INFO

Gipuzkoako Correosen lan egoera salatu dute, eta protestak deitu dituzte Bizkaian ere

Langile falta dela eta, posta-bidalketa asko denbora faltagatik banatu ezinik geratzen da, herritarrei zerbitzu negargarria eskainiz, gaitzetsi dute Gipuzkoako Correoseko langileek elkarretaratzeetan. Bizkaitarrek ere lanuzteak antolatu dituzte hurrengo bi asteetarako.

Errenteriako Correoseko langileen protesta. (LAB SINDIKATUA)

Gipuzkoako Correoseko langileek elkarretaratzeak egin dituzte euren egoera salatzeko. Adierazi dutenez, langile falta dela eta, posta-bidalketa asko denbora faltagatik banatu ezinik geratzen da, herritarrei zerbitzu negargarria eskainiz. Urteak dira enpresaren zuzendaritza kostuen aurrezte politika gogorra egiten ari dela, eta horren ondorioz, Correosek ez du bermatzen Posta Zerbitzu Unibertsala betetzea, hau da, gutunak asteko bost lanegunetan banatzea.

LAB sindikatuak igorritako oharrean esplikatu duenez, plantilla osatu gabe lan egiteak lan gainkarga sortzen du, eta hori langileen osasunean eragina izaten ari da. Hori gutxi balitz, lan antolaketa berri bat ezarri da, eta horrek, kasu askotan, banaketa amaitu aurretik postariek banaketa zentroetara itzuli behar izatea dakar, ondoren bigarrenez banaketa egitera irteteko; hala, banaketa denbora efektiboa murriztu egiten da.

«Egoera hau are kezkagarriagoa da Eusko Legebiltzarrerako eta Europako Parlamenturako hauteskundeak ate joka ditugunean. Bezeroen arretarako bulegoetan egoera ez da hobea. Jardunaldi gehienak lau ordukoak dira, eta horrek ordu osagarrien gehiegikeria eragiten du, geroz eta gehiago lehenetsiz funtzio
komertziala herritarrei eskaini beharreko zerbitzu ona baino».

Usurbilen dagoen paketeak prozesatzeko zentroan ere baldintza kaskarrak jasaten ari direla jakinarazi du LABek: lan-segurtasun falta, kontratazio eza eta lau eta bost orduko kontratu partzialak.

Horregatik guztiagatik, Correoseko langileek elkarretaratzeak egin dituzte ostegun honetan Gipuzkoako hainbat zentrotan: Donostiako UR1, UR3, UR5 eta USE Banaketa Unitateetan, Zumarraga, Azpeitia, Azkoitia, Ordizia, Beasain, Irun, Errenteria, Zarautz, Elgoibar, Bergara, Villabona, Orio eta Usurbilen.

Kontratazio gehiago, zerbitzu publiko hobea eta lan baldintza duinak eskatu dituzte, eta Posta Zerbitzu Unibertsala bete dadin.ç

Bizkaiko lanuzteak

Bizkaiko Correosen, sei lanuzte partzial deitu dituzte hurrengo bi asteetarako, «lan baldintza duinen» alde. Langileek banaketa unitateen egoera «kezkagarria» kritikatu dute: «Milaka jakinarazpen pilatzen dira».

Enpresa batzordeak eta Langileen batzordeak lanuzteak antolatu dituzte honako egunetarako: martxoak 25, 26 eta 27, eta apirilak 2, 3 eta 4. ELA, LAB, CCOO, ESK, CSIF eta UGT sindikatuek sinatutako agirian diote Bizkaiko banaketa talde gehienak ezarritako langile kopuruaren erdia baino gutxiagorekin dabiltzala. Ondorioz, irtenbiderik ematen ez zaien milaka jakinarazpen daude lan zentroetan.

«Pstaria ez da egunero etxeetatik pasatzen eta, beraz, gutunik jaso gabe gelditzen dira herritarrak».

Egunez egun egoera okertzen ari da, gainera, lan zama dela eta. «Ez da egin beharreko lana zehazten, egunero ibilbide berri eta amaiezinak egin behar dituzteeta ezin diote jendeari zerbitzu ona eman».

Langileak gero eta etsituago daude, denbora faltagatik paketeak entregatu ezinean eta objektu batzuei beste batzuen aurrean lehentasuna eman beharrean, bidalketaren garrantzia ez baizik eta errentagarritasun ekonomikoa aintzat hartuz.

Langileak estresatuta dabiltza eta baja gehiago hartzen ari dira aldi baterako ezintasunagatik.

Gipuzkoan bezala, Bizkaian ere herritarren arretarako bulegoetan egoera txarra bizi dute. Lanaldi partzialak ugaritu dira eta horrek ordu osagarrien abusua ekarri du lan aunitz dagoen uneetan.

«Behin eta berriz» eskatu diete bilera Correoseko zuzendaritzari, baina momentuz ez dute erantzunik jaso. Horregatik erabaki dute lanuzteak egitea, banaketan 12.30 eta 14.30 bitartean eta 14.30 eta 16.30 bitartean. Herritarren arretan, 13.00ak eta 15.00ak bitartean eta 16.30 eta 18.30 bitartean. Tratamendu zentroetan, berriz, 7.00etatik eta 9.00etara eta 19.00etatik eta 21.00etara.