Uruguaitik ere «Euskal Selekzioaren ofizialtasuna» aldarrikatu dute
Euskal Selekzioak eta Uruguairen arteko lagunartekoa jokatuko da larunbat honetan, San Mamesen (20.00etan). Aski ezaguna da herrialde uruguaitarraren eta Euskal Herriaren arteko harreman estua. Hala, bertako Euskal Etxeko lagunek mezu bat zabaldu dute.
Euskal Herria eta Uruguairen artean badago halako antzekotasun bat. Askotan, Uruguaiko selekzioaren adibidea jartzen da Euskal Selekzioaren maila, nazioartean, non egon zitekeen konparatzeko. Biak ala biak herrialde txikiak dira eta biztanle aldetik ere, 3 milioi biztanle pasa dituzte. Horrez gain, bi herrialdeen artean beti egon da harreman oso estua, izan antzekotasunengati, izan euskal migrazioaren helmuga ere izan zelako –horren adibide euskal jatorriko zenbait abizen– edota, politikoki ere elkartasun handia egon delako.
Hala, Uruguaiko Euskal Etxetik, Euskal Selekzioa eta Uruguairen arteko partidarekiko atxikimendua erakutsi nahi izan dute, sare sozialetan argitaratutako bideo batekin. Bertan, Korrikako petoak soinean dituztela, Uruguai, Euskal Herria eta Nafarroako ikurrekin agertzen dira hamarnaka pertsona, mezu argi bat helaraziz: «Guk ere Euskal Selekzioaren ofizialtasuna eskatu nahi dugu, Euskal Selekzioa euskal herritik mundura ikusi nahi dugulako».
Euskal Selekzioa ✳️ - 🇺🇾 Uruguay
— gu ere bai! (@guerebai) March 20, 2024
Uruguaiko euskal etxeetako kideak #EuskalSelekzioa animatu eta #ofizialtasuna aldarrikatzen.
Euskal Herritik mundura!
✳️🔴⚽️💚🌈🌎 pic.twitter.com/iPnSpV43Wt
Era berean, jendea partida hau ikustera animatu nahi izan dute, «telebistaz edo zuzenea; hemen [Uruguai] edo Euskal Herrian». Beraz, jendeak badauka larunbaterako plan paregabea. Euskal Herrian 20.00etan hasiko da partida, Uruguairen arratsaldeko 16.00ak direnean.