Europak eta ziklotimiak bat egingo dute Bilbao Basket eta Joventuten arteko deman
FIBA Eurocupean aurrera ia ezustean egin dute bilbotarrek eta konfiantza horri atxikita ACB Ligako hamargarren garaipena nahi dute. Badalonakoek, berriz, Eurocupeko final-laurdenetan amaitu dute bere ibilbidea eta ACBko zortzi onenen artetik erortzeko arriskuari ihes egin nahi diote.
Jorge Valdano futbol jokalari eta entrenatzaile ohiak futbola «gogo-aldarte» bat dela dio. Beste horrenbeste esan liteke saskibaloiari buruz; are, eliteko kirolari dagokionez. Zentzu horretan, inor baldin bada gogo-aldarte horren menpe aurkia edo ifrentzua erakusten duenik, hori Carles Duran, Joventuteko entrenatzailea da. Bilbao Basketen aritu zen ere 2016/17 denboraldian eta 2017/18 denboraldiko aurreneko hilabeteetan, emaitza txarrak zirela-eta bota zuten arte. Ordutik aurrera, Bilbora etorri den bakoitzean gizalegea eta nolabaiteko herra nahasian azaldu ditu.
Adibidez, 2020/21 denboraldiko azken jardunaldian Bilbao Basketek Joventuti irabazita salbatu zuen maila, eta Duranen aurpegirik ilunena azaldu zen orduko hartan: «Pozten naiz Bilbao Basketeko zaleengatik, baina ez klubarengatik, zer-nola kaleratu ninduten ikusi eta gero», bota zuen, ozpinez beterik. Hurrengo denboraldietan, berriz, hitz horiengatik barkamena eskatzeaz gain, covid-19ak jota hil zen Jose Manuel Cortizas kazetari bilbotarra beti izan du gogoan, ziklotimia horren pean bihotz on bat badagoela erakutsita.
Ondorioz, zer-nolako Carles Duran; hau da, zer-nolako Joventut azalduko da igande eguerdian 12.30etatik aurrera Bilbao Arenan? Astean zehar Paris Basketball taldearen aurka 86-70 galdu dute katalanek eta Eurocupetik at geratu dira final-laurdenetan; garbi asko geratu ere, talde frantsesak nahieran kontrolpean eraman zuelako ostegunean jokatu zen kanporaketa. Ez hori bakarrik, pasa den asteburuan ACB Ligako partida ere galdu zuten Carles Duranen mutilek, azken unean Manresako Steinbergs jokalari letoniarrak 81-83koa saskiratu ostean.
Erasana nahitaezkoa izan behar dute Badalonakoek, eta horrek beren ACB Ligako sailkapenean utzi dezake arrastorik; 14-10 balantzearekin sailkapeneko zortzigarrenak dira katalanak, atzetik datozen Saski Baskonia eta Manresak baino garaipen bat gehiagorekin. Azken emaitzek eragin txarrik sortuko ote dute beraiengan?
Surne Bilbao Basket esne-gainetan dator Legia Varsoviaren aurka ezinezko zirudiena lortu eta gero: 19 puntuko aldeari buelta eman eta FIBA Eurocupeko final-erdietara sailkatzea, alegia. Horrez gain, ACB Ligan etxean jokatu dituen azken hiru norgehiagokak eraman ditu eta etxean erakusten ari den fidagarritasun hori da maila mantentzeko Jaume Ponsarnauren taldeak duen armarik eraginkorrena. Poztasun horrek eraginik izango al du igande eguerdiko emaitzan?
Distira eta kopetiluna
Egia da Bilbao Basketek Joventuten aurka belarrondoko latzak jaso dituela. Iaz, esaterako, 51-70 galdu zuen etxean, inola ere ezin asmaturik ibili ondoren. Aurten, are eta kolpe gogorragoa jasan zuen aurreneko itzulian: 81-78 nagusitu zen Joventut kantxa erditik azken orduan Andres Feliz antolatzaileak hirukoa sartuta, bilbotarrek azken minutuan zazpi puntuko abantaila alperrik galdu eta gero. Beraz, ziklotimiak ere baditu milaka aurpegi eta ikusi egin behar Bilbao Basketi aurpegi distiratsua ala kopetiluna egokitzen zaion.
Hasteko, Xavi Rabaseda taldera itzuliko da matraileko ebakuntza eta bi aste eskasera. Keith Hornsby bera ere jokatzeko izango da, belauneko mina zela-eta Legia Varsoviaren aurka taldetik kanpo geratu ostean. Ondorioz, neurketari pozik heltzeko aukera izango du Bilbao Basketek, Jaume Ponsarnau entrenatzaileak ‘Hirukoa’ lagunartearekin FIBA Eurocupeko arrakasta biziki ospatu eta gero. «Beraien artera igotzera gonbidatu ninduten eta han joan nintzen», onartu du asteon Tarregako entrenatzaileak.
Zentzu horretan, euforia eta depresioaz gain, lasaitasuna ere izan ditu hizpide Bilbao Basketeko entrenatzaileak. «Joventuti irabazteak sekulako lasaitasuna emango liguke etorkizunera begira. Baina kontuz, Joventut ez baita Legia, askoz talde hobea baino. Ondorioz, gauza asko oso ondo egin beharko ditugu irabaztekotan», ohartarazi du ere.