INFO

Baietz 11.000 Korrika laguntzaile

Aurten ere abian da Korrika laguntzaile kanpaina, ekarpen ekonomikoaz gain -eta leloarekin bat eginez- komunitatea gorpuzteko. Oraingoan, 11.000 pertsonen langa gainditu nahi dute.

Korrikaren eta euskaltzaleen arteko haria estuki konektatu nahi dute antolatzaileek. Irudian, 2022ko amaiera Donostian. (I.ZABALETA | FOKU)

Jose Miguel Beñaran Ordeñana Argalak zioen denok eman behar dugula zerbait, gutxi batzuek dena eman behar ez dezaten. Euskararen alde egiten diren ekimen ezberdinek ere ahalik eta jende gehienaren inplikazioa, laguntza eta ekarpen solidarioa behar izaten dute aurrera egin nahi badute behintzat. Korrika ere ez da salbuespena. Hari laguntzeko Korrika laguntzaile kanpaina abian da beste behin, eta aurtengo erronka da iragan ekitaldietan lortutako markak haustea.

Tito Serrano “Korrika Laguntzaile” kanpainaren koordinatzaile nagusia da, eta dioenez aipatu egitasmoa 14. Korrikan jarri zuten martxan, 2005. urtean Orreagatik Bilboraino korritu zen hartan, hain zuzen ere. Euskararen jaialdi erraldoiari ekarpena egiteko modu bat bezala planteatu omen zuten. Izan ere, Korrikari laguntzeko hainbat modu izan dira denboran zehar, eta laguntzaile kanpaina jende kopuru handiagoarengana iristeko beste era bat da.

Laguntza sarri diruarekin eta donazioekin erlazionatu izan ohi dugu herritarrok. Eta hala da bai, baina, ekarpen ekonomikoa izateaz gainera, Korrikan parte hartzeko asmoa duen herritarrari informazioa modu zuzenago eta gertuagoko batean emateko modua ere bada; alegia, Korrikaren eta euskaltzaleen arteko haria estuki konektatzeko bidea. Serranoren arabera, «laguntzaile kanpaina aurtengo Korrikaren leloarekin guztiz bat dator; izan ere, kanpainaren helburu nagusietako bat da komunitatea egitea, komunitatea sortzea».

ERREKORRAREN BILA

Urtetik urtera gero eta gehiago dira Korrikarekin bat egiten duten gizabanako, eragile eta erakundeak. Handitzen doan familia da Korrikarena, eta etorkizunean are gehiago haziko dena ziur. Zentzu horretan, Serranok Korrikaren aurtengo erronkak zehaztu nahi izan ditu: «Jakin badakigu Korrikaren inguruan biltzen den jende kopurua ikaragarria dela, eta hasiera batean pentsaezina zela hori aurreikustea. Orain artean egin dugun kanpaina bakoitzean, batez beste, 10.000 lagun inguruk egin izan du ekarpena, eta uste dugu zenbaki polita dela. Oraingoan ere kopuru horretara iritsiko garen zalantzarik ez daukagu; hala ere, gure erronka eta apustua argia da: 11.000 pertsonaren langa gainditu nahi dugu».

Izan ere, Serranok argi utzi nahi izan du kanpaina hauek, zoritxarrez, ezinbestekoak direla oraindik ere finantzaketa lortu ahal izateko bidean. Dioenez, Euskal Herriak pairatzen duen zatiketaren ondorioz, administrazio desberdinek lurralde bakoitzari ematen dioten diru laguntza eskasa eta desorekatua da.

«Erakundeen partetik euskararen aldeko urrats batzuk ematen badira ere, gaur egun oraindik Korrika helburu ekonomiko batekin egitera behartuta gaude, AEKren eguneroko jarduna bermatu ahal izateko. Beraz, aurrerapausoak eman direla ezin dugu ukatu, baina gure helburuak lortzeko bide luze eta malkartsua dugu aurretik; oraindik bada zer hobetu».

Bestalde, esan beharra dago, oraingo honetan, ekimenarekin bat egiteko asmoa duen orok 15 euroko diru laguntza emango duela, eta horren truke zenbait abantaila izango dituela AEKn euskara ikasi, hainbat zozketatan parte hartu edota eskaintza kultural zabalaz gozatu ahal izateko, besteak beste.

