INFO

Lehendakari batek lekukoa eraman zuenekoa

Juan Jose Ibarretxek Gasteizko Legebiltzarraren parean eraman zuen lekukoa 2001eko Korrikan. Orduz geroztik izandako lehendakariek ez dute sekula lekukoa eraman. Hiru aukera izan ditu Iñigo Urkulluk, aurten du laugarrena eta momentuz, ez du ikurrinadun makila eraman.

Ibarretxe Korrikako lekuakoarekin, 2001ean Gasteizen. (Jon Hernaez | FOKU)

Gasteizetik Baionara abiatu zen Korrikaren 12.edizioa 2001ean. Martxoaren 29an abiatzen zen, baina bezperatik zurrumurruak zeuden Juan Jose Ibarretxe orduko Gasteizko Legebiltzarreko lehendakariak lekukoa eramango zuela; eta halaxe gertatu zen.

Iñigo Urkulluk hamabi urte daramatza lehendakaritzan, hiru Korrika, aurtengoa laugarren, eta inoiz ez dugu lekukoa hartzen ikusi. Lehenago 2009tik 2012ra kargua bete zuen Patxi Lopezek ere ez zuen parte hartu.

Bizkartzainek egin zuten bidea Ibarretxeren ondoan, alde eta kontrako erreakzioak tarteko

Lakuak erositako kilometroan hartu zuen lekukoa Ibarretxek, Gasteizen bertan, lehen egunean. Garaiko GARAko kronikak une hori ederki jasotzen du Haritz Rodriguez kazetariaren eskutik. Ibarretxe prest zegoen Korrikako peto eta guzti lekukoari eusteko, Fermin Muguruzaren abestia bozgorailuetatik entzuten zen bitartean hartu zuen lekukoa eta orduantxe zabaldu omen ziren pankartak: ‘PNV espainolak’. Aurrerantza korrika zihoala, dozena erdi bat arrautza ere bota omen zizkioten.

Argazkilari guztiak inguratu ziren momentu historikoa izozteko asmoz, eta Erramun Osa AEKko kideaz zein «peto klasikoez jantzitako bizkarzainek lagundu zioten» kontatu zuen Rodriguezek kronikan.

Nafarroan ez, Etchegarayk bai

Nafarroan ere ikusteko dago oraindik bertako lehendakari batek lekukoa eskutan hartzea, ez baita orain arte gertatu.

Aurreko edizioan Nafarroako Legebiltzarreko presidente den Unai Hualdek eraman zuen Iruñean, talde politiko ezberdinetako hautetsiek lagunduta. UPNk gogor jo zuen erabaki horren aurka, Korrikak «euskararen erabilpen politikoa» dakarrela argudiatuta; bere proposamena ez zen aurrera atera.

Etchegaray pozaren pozez eraman zuen lekukoa 2022an Baionan; edizio honen albiste nagusienetakoa bilakatu zen

 

Ipar Euskal Herriari dagokionez, Euskal Elkargoaren presidente den Jean-René Etchegarayk gogotsu ekin zion lasterketari, lekukoa eskutan, 2022an. Edizio honen albiste nagusienetakoa izan zen hura.

Jean-René Etchegaray, Euskal Elkargoko lehendakaria, lekukoa eramaten Baionan 2022an. (Guilaume Fauveau)


Bigarren edizioan, alderdien boikota


Urteen joanean Korrikak gizartean lortutako bultzadaren ondorioz hainbat alderdietako ordezkariak ikusi ditzakegu Korrikarekin bat eginez. Baina bigarren edizioan zenbait alderdien boikota jasan zutela salatu zuen Urtsa Erraztik.

Lehendabiziko Korrikan, mezua galdu zenez, momentuan inprobisatu zuten, eta «bertan egon nahi zutenak baina ezin zutenak gogoratu» zituzten, kartzelan zegoen jendeari keinu eginez. Erraztik azaldu zuen bigarren Korrikan jasandako ondorioak: «Bigarren Korrikan boikot antzeko bat izateko asko manipulatu zuten lehenengo edizioko mezua. Zenbait alderdi eta erakunden boikoteatu egin zuten, EAJk eta PSEk, baita Lakuak eta EiTBk ere».