INFO

Iñaki Urrutiaren sendotasunak hainbeste bilatutako txapela eskuratu du Mungian

Gora-behera handiak izan dituen Dan Necolek lagunduta, lau setetan gainditu dituzte ligaxkan onenak izan ziren Maldonado eta Ibai Perez (8-10, 10-7, 9-10, 8-10).

Buruz Buruko finalaren arantza atera du Iñaki Urrutiak. (Oskar_MATXIN_EDESA/FOKU)

Txapelketa berezia da Mungiakoa, pilotalekuan izaten den giro apartagatik eta pilotalekuagatik beragatik ere, frontoi luzea, erremintakoa, delako bertako Udal Pilotalekua eta urtean zehar halako kantxa batean jokatzen den txapelketa delako. Atzelarien lanak pisu berezia hartzen du bertan eta azken hilabeteetako atzelaririk sendoenak, Iñaki Urrutiak, bertan lortu du hainbeste bilatutako txapela, gora-behera handiak izan dituen Dan Necolek lagunduta, ligaxkan onenak izan ziren Maldonado-Ibai Perezi lau setetan gailenduta (8-10, 10-7, 9-10, 8-10). Txapelketa irregular xamarra osatu badu ere, armintzarrak final handia jokatu du, oso erregular aritu da, tarteka bere aurrelariari eusten eta partidan sartzen eta beste batzuetan partidaren erritmoa ezarriz. Maldonado ere ez da erabat eroso aritu eta atzelarien final batean, Ibai Perezek defentsako lan handia egin du, baina ez da nahikoa izan parean izan duen pilotariaren sendotasunaren aurrean.

Hasieran laurek ere huts batzuk egin dituzten arren, lehen jokoa oso orekatua joan da, bikote bakoitzak gehienez hiru tantotako takada bat lortuta, baina azken txanpan frantziarra eta armintzarra egokiago aritu dira eta Maldonadori zabalera ihes egindako pilota batekin lehen puntua eskuratu dute (10-8).

Bigarren setaren hasiera oso desberdina izan da, nahiz eta aurrenekoa bezala, Ibai Perezek sakez egindako tanto batekin ekin dioten. Bigarren partzial honi gorriek askoz hobeto eutsi diote eta 5-0 aurreratu dira, hein handi batean Dan Necol pixka bat partidatik irten bezala egin delako. Ibai Perezek ez dio apenas pilotarik utzi eskuinean frantziarrari eta, gainera, lehen bi setetan lau aldiz ere ihes egin dio palak eskutik. Iñaki Urrutiaren lan ederrari esker, urdinak 9-7 ere gerturatu dira markagailuan, baina Maldonado-Ibai Perezek ez diote ihes egiten utzi (10-7).

Gorrien erreakzioa

Gauzak berriro orekatu dira hirugarren jokoan, neurri batean Necol partidan sartzea lortu duelako lan eskerga egin duen Urrutiak. Frantziarrak asko egin eta asko galdu du eta bigarren puntua oso eskura izan dute 9-7koan, baina azken tantora itxaron behar izan dute Iñaki Urrutiak moztutako pilota eder batekin (10-9). Behin berotuta, lau pilotariek egin dute gora eta hirugarren hau askoz hobea izan da, baina denen artean Armintzako atzelaria nabarmendu behar.

Laugarren jokoaren hasiera ikusita, bosgarren setak saihestezina zirudien Necol eta Ibai Perez 6-0 aurreratu direnean, baina frantziarrak eta, batez ere, atzelari bizkaitarrak, partidari eusten jakin izan diote, lehenengo lehia seina berdindu eta, beste amaiera estu batean, aurkariak baino eraginkorragoak izan dira jokoa, eta finala, merezimendu osoz irabazteko (8-10).

Sari banaketan, Iñaki Urrutiak eraman du pilotaririk onenaren saria eta Oier Alkorta azpeitiarrak jaso du kirolaren baloreak hobekien islatzen dituenaren Danak Bat saria.