakoan egiten dute topo.

Benidorm ez zuen ausaz hautatu kokalekutzat idazleak. «Iruditzen zitzaidan antiliterarioa izan daitekeela, Valentziako kostaldeak badu gordintasun puntu bat, eta euskal literaturan oso gutxi erabilitako hiria dela uste dut». Benidormeko historiak ere erakarri zuen; aurkezpenean kontatu du nola 50. hamarkadan etorri zen «turismoaren booma, New York imitatu nahian», baina ordura arte herri arrantzalea izan zela, eta ekonomia sustatzeko asmoz abiatu zutela turismo kanpaina. «Egun turistaz gainezka dagoen leku bat da, erakargarria egin zitzaidan». Azaldu du Benidormen historia ez duela «esplizituki» kontatzen, baina badaudela testuingurua jartzen duten «printza» batzuk.

Aipatu duen hirugarren ardatza kioskoarena da: «Kioskoa figura moduan erabili dut, sinbolo bat izan daiteke papereko edukien eta eduki digitalen artean». Prentsa edota paperezko aldizkariak saltzeaz gain oroigarriak ere salgai ditu Pilarrek. «Kioskoek itxuraz badute egitura berezi bat denda tipikoengandik ezberdintzen dituena, kale erdian dauden kapsula moduko batzuk dira».

Hizkuntzen nahasketa

Modu bereizian kontatzen dira bi pertsonaien errelatoak. Begoñak kontatu du «modu simetrikoan» egiten ahalegindu dela. Lehen pertsonan daude idatzita bi pertsonaien ahotsak, baina batak aipatzen du bestea: «Laneko txanden arabera egiten dute topo, badago beraien arteko elkarrizketaren bat. Batak besteari ez dio erantzuten zuzenki, baina tarteka badaude loturak».

Eleberriak duen beste bereizgarri bat hizkuntzen nahasketa da. Euskaraz dago idatzita, baina gaztelera, ingelesa eta katalana ere ageri dira. «Nire ustez errealitatera ekartzen du hizkuntzen nahasketa horrek, ahozkotasun ezberdinak ekartzeaz gain, nolabait lur hartzen du», argitu du.

Aurrez bi poesia liburu ditu idatzita Begoñak, eta bere idazketa estiloan horrek izan du eraginik: «Oso deskriptiboa da, sotila da, ekintzak eta tramak ez dira oso gorabeheratsuak». Eta egun eskuartean beste proiekturik ez badu ere, poesian sentitzen dela erosoen aitortu du. Nahiz eta «oso zirraragarria» egin zaion eleberriaren idazketa: «Polita bezain beldurgarria izan da, oso pozik nago».

Argazki serie bat inspirazio

Ideiaren iturburua edota inspirazioa Martin Parr argazkilariaren argazki segida bat izan zela kontatu du, Benidormi buruzkoa, eta liburuaren azala Ainara Alkortak ere horretan inspiratuta egin duela; «argazki segida oso erakargarria iruditzen zait, eta hortik ere elikatu naiz».

Aurkezpenean, Beasaingo alkate Leire Artola eta CAFeko euskara arduradun Bianditz Iraola ere izan dira. «Ikur eta altxor bat da beka» beraien ustez, idazle gazteei laguntzeaz gain, euskal kulturari kalitate oso altuko lanak eskaintzen dizkiola esan dute.

Azaldu dute martxan dagoela jada 27. Igartza bekara lanak aurkezteko epea, ekainaren amaiera arte. Eta aurtengoan, «jauzi bat» eman dutela; lehen 6.000 euroko saria izaten zen, eta aurtengo ediziotik aurrera 10.000koa izango da.