INFO

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément vidéo.

Euskararen ekosistema elikatzeko beharra aldarrikatu du Garazi Arrula Korrikako mezugileak

Garazi Arrula Ruiz idazle, itzultzaile eta Txalaparta argitaletxeko editorea da 23. Korrikako mezuaren egilea. Euskararen ekosistema hitzekin marraztu eta «zozook non kukutu» izan dezagun hura zaindu eta elikatzeko beharra aldarrikatu du. «Nor izatearen aitortza, horixe dugu euskara», laburbildu du.

Garazi Arrula, pozik eta hunkituta, azken metroak ibili ondoren. (Idoia Zabaleta | Foku)

Garazi Arrula Ruiz idazle eta itzultzaile nafarra, eta egun Txalaparta argitaletxeko editorea, izan da 23. Korrikako mezua idatzi duena.

Kasik 2.800 lekuko aldaketa egin eta gero, jendez mukuru dagoen Baionara iritsi da Korrika igande eguerdian eta Arrula bera izan da Remigio Mendiburuk diseinatutako lekukotik mezua atera eta irakurtzearen arduraduna. Halaxe dio hamaika gau eta hamar egunez Euskal Herria eskurik esku zeharkatu duen mezuak:

«Korrika da herri bat gose
iraun baino, haginka.
Herri anbiziotsu bat
ez baita husten agiritan.

‘Mintzairaren seta guk dugu, erromantiko porrokatuok, pikuan bizi garenok, zozook’. Halaxe zioen, ironiaz, zozo egoskor batek.

Hegazti harrapari guztiek ehizatzen dute zozoa, gautarrek nahiz egunerokoek. Ez omen du primaderan kantatzen, eta gure lurretan urriago dira pinu eta eukalipto birlandaketetan, tokiko baso autoktonoetan baino.
Arrainak ura, eta euskarak ekosistema osoa.
Hizkuntzaren dimentsio guztiak izan ditzan hiztunak, gizartearen arlo oro busti beharko du hizkuntza-politikak: basoak, soroak, plazak, lantegiak, pantailak, iruditeria.
Egunerokoa hartu beharko du biziko bada, Beskoitzen, Eguesibarren zein Bizkarsoro orotan.

Baina hemen gara, zozoen elean.

Ez altxor, ez oroitarri, ez toponimia. Euskarak hegemonioa hartzeaz ari gara.
Ez agur bat, ez txapa bat paparrean, ez lur zatitu bat
Ez da fenomeno meteorologiko bat, ez gastronomia huts, ez borondate libreko kontsumogai.
Ez da brilli-brillizko bilgarria, ez trukerako txanpona.
Ez da beste, ez besteena.
Eta batez ere, batez ere, ez da diskriminazio iturri, ez inposizio.
Bedi gutxiago konpetentzia, eta gehiago konpromiso, norabide, zeharlerro, harrobi-de.
‘Gutarik bakoitzak anitz hizkuntza ukan ditzake; euskarak gu baizik ez gaitu’. Halaxe zioen beste zozoren batek.
Nor izatearen aitortza, horixe dugu euskara: ez gehiago, ez bestelako, ez gutxiago.
Oxala, hizkuntza bat balitz, eta fini.

Bestela esanda, ez dugu hazkunde lasterreko espezieen industria laborerik nahi, tokian tokiko basoak nahi ditugu, hangok eta hemengok babes hartzeko eta bere egiteko, non zozoak izanen duen non kukutu, ibaiak nora isuri, onddoak zeri heldu, eguzkiak zer urtu.

Kontingentzia planik ez: egiazko transmisioa nahi dugu.

Eta izanen bada, kolektiboa, antolatua eta lotsagabea izan beharko du.
Elkar zainduz, bidea bizigarri eginez. Afektuaz ere ari baikara, afektatzeaz. Konplexurik gabe. Erabakitasunez bezala ahizpatasun haizez.
Tinko eta fermuki, ados, baina amultsu, narras, hauskor ere bai.

Gorputzetik pasako baita, halabeharrez. Desira bada transmisiorako bide behinena, ez dugu ahazteko hizkuntzaren auzia politikoa dela. Eta urgentziazkoa. Desira historia batean hasten da. Gurea egunero idazten, kontatzen, egiten gabiltza, gero bat gaurdanik sortzen, euskarari bere lekua munduan eta geroan finkatzen.. Mundu oso bat kabitzen baita euskaran. Noranahiko, euskaraz gara.

Udaberrian ere kantatuko dugu zozook. Bizi gareino kantatuko dugu; bizi deino, herri honek euskara dantzatuko du.
Esna dadila piztia, zeren kea usaindu duelako izanen da, eta guk badakigu sua egiten.

Biba Korrika, harro herria!».