INFO

Euskara ikasteko edota Korrikarako, ez dago adin mugarik

Lanegunen amaierak bizitasuna eman dio Korrikari. Enkarterrin hasita Durangalderaino, euskaltzaleen harrotasunak arrastoa utzi du. Landa eta industria guneak zeharkatu ditu lasterketak, eta euskararen aldeko aldarriek batu dituzte. Donostiara iritsiko da larunbatean, Gipuzkoatik ibili ostean.

Pakita, irribarretsu, Igorren lekukoa hartu duen unean. (NAIZ)

Enkarterri, Aiaraldea, Arratia eta Durangaldean zehar egin du bidea Korrikak. Ostirala da, eta nabari da, jendez leporaino izan baitira eskualdeetako herri nagusiak. Hala ere, goizeko lehen orduetan giro lasaia izan da nagusi. Lainotutako paraje ederretan murgildu dira lasterkariak. Belandiako maldetan gora, Tologorriren zaintzapean, erritmoa galdu gabe ibili dira Aiaraldeko euskaltzaleak. Giro magikoa sortu da eta gutxika-gutxika, altxatu da lainoa.

Urduñara iristean 180 graduko bira eman du giroak. Antzinako Andra Maria Ikastetxeko ikasle olatu batek hartu du Korrika. Eta hortik aurrera, marea bilakatu da. Amurrion eta Laudion, Dolumin Barikuko ganadu azoka tarteko, jende andana bildu da eta aldarririk ez da falta izan. Horiz tindatutako oihalak ikusi dira «Mendietan ez» leloa idatzita. Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformarenak dira, eskualdean parke eolikorik nahi ez dutela argi utzi dute Aiaraldea osoan zehar. Galder Barbado amurrioarra gaztetxean nahi dute gazteek, eta euskara «dena aldatzeko» tresna dutela aldarrikatu dute.

Palestina eta Sahararekin elkartasun keinu asko izan dira. «Mila esker zure kultura eta ohiturak mantendu eta euskararen alde egiteagatik» esan diote furgonetatik, Amurrioko futbol taldeko elastikoa soinean, Amurriotik Ugaoraino iristeko asmoa zuen eta ramadana egiten ari zen gazte bati. Aretatik Arakaldora, Arabatik Bizkairako jauzia egin du Korrikak. Palestina eta Saharako ikurrak ez dira desagertu.

Inoiz ez da berandu

Igorrera arratsaldean, 16:40 inguru, iritsi da Korrika. Asteburu giroan terrazetan zein bankuetan eguzkipean zegoen jendea zain. Gazte kuadrilla bat parrilak kalera atera eta indarrak hartzen ari zen lasterketa iritsi aurretik. Dimara sartu-irtena egin eta Igorrera itzuli denean, Igorreko AEK-k hartu du lekukoa. Zehazki, Pakitak, 88 urteko euskaltegiko ikasleak hartu du. Txaloen artean, furgonetako megafoniatik klasera inoiz huts egin ez izanagatik zoriondu dute. «Maite zaitugu Pakita; gora zu, gure super ikaslea!». Irakasleei atsedenik ez omen die ematen, baina argi dago estima handia diotela.

Zornotzan belaunaldi guztietako herritarrek egin dute bat Korrikarekin. Erdigunean, San Migel kaletik sartu eta biribilgunean eskuinera bira egin du Gudarien kaletik berriz San Migelera sartzeko. Korrikaren burua eta buztana non ziren ez zegoen batere argi lasterka ari zen jendearen artean. Biribilgunera berriz itzuli eta, batukadaren erritmoak lagunduta, zuzen egin du Iurretarantz. Elorrion egin du hurrengo geldialdia Durangora iritsi aurretik, eta Urkiolatik gora, Otxandiora helduko da gauerdian. Gerediaga elkarteak eman die lekukoa Lekeitioko deabruei.

Arabara sartu-irtena, Gipuzkoa bidean jartzeko

Otxandiotik Legutiora eta Legutiotik Gatzagara, goizeko ordu txikitan iritsiko da Korrika Gipuzkoara. Debagoienatik igaro ostean Goierrin argituko du egunak. Tolosaldea eta Buruntzaldea artean ibiliko dira korrikalariak, arratsaldeko 19:20ean Donostiara sartu arte.