INFO

Israelen bonbek 40 hildako utzi dituzte Alepon eta Siriak «eraso terrorista» salatu du

Siriako Atzerri Ministerioak «eraso terroristatzat» jo ditu ostiral honetan Israelek Alepo herriaren aurka egindako bonbardaketak. Datu ofizialik ez dagoen arren, soldaduen eta Hizbula talde xiita libanoarreko kideen artean 40 hildako baino gehiago daudela zabaldu da.

Israelgo Armadak Alepo inguruan eginiko eraso bat, artxiboko irudian. (Xin Huashefa | CONTACTO | EUROPA PRESS)

«Siriako Errepublika Arabiarrak gaitzetsi egiten du Israelgo okupazio erakundeak gaur egunsentian Alepoko hainbat punturen aurka egindako eraso terrorista, hainbat zibil eta soldadu hil eta zauritu dituena, galera materialak eragiteaz gain», esan du Atzerri Ministerio siriarrak ohar batean.

Bashar Al-Assaden Gobernuak hildakoen inguruko xehetasunik eman ez duen arren, egoitza Londresen duen Giza Eskubideen Siriako Behatokiak adierazi du gutxienez 42 direla Israelen bonbardaketen ondorioz zendutakoak: 36 soldadu siriar eta Hizbulako sei kide. Iturri honek gaineratu du erasoek talde xiitak Alepo inguruan ustez dituen arma-biltegiak izango lituzketela jomugan.

Gobernuz kanpoko erakunde honek nabarmendu du, era berean, Israelen ekintza hau dela azken hiru urteotan Sirian hildako gehien eragin dituena.

Siriako Atzerri Ministerioak gogorarazi duenez, Alepoko bonbardaketak «ostegunean Israelgo okupazio indarrek Damaskoko landa-eremuko bizitegi-eraikin baten aurka egindako beste eraso baten ondoren gertatu ziren, bi zibil hil eta kalte materialak eragin zituztela».

Ildo horretan, oharraren arabera, Israelen eraso horiek «agerian uzten dute Estatu juduaren izaera oldarkorra eta barbaroa», eta «berretsi egiten dute eskualdeko ezegonkortasunaren arrazoi nagusia dela», «faxismo sionistak Palestinako herriaren aurka egindako eguneroko genozidio krimenen ondorioz».

Horregatik, nazioarteari dei egin dio «Israelek nazioarteko zuzenbidearen printzipioen urraketa larri eta errepikatuen aurrean» erantzukizuna hartzera, eta eskatu du Israel «behartzeko» Gazako Zerrendan, Sirian eta Libanon egiten dituen erasoak gelditzera.

«Terrorismoak etengabeko mehatxu arriskutsua planteatzen du eskualdeko eta munduko herrialde eta herrientzat, eta amaitu egin behar da», adierazi du Siriako Gobernuak.

Lehenago ere maiz gertatzen ziren arren, Israelek areagotu egin ditu Siriaren aurkako erasoaldiak joan den urriaren 7an Gazaren aurkako ofentsiba hasi zenetik.

Hizbularen aurka egiten jarraituko duela hitz eman du Israelek

Israelgo Defentsa ministro Yoav Gallantek ohartarazi du Hizbularen aurkako kanpaina militarrarekin jarraituko dutela.

«Israel bere burua defendatzetik Hizbula jazartzera pasatzen ari da. Erakunde horrek lan egiten duen toki guztietara iritsiko gara, Beiruten, Damaskon eta urrutiagoko lekuetan», ohartarazi du Gallantek.

Hizbularen erantzuna

Alepoko erasoari erantzunez, talde xiita libanoarrak Israelgo iparraldean base militar baten aurka ‘Burkan’ kalibre handiko hainbat misil jaurtitzea aldarrikatu du ostiral honetan, Sirian egindako bonbardaketei erantzuteko.

Ohar baten bidez esan duenez, Hizbulako kideek eguerdi aldera «91 brigadako talde nagusiaren egoitzari» eraso egin diote Burkan misilekin.

Ekintza hori «etsai israeldarrak Damaskon eta Alepon egindako erasoei emandako erantzunaren zati gisa» egin dutela azaldu dute.