Eskuratutako dirua Korrikaren helburu garrantzitsuenetako bat den euskalduntze-alfabetatzerako bitartekoetara bideratuko dute, euskaltegien zein gau-eskolen lana sustatzen jarraitu ahal izateko. 23. Korrikak jasotzen duen dirua, beraz, Euskal Herri osoko gau-eskolei eta euskaltegiei laguntzeko erabiliko da.

GARAI BERRIETARA EGOKITUZ

Beste alde batetik, nabarmentzekoa da AEK eta Korrika osatzen duen kolektiboa aspaldi honetan hausnarketa prozesu sakon batean murgilduta dabilela ekitaldian zehar erabiltzen diren materialen jasangarritasunaren inguruan. Zentzu horretan, oraingo honetan hartu duten erabakietako bat izan da plastikozko txartela baztertzea eta txartel birtualaren aldeko apustua egitea.

Horretarako, Korrikaren mugikorreko aplikazioa indartu egin dute eta laguntzailea izanez gero, erabiltzaile bakoitzak kode bat eskuratuko du. Horren bidez, laguntzaile bakoitzak bere eremu pertsonala izan eta antolatu ahal izango du aplikazio digital horretan bertan.

Azkenik, Serranok AEKren eta Korrikaren izenean herritarrei deia luzatu nahi izan die euskararen festa erraldoi horretan parte hartzeko, bakoitzak ahal duen neurrian ekarpen ekonomikoa egiteko, eta nola ez, euskararen aldeko konpromisoa hartu eta herritarren artean euskaraz mintzatzeko.

Hamaika abantaila, hamaika aukera

Korrika laguntzaile orok trukean zenbait abantaila eskuratuko ditu. Esate baterako, astero-astero egiten diren zozketetan parte hartzeko aukera izango du, eta zortea izanez gero, asteburuko egonaldiak, Euskal Herriko bazter guztietako jatetxeetako otorduak, denetariko Euskal produktuez beteriko saskiak, erosketa baleak, hainbat ekitalditarako sarrerak, museoetarako sarrerak edota aisialdiko jardueretarako gonbitak irabaz ditzake.

Baina ez hori bakarrik, laguntza ematen duten euskaltzaleak ondorengo deskontuak ere izango ditu euskara ikasteko edota aisialdiaz eta kulturaz gozatzeko:

• AEK EUSKALTEGIETAN % 5eko beherapena 2024an egindako matrikuletan.

• AEK BARNETEGIETAKO aurrematrikuletan %25eko deskontua.

• AIZU! aldizkarian, 2024an egiten diren harpidetza berriek %30eko deskontua.

• KORRIKAko ONLINE DENDAn %5eko deskontua.

• KORRIKA KULTURALeko ekitaldietan deskontuak (zenbatekoa ekitaldiaren arabera izango da).

• ALBAOLA ITSAS FAKTORIA: 2x1 Albaola Itsas Kultur Faktoriara sarrera arruntan, betiere aurretiko erreserba egiten bada.

• ARBOLIZ LANDETXEA: %20ko deskontua 2024ko erreserbetan.

• AZKENA ROCK ETA BBK LIVE jaialdietan beherapena.

• BERRIA: Deskontua harpidetzan.

• BILBOATS: %30eko deskontua sarreretan.

• BizkaiKOAren menpeko museoetan salneurri murriztua: La Encartada Fabrika- museoa (Balmaseda), El Pobaleko Burdinola (Muskiz), Muñatones Gaztelua (Muskiz), Bizkaiko Arkeologi Museoa (Bilbo), Txakolinaren museoa (Bakio), Arrantzaleen museoa (Bermeo), Euskal Herria museoa (Gernika-Lumo), Santimamiñeko koba (Kortezubi) eta Omako basoa (Kortezubi).

• DONOSTIAKO AQUARIUMA: %10eko deskontua.

• EUSKAL ITSAS MUSEOA: 10%eko deskontua Museoko dendako produktuetan.

• IGARTUBEITI BASERRI MUSEOA: %50eko deskontua bisita gidatuetan.

• ZUMALAKARREGI MUSEOA: %50eko deskontua bisita gidatuetan.