INFO

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément vidéo.

1.800 kilometro baino gehiago bizkarrean, Bilbo zeharkatu du Korrikak

Busturialdea, Uribe Kosta, Txorierri eta Bilbo Handian zehar ibili ostean, Bilbon sartu da Korrika ostegun honetako bazkalostean. Eguraldia lagun, iluntzera arte jende mordoa mugitu da Bizkaiko hiriburuko kaleetatik euskararen alde. Ostiralean Arabara itzuliko da, Aiaraldera.

Giro paregabean ibili da 23. Korrika Bilbotik. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Bermeon, Mungian, Gorlizen, Plentzian, Getxon, Leioan, Derion, Galdakaon, Basaurin eta Arrigorriagan ibili da goizean Korrika. Ordu erdi inguruko atzerapenarekin, arratsaldeko 16.00ak aldera Korrika Bilbon sartu da, Buiatik Abusu auzora. Lekukoa esku batetik bestera, inguruan laneko arropekin korrika atera direnak ere izan dira, tartean Osakidetzako langileak.

Txurdinagan sartuta, Kale Dor Kayko Euskal Herriko ijituen elkartearena izan da lekukoa. Otxarkoagako kaleetan, berriz, Otxarkoagako Familia Elkarteari pasa diote lekukoa eta, esku batean Korrikaren ikur den lekukoaren ikurrina zeramatela, bestean Palestinako bandera astindu dute.

Begoñazpi Ikastolaren txanda iritsi denean, jendetza batu da 1.830 bizkarrean zeramatzan euskararen aldeko lasterketarekin. Santutxuko aldapetatik gora egin du ondoren Korrikak eta Luis Briñas Ikastetxeko gaztetxoek burua hartu dute. Jarraian, Gaztedi Dantzari Taldeak, Berri-Otxoa Ikastetxeak eta Karmela liburutegi autogestionatuak hartu dute lekukoa, besteak beste.

Zazpikaleetan barrena, oraindik ere eguzkia lagun eta jai giroan, jende mordoak bere bidea egin du kale estuetan zehar arratsaldean paseatzen ari zirenen artean. Gainera, une horretan, 17.30ak pasata, korrikalarien multzoaren amaiera urruti zegoen, Mesedeetako Zubia gurutzatzera bidean.

Bilbo Zaharra alde batera utzita, Miribillan gora Bilbao Basketek eraman du lekukoa eta, kaskoa buruan, Bilboko suhiltzaileei pasa diete txanda. Iralan Bizkaiko Industria Ingeniarien Elkargo Ofizialak, Behotsik Orkestrak eta Euskal Herria Baterak eraman dute lekukoa.

Egunero bezala, ikastetxeak izan dira nagusi Korrikaren lekukoa eramateko ardura hartzerako orduan. Lekukoarekin batera, ‘Azterketak euskaraz’ leloa Euskal Herria zeharkatzen ari da eta Bilbora ere iritsi da. Horrekin batera, euskarazko ikus-entzunezko edukien aldeko aldarria, «pantailak euskaraz», ere azaleratu dute.

Euskaltzaleen bilgune anitza

Ametzolatik Errekaldera, Errekaldetik Abandora, handik Uribarrira... jatorri eta klase anitzetako adinekoek, gazteek eta haurrek osatutako jendetza ez da oharkabean pasa bilbotarrentzat, euskararen aldeko lasterketarekin bat egin ez dutenentzat, bederen.

Instituzioetako ordezkariak ere han izan dira. Autonomia kaletik igaro den Migrazio eta Asilo Zuzendaritzaren txandan Nerea Melgosa Lakuako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak eraman du lekukoa. Bizkaiko Batzar Nagusien izenean Iker Casanovak eraman du, Hurtado de Amezaga kalean behera, Udaletxera bidean. PSEko Eneko Anduezak ere hartu du testigua.

Itsasadarraren beste aldean, Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiaren eta Juan Mari Aburto Bilboko alkatearen eskuetatik pasa da lekukoa, baita Salbatzaile Dantza Taldeko ordezkarien eskuetatik ere.

Artxandako tuneletatik Kaskagorri Konpartsako gazteek aurtengo korrikaren irudi ikusgarria utzi dute eta Deustun ikusi du argia berriz Korrikak. Handik San Inaziora, erraldoiak eta guzti, eta buelta. Bidean, korrikalari berriak bat egiten joan dira etengabean, beraz, jendez lepo gurutzatu du Deustuko Zubia Bilboko zabalgunera itzultzeko, aurretik ukitu baino ez duen Plaza Biribilera.

Abandotik, lekukoa Bilboko merkatariek, Bizkaiko Abokatuen Bazkunak eta EAJren kilometroan Imanol Pradales lehendakarigai jeltzaleak eraman dute. Jarraian, euskal gehiengo sindikalaren ordezkariak, Merkataritza Ganberak eta EH Bilduk, besteak beste, garraiatu dute ezkutuan dagoen mezua.

Kirruli elkartearen ostean, San Mamesen eta jendetza gidatuz, Jose Angel Iribar Athletic Clubeko futbol jokalari eta entrenatzaile ohiak hartu du lekukoa tarte labur batez. Athleticeko jokalariei eman die 81 urteko zarauztarrak.

Basturtuko Ospitaleko inguruetatik Zorrotza auzora abiatu da Korrika, Barakaldora bidean. Zenbait parte-hartzaile hirian geratu diren arren, lasterketak darrai. Gauean zehar Ezkerraldetik ibiliko da eta, Araban bueltan, Aiaraldean argituko du eguna, Enkarterritik igaro ondoren. Tipi-tapa, Baionara iritsiko da igandean